Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Adimen artifizialak gizartean duen inpaktua aztertzeko
CSICeko Adimen Artifizialaren Ikerketa Institutuko zuzendaria gonbidatu du Mondragon Unibertsitateak
Mahai-ingurua asteazkenean, urriaren 17an, izango da, 16:30ean, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko campusean (6. eraikineko Areto Nagusian).

Testua: Mondragon Unibertsitatea. 2018ko urriak 8, astelehena.

 

Lan-inguruneetan nonahi hedatuta daude, dagoeneko, adimen artifiziala eta automatizazioa. Hainbat zalantza eragin ditu horrek, nola edo hala, industrian ez ezik gizarte osoan ere izango baitu lanaren automatizazioak eragina. Garbi daukagu industriari nolako abantailak dakarzkion, efizientziaren, kostuaren eta kalitatearen ikuspegietatik. Baina, ordainik eskatuko al du?, zein?, ordaindu ahal izango dugu?, nola?.

 

Adimen artifizialaren errealitatea, mitoak eta etorkizuna era argi eta errazean ezagutzeko asmoz, datorren asteazkenerako, hilak 17, gai horri buruzko hitzaldia eta solasaldia antolatu ditu Mondragon Unibertsitateak, La Realidad de la Inteligencia Artificial; su impacto en la industria y en la sociedad (Adimen artifizialaren errealitatea; haren inpaktua industrian eta gizartean) izenburuarekin.  Horretarako, Zientzia Ikerketen Goi Zentroko (CSICeko) Adimen Artifizialaren Ikerketa Institutuko zuzendari Ramón López de Mántaras gonbidatu du. Galdera horiei eta beste batzuei debatean erantzuten saiatuko da. Izan ere, arlo horretako figura garrantzitsua izateaz gain, Goi Eskola Politeknikoarekiko harreman estua ere badu, bertako ikaslea izan zen eta.

Ekitaldia Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko campuseko 6. eraikineko (Errektoregoko) Areto Nagusian izango da, 16:30ean, eta adimen artifiziala hobeto ezagutu nahi duten pertsona guztiak sartu ahal izango dira, aretoaren edukiera bete arte. Interesdunek https://goo.gl/forms/i9TIhXG7kdURtQ3X2 helbidean eman behar dute izena.

 

López de Mántarasen hitzaldiaren ondoren solasaldi bat egingo da, arlo bereko beste bi adituren partaidetzarekin; hauek dira: Carlos Uranga, Erle Robotcs Stratupko sortzailea, eta Eduardo Beltrán de Nanclares, MONDRAGON Korporazioko Berrikuntzako Zuzendaria. Moderatzailea, berriz, EITBko kazetari Eva Caballero, La mecánica del Caracol zientzia-dibulgazioko saioaren arduraduna, izango da. Ekitaldira hurbiltzen direnek ere hartu ahal izango dute parte solasaldian, iritziak eta kezkak jakinaraziz.

 

Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren 75. urteurrena ospatzeko antolatu diren jardunaldietako bat da ekitaldia. Gogora dezagun Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa izan zela Mondragon Unibertsitatearen eta Mondragon Taldearen beraren ernamuina.  Ekitaldi horren bidez, gainera, Goi Eskola Politeknikoak jendartera zabaldu nahi du adimen artifizialari buruzko ikerketaren gaur egungo egoera eta euskal industrian nahiz gizartean izan dezakeen irismena, kontuan hartuta, gainera, Eskolak ikerketa-jardun trinkoa egiten duela alor horretan.

 

Mondragon Goi Eskola Politeknikoari buruzko datu batzuk

 

Gaur egun, etorkizuneko 2.000 ingeniarik eta teknologok baino gehiagok ikasten dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoan. Horretaz gain, baina, enpresetako 3.000 profesional baino gehiago ere trebatzen ditu Eskolak urtero. 1943an sortu zenez geroztik, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak 36.000 ingeniari eta teknologo baino gehiago trebatu ditu, eta, horrenbestez, inpaktu handia izan du Gipuzkoako gizartean eta enpresetan ez ezik, baita Euskal Herri osoan ere. Zehazki, MGEPek 10.700 tituludun trebatu ditu unibertsitate-ikasketa ofizialetan, 191 doktore, 23.560 tituludun lanbide-heziketan eta 1.800 profesional titulu propioetan, bai masterretan, bai aditu-ikastaroetan eta antzekoetan. Goi Eskola Politeknikoko tituludunek % 94,2ko laneratze-tasa dute, eta horietako % 97k bere ikasketen esparruan bertan egiten du lan.

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE