Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

Basque Culinary Centerreko ikasleek 50 lagunentzako oturuntza prestatuko dute

Michelin izarra jaso berri duen azken chefarekin batera arituko dira. Afaria, “Ezagutu etorkizuneko chefak” zikloaren barruan kokatzen da. Ziklo horretan, Basque Culinary Centerrek izen handiko sukaldari bat ekartzen du hilean behin.

Basque Culinary Center / 2012ko azaroak 23, ostirala


Gaur gauean, Malagako José Carlos García chefa, Café de París jatetxekoa eta bart Michelínen izarra jaso berri duena, Basque Culinary Centerreko ikasleekin batera arituko da 50 lagunentzako oturuntza bat prestatzen. Ekitaldia ikasleek abian jarri duten ekimenaren baitan kokatzen da. "Ezagutu etorkizuneko chefak" izenburupean, hilean behin, BCCko sukaldera etortzeko gonbidapena luzatzen zaio izen handiko sukaldari bati eta harekin batera mahaia eta mantela partekatu nahi duten 50 mahaikideri. Ikasleek autogestionatutako ekintza da eta chef gonbidatuak, ikasleen laguntzarekin, janariak prestatzeaz gain, bere sukaldaritzako esperientziak eta bizipenak partekatzen ditu.


Malagako José Carlos García chefak bere dotorezia ekarriko du Donostiara, teknika eta irizpide modernoenak erabiliz, baina betiere produktua eta zaporearen errespetuan oinarrituta. Afaria hainbat herrialdetako produktu eta zaporeen nahasketa izango da. Besteak beste, tomate eta urdaiazpikozko bizkotxo gazia, erremolatxa-ogia, jogurta eta ozpin-hautsa, zigala-daikon-martorria edota gazta-tartazko maskorra eta marsmallow pasioa dastatu ahal izango dira.


José Carlos Garcíak (Malaga, 1974) Malagako “La Cónsula” Ostalaritza Eskolan ikasi zuen 1995 eta 2000 bitartean eta, ondoren, Joan Roca eta Martín Berasategui sukaldariekin hobetu zuen prestakuntza.

2001ean Café París jatetxearen ardura hartu, eta 2002an lehen Michelín Izarra eskuratu zuen. Gaur egun, Jose Carlos Garciak aitaren Café de París, 1979an sortua, utzi eta bere proiektuan dihardu. Chefa Malagako Portuko 1 zenbakiko kaian kokatu da, Jose Carlos Rodríguezek diseinaturiko lokal batean. Espazio minimalista eta beiraztatu batean, jangelak erdigune historikora ematen du. Sortzeko eta bilakatzeko etengabeko gaitasuna oinarri, arduraz eta dotoreziaz, José Carlos Garcíak bere konpromisoari eusten dio: bere sukaldaritzaren tradizioa eta publikoa errespetatzea.


Zikloak helburu bikoitza du: alde batetik, ikasleek talde-lana garatzen dute eta, horrela, autonomia eta ardura areagotu eta sukaldaritzako eta zerbitzuko aukeren inguruko ezagutza eta eskarmentua barneratzen dute. Beste aldetik, baina, Basque Culinary Centerrek euskal gizartean eta bisitariengan eragina izango duen jarduera eskaini, eta etorkizunean zeresana izango duten sukaldari berriak, balio berezia izango dutenak, sustatzen ditu. Sacha Ormaetxea chef madrildarra, Madrilgo Sacha jatetxekoa, izango da hurrengo sukaldari gonbidatua; abenduan izango da hori. 2013an, berriz, bere izena duen jatetxeko Paco Morales, Aponiente jatetxeko Angel León eta Parisko Mansouria jatetxeko Fatema Hal izango ditugu gonbidatu.

Ikasleak, protagonista


Ikasleek hasieratik amaierara gobernatzen dute jarduera hori: erreserbak kudeatzea, komunikazioa, kudeaketa ekonomikoa, erosketak, salmentak, zerbitzua... Gainera, sukaldariaren aginduak jarraituz, ikasleek eurek aurre-prestatuko dituzte platerak, mise-en-placea (plateraren edo osagaien aurretiko prestaketa) egingo dute... azken batean, dena prest izango dute sukaldaria afaria prestatzera iristen denerako. Afarietan lortutako diru-sarrerak erabiliz, ikasleek produktuen erosketaren gastua finantzatu beharko dute, eta euren ardurapean egongo da emaitza ekonomikoa. Galerarik izatekotan, euren gain geldituko da; dirurik irabaztekotan, aldiz, ikasleek bidaiatzeko erabiliko dute, edota erakunde ongile bati emango diote.

Basque Culinary Centerri buruz


2011z geroztik, Basque Culinary Center Espainiako Gastronomia Zientzien Fakultate Bakarra da, aurretiaz ez baita inoiz egon gastronomia alorreko unibertsitate mailako prestakuntza-eskaintzarik. Gainera, alor horretako Berrikuntza eta Garapen zentroa duen Fakultate bakarra da Munduan. Mondragon Unibertsitatea eta zazpi sukaldari Andoni Luis Aduriz, Karlos Argiñano, Hilario Arbelaitz, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa, Martin Berasategi eta Pedro Subijana, guztien artean 14 Michelin izar biltzen dituztenak, izan ziren proiektuaren sustatzaileak. Horiekin batera, baina, Espainian punta-puntako enpresek babesten dute proiektua, hala nola Fagor Taldeak, Eroski Taldeak, Martiko Taldeak, Heinekenek, COVAPek....


Sektorean profil profesional kualifikaturik, ikerkuntza espezifikorik eta unibertsitateko prestakuntza-eskaintzarik ez zegoela ikusirik, Mondragon Unibertsitateak nazioarteko bokazioa duen proiektua bultzatu zuen, Euskadi eta Espainia goi-sukaldaritzan eta gastronomia-zientzietan nazioarteko erreferentzia bihurtzeko asmoarekin. Ekimenak gizarte-eragileen eta erakunde publikoen aho bateko laguntza ere jaso du; adibidez, Zientzia eta Kultura Ministerioarena, Eusko Jaurlaritzarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Donostiako Udalarena.


Proiektua abian jartzerakoan hainbat helburu elkartu ziren:


-Euskadiko eta Espainiako sukaldaritza etorkizunean ere goi-sukaldaritzaren eta berrikuntzaren polo izaten jarraitzea, jakinik horrek goi-mailako ezagutzak sorrarazi eta profesional kualifikatuak prestatzea ekarriko duela.


-Gastronomiarekin zuzeneko nahiz zeharkako zerikusia duten enpresa- eta ezagutza-sektoreetako profesionalengan ikerkuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatzea eta guztien artean sinergiak sortzea.


-Eta, gainera, sektoreko enpresetan teknologia-transferentzia eta berrikuntza sustatzea, eta enpresa-ekimen eta -proiektu berriak sortzea.

Basque Culinary Centerrek Nazioarteko Aholku Batzorde baten laguntza ere badu, lan estrategikoetan Basque Culinary Centerren patronatuari lagundu eta mundu mailako bokazio argia duen proiektua sendotuko duen nazioarteko proiekzioa eskaintzeko. Ferrán Adría presidente duen organo horretan, gastronomian aintzindari diren herrialdeetatik datozen munduko bederatzi chefik ezagunenak biltzen dira: Yukio Hattori (Japonia), Mássimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), René Redzepi (Danimarka), Dan Barber (AEB), Gastón Acurio (Peru), Alex Atala (Brasil) eta Heston Bluementhal (Erresuma Batua).


Basque Culinary Centerrek hainbat prestakuntza-aukera eskaintzen ditu: Graduko unibertsitate-titulua, sukaldaritzako eta beste sektore batzuetako profesionalei zuzendutako gradu-ondoko tituluak, etengabeko prestakuntza, bai eta sukaldaritza zaletuentzako eskaintza ere.


-Espainian bakarra den Mondragon Unibertsitateko Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzien Graduak lau ezagutza-esparru handi ditu: Sukaldaritza-jangela-sumiller teknikak, Negozioaren kudeaketa, Zientzia eta Teknologia, eta Kultura eta Artea.


-Jatetxeen Kudeaketako Berrikuntza Masterra, proiektu gastronomiko berriak garatu edo sendotzeko.


-Sukaldaritza, Teknika eta produktu Masterra, sukaldaritza alorreko profesionalak prestatzeko.


-Gainera, profesionalentzako eta sukaldaritzako zaletuentzako prestakuntza ere eskaintzen du.


-I+G Zentroa: goi sukaldaritzako profesionalen artean eta gastronomiari zuzenean edo zeharka lotuta dauden enpresa-sektoreen artean ezagutza partekatzea da haren helburua, euren artean sinergiak sortzeko aukera eskaintzeko. Sei ikerketa-lerro garatzen ditu: Hezkuntza eta elikadura-ohiturak, Elikadurako gizarte-ardura, Elikaduraren Joerak, Sektoreko enpresetako kudeaketako berrikuntza, Loturiko Teknologien Garapena eta, azkenik, Elikagaiak prestatu, aurkeztu eta kontserbatzea.


-Ostalaritzaren eta gastronomiaren sektoreari eta elikagaien industriari zuzenduta dago, eta produktu eta zerbitzu berriak garatzea bultzatzen du.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE