Pasa den ostiralean, hilak 21, Ointxe Saskibaloi Elkarteko 14 entrenatzaile bildu ziren Iturripen. Hitzorduak ezohiko ordutegia izan zuen, gaueko 10:30etatik 0:00ak arte. Josu Larreategi Mondragon Unibertsitateko lehen taldeko entrenatzailea buru zela, bertaratutakoek ikuspuntu ezberdinak partekatu zituzten, taldeko jokalariei irakatsi beharreko identitate-ezaugarriak zeintzuk izan behar diren hizpide hartuta.
Saioan parte hartu zutenen gozamenerako, Larreategi saskibaloi munduko zenbait kontzeptuez mintzatu zen; dena den, kirol honetatik baino harago joan zen bilera. Testuinguru honetan, talde ezberdinekin lan egiterako orduan izan beharreko keinu eta jarreren inguruan hitz egin zuen. Entrenatzailearen inplikazioa, lana behar bezala planifikatu, jokalariekiko eredugarria izan edota lantaldearen garrantzia izan ziren Larreategik plazaratu zituen kontzeptuetako batzuk.
Ointxe Saskibaloi Elkartetik balorazio “oso positiboa” egin dute ostiralean burututako saio honen inguruan, “batez ere iritzi zein esperientziak partekatzeko baliagarri izan zelako”. Zentzu honetan, klub zuri-moreak horrelako saio gehiago burutzeko konpromisoa hartu du. Horiek antolatu eta planifikatzearen ardura Gorka Zurutuza kirol-zuzendariarena izango da.
Ostiralean Iturripen burututako bilera.
Liga hasiera hurrengo asteburuan
Denboraldi ofizialaren hasierari dagokionez, 1. Mailan lehiatuko duen Mondragon Unibertsitateak hurrengo asteburuan ekingo dio ligari. Larreategiren mutilek aurreneko partidua hilaren 29an jokatuko dute Iturripen, Askartza talde bizkaitarraren kontra arratsaldeko 18:00etan hasita. Askartzaz gain, arrasatearrek beste aurkari hauei egin beharko diete aurre aurten: Atletico San Sebastian, Seky.es, Lagunak, Fundacion 5+11, Ordizia, Mikeldi, Tabirako, Araberri, Zarautz, Iraurgi, La Peña, Bide Bide, Padura eta Autocares Artieda.