Katurik ez dagoen etxean, saguak dantzan

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
SANDRA CARRASCO:
“Nire aitaren hiltzaileek ezin dute lasai-lasai alde egin”
Isaias Carrasco zenaren alabak Xabier Mikel Errekondok egindako adierazpenei erantzun die. Amaiur alderdiko diputatuak zinegotzi ohi arrasatearraren ustezko hiltzaileen atxiloketa kritikatu zuen.
Isei Barbero / Argazkiak: EFE agentzia / 2012ko ekainak 28, osteguna

 

300 (id: 9910245)Sandra Carrascok, 2008an ETAk eraildako Isaias Carrasco zinegotzi ohiaren alaba, komunikatu bat argitaratu zuen atzo, asteazkena.  Bertan, aste honetan bertan Frantzia izandako ustezko ETAko kideen atxiloketen harira, gogor kritikatu izan du Xabier Mikel Errekondo parlamentariaren ahotan Amaiurrek egindako adierazpenak.  “Gustukoa izan hala ez, ETAk porrota jaso du, eta orain hiltzaileak atxilotzearen garaia da, ezin baitute lasai-lasai alde egin”, esan du zinegotzi sozialista ohiaren alabak.

 

Frantziako poliziak Ugaitz Errazkin atxilotu izan du aste honetan bertan, Isaias Carrasco eta Inaxio Uria enpresari azpeitiarra 2008. urtean erailtzea leporatuta.  Honen harira, Xabier Mikel Errekondok atxiloketa hauek euskal gatazkaren konponbidean “atzerapausoa” direla adierazi zuen. Carrascok Amaiurreko diputatuaren hitzak “ergelkeriatzat” kalifikatu ditu.

 

Errekondo jauna, zuretzat ETAko ustezko bi hiltzaileen atxiloketa, orain direla 4 urte odol-hotzean errugabe ziren bi pertsona hiltzea erabaki zutenak, euskal gatazkaren konponbidean atzerapausoa ematea bada, horrek esan nahi du erremediorik ez duzula, ez pertsona bezala ezta herritarren ordezkari politiko gisa ere”, esan du Sandra Carrascok.

 

Era berean, familia guztiaren izenean zinegotzi sozialista ohiaren alabak eskerrak eman zizkien atzoko komunikatuan talde polizialei, “batez ere Guardia Zibila eta frantziar poliziari, herritar guztiok eskertzen dugun isilpeko lan gogor hori egiteagatik”.  Zentzu honetan, bai Uriak eta baita bere aitak ere “erailda” izatea ez zutela erabaki  gaineratu zuen, “terroristek, ordea, euren bizitzekin amaitzea erabaki zuten”.

 

Testuinguru honetan, “eta erailketa horiek egiteko inork behartu ez ziela aintzat hartuta”, Carrascok hiltzaileek euren delituengatik ordaintzea eskatu zuen.  “Bake prozesu batean murgilduta egoteagatik, ezin dute lasai-lasai alde egin”.  Era berean, Errekondori gogorarazi zion oraindik ETAren beste 326 erailketa argitzear daudela.  “ETAk porrota jaso du jada, eta orain erailtzaileak atxilotzeko garaia da, egindako delituengatik kondenatuak izan daitezen, zuri gustatu hala ez”, erantzun zion Errekondori.

 

Sozialista izan eta pentsatzeko beste era bat izateagatik erail zuten nire aita” salatu zuen Carrascok atzo.  “Euren erailtzaileek kartzelan Justiziak erabakitzen duen denbora igaroko duten bitartean, eraildakoen senitartekook bizitza osoko zigorra eraman behar dugu soinean”, gaineratu zuen.

 

Testuinguru honetan, Isaias Carrasco zenaren alabak Errazkiren atxiloketarekin familiak “bake eta poztasun galanta” hartu duela aitortu du, dena den, “horrekin aita batek uzten duen hutsunea ezin dela bete” ere eman zuen aditzera.  “Hala eta guztiz ere, bai ni eta baita nire familia ere burua altxatzen goaz pixkanaka, eta hori gugatik bakarrik ez, gure aitagatik ere egiten dugu”.  Era berean, Sandra Carrascok Uria familia ere izan zuen gogoan atzoko komunikatuan.

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE