Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasateko abesbatzak 30 urte betetzen ditu aurten

Kataluniako Coral La Vall eta Goikobaluk kontzertua emango dute zapatuan

Sant Climent de Llobregat herrian abestu zuen iaz Goikobaluk, eta kataluniarrek asteburu honetan bisitan izango ditugu. Aurrerago begira, Goikobaluk bere 30. urteurrena eta Goikobalu Txikiren 25. urteurrena ospatzeko, kontzertu bana prestatuko dute udazkenerako.

595-CORAL-LA-VALL (id: 6713627)


Goiko argazkia: Coral la Vall / Testua eta beheko argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko ekainak 7, ostirala

 

Coral la Vall abesbatzak 2018ko apirilean Goikobalu hartu zuen bere herrian, Sant Climent de Llobregat-en, Bartzelonako probintzian.

 

Orduko Arrasateko abesbatzaren emanaldia "zoragarria izan zen", bertako zuzendari Benet Puig Balletbò-k baloratu duenez. "Topaketa horretaz oroitzapen oso onak ditu gure herriak".

 

Asteburu honetan kataluniarrek elkartrukearen bigarren zatian, bisitan izango ditugu Arrasaten. Hala, zapatuko kontzertuan kataluniarrek eta euskaldunek abestuko dute.

 

"Eguerdi partean iritsiko dira - azaldu du Juan Antonio Barriocanal orain arteko lehendakariak - Batzokian bazkalduko dute, eta Hotel Mondragonen igaroko dute gaua". 

 

Kontzertua San Joan Bataiatzailearen parrokian izango da, larunbatean arratsaldeko 20:00etan. Coral la Vall ondoko kantu sortak eskainiko ditu:

  • 1. sortan afrikar abestiak
  • 2. sortan filmetako, musikaletako,... kantuak pianoak lagunduta
  • 3. sortan Kataluniako autore musika eta abesti tradizionalak

Bere kaxa Goikobaluk 4 kantu abestuko ditu:

  • Oi Ama Euskal Herria
  • Loreak udan
  • El Roble y el Ombú
  • Mutil Txaleko Gorri

Kontzertuaren amaieran bi abesbatzek ahotsak batuko dituzte, 'El meu avi' kantatuko dute.Kontzertuaren ostean, autobusa hartuko dute eta Sara merenderuan elkarrekin afalduko dute. 

 

Igandean kataluniarrek Gernika-Urdaibai ingurura joateko asmoa daukate, eta astelehenean, Katalunian jai dela baliatuta, itzulerako bidaia egingo dute.

 

Sant Climent de Llobregat herriko (Bartzelona) Coral la Vall 1988an sortu zuten. Ordutik bertako gizon-emakumeek kantu tradizionalak, sardanak, klasikoak, nazioarteko piezak,... abestu dituzte. 1992tik Benet Puig Balletbò-k zuzentzen ditu.

 

Abesbatza honek Katalan Herrietan, Euskal Herrian, Espainian, Italian, Portugalen, Kanadan, Quebecen,... abestu du, eta egun 40 gizon-emakumek osatzen dute.

 

Arrasateko kontzertuarekin Coral la Vallek amaiera emango dio bere 30. urteurreneko ospakizun sortari.

 

 

Arrasateko abesbatzak Batzar Orokorra egin du berriki, eta ohiturari jarraituz, Zuzendaritza berritu egin du.

 

Goikobaluren Batzar Orokorrak onartu du Maider Ruiz izatea hemendik aurrera Goikobaluren lehendakaria. Era berean, ondorengo juntakide berriak onartu ditu:

 

Izaskun Balanzategi diruzain eta Jose Mari Ganboa bokal-kolaboratzaile. Horrela, orain arteko lehendakariari, Juan Antonio Barriocanali testigua hartu dio.

 

'Barrio'k azken 12 urteetan lehendakari-lanak bete ditu, eta Maiderrek bezala, urte ugari daramatza abesbatza honetan abesten.

 

Azpimarratzekoa da ere abesbatzako zuzendariak, Iñaki Maidaganek 90. hamarkadatik zeregin hau betetzen duela.

 

 

595.Juan.Antonio.Barriocanal (id: 7103856)

 

Oro har, Goikobaluk aurten 30 urte betetzen ditu, eta hori ospatzeko Mozart-en Requiem bat abestuko du urrian. Abesbatzak aurrez ere bete izan du horrelako erronka bat. 

 

Emanaldia urriaren 19aren izango da, San Frantzisko elizan, eta orkestra profesional batek ere parte hartuko du. 

 

Aurten ere Goikobalu Txikik 25 urte betetzen ditu, 1994an sortu baitzuten "harrobia lantzeko beharraz eta garrantziaz jabeturik".

 

Ordutik "ibilbide oparoa izan du" bertako arduradunek azaldu dutenez, haurren artean kantuarekiko zaletasuna sustatuz eta abesbatza bateko parte izateko aukera emanda.

 

25 urte hauetan Gazte Abesbatza eta Goikobalu Izartxo ere sortu dituzte, hurrenez hurren, 2000. eta 2002. urteetan.

 

Urteurren hau ere ospatzeko, azaroan kontzertu bat ospatuko da, eta bertan ahotsa jarri ahalko dute hiru abesbatza horietan parte hartu duten lagun guztiek. Horretarako harremanetan jar zaitezke goikobalutxiki@gmail.com helbidera idatzita.

 

Zorionak Goikobaluko handiei eta txikiei!

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE