Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Liga irabazi ostean

Mondraren Ohorezko Jubenil taldeak Euskal Ligara igotzeko finala jokatuko du

595.Mondra.Ohorezko.Jubenilak.18-19.Txapeldunak (id: 2768764)


Bideoa eta testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkiak: GLH, Ander Ruiz de Azua / 2019ko maiatzak 6, astelehena

 

Gipuzkoan Ohorezko Jubenil kategoria bi multzotan banaturik dago, eta Mondra berari dagokion multzoko txapelduna izan da.

 

Atzo ligako azken partidua jokatu zuen, ordurako liga irabazia zuela. Ilintxaren aurka aritu zen eta 4-0 irabazi zuen Mojategiko berdegunean.

 

"Denboraldiaren hasieratik goiko postuetan izan gara - azaldu digu Christian Lewis entrenatzaileak - eta horrek segurtasuna ematen dizu. Ondo bidean zabiltzala erakusten dizu".

 

Hala ere, denboraldia luzea izan denez "badira une txarrak ere, batzuetan sufritzen duzu eta besteetan gozatzen duzu. Denetarik dago". 

 

Entrenatzaileak apaltasunez adierazi du "arrakastaren gakoa mutilen konpromisoa izan dela. Pertsona normalak dira, apalak, eta ez dute arazorik sortu. Gutxitan jokatu dutenek ez dute kexarik egin, nahiz eta horrelako egoeretan kexatzea nahiko ohikoa den".

 

Berdegunean "dena eman dute, taldekidearen alde dena eman dute, ez dute amorerik eman, kalitatea daukate eta zorte pixka bat ere izan dugu".

 

"Oraingoz ez dugu arrakasta ospatzeko bazkaririk edo afaririk egin, finalari itxaroten ari gara. Hala ere, liga irabazteak bere horretan ospakizun bat merezi du, baina itxarongo dugu".

 

Finala asteburu honetan jokatuko du Oiartzunen aurka, hau da, Gipuzkoako beste multzoko txapeldunaren aurka. Azpimarratzekoa da "Mondrak ez duela inoiz ohorezko jubenilen final bat jokatu".

 

Finaleko irabazlea Euskal Ligara igoko da, eta galtzen duenak triangular bat jokatuko du Arabako eta Bizkaiko bigarren taldeen aurka. Triangular horretako txapelduna eta txapeldunordea Euskal Ligara igoko dira.

 

Izan ere, Euskal Ligak 2019/2020 denboraldian bi talde gehiago izango ditu: orain arte 16 izan ditu eta datorren denboraldian 18 izango ditu.

 

Finala prestatzeko entrenatzaileak Oiartzunen partidu bat ikusi zuen herenegun, "baina ez zen partidu esanguratsua izan, Oiartzunek ez zeukalako ezer jokoan, liga irabazia baitzuen".

 

"Jokalari batzuen ezaugarriak sumatu nituen baina ez blokearena oro har. Hala ere, ondorio batzuk atera ahal izan ditut".

 

Christianek eskertu du "klubaren babesa, denboraldiaren hasieratik amaierara arteko babesa. Gainera, denboraldiak aurrera egin hala, eta igoera lor genezakeela ikusita, laguntza handiagoa eman digu. Alde horretatik, klub eredugarria da".

 

Christian jatorriz argentinarra da, eta Ingalaterrako 3. mailan jokatu zuen. Ingalaterran euskaldun bat ezagutu zuen, eta 10 urte daramatza Euskal Herrian. Lehen urtea du Mondran. Aupa Christian, aupa ekipo eta zorte on finalean! 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE