Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[Testua: Ibai-Arte]
Arrasate Blues jaialdiaren balorazio oso positiboa egin du Ibai-Artek
Ibai-Artek eskertu nahi du Udalaren partez jaso duen babesa, herriko hainbat ostatu eta tabernak emandako bultzada, taldeek eta teknikariek erakutsi duten maila, konpromisoa eta abilidadea, eta emanaldietara hurbildu diren ikus-entzule guztion laguntasuna.

 (id: 9911652)Testua: Ibai-Arte. Argazkia: MB Artxiboa. 2019ko uztailak 30, asteartea.

 

Aurten, lehenengo aldiz, IBAI-ARTE dendarien elkartea osatzen dugun lagunok Arrasate Blues jaialdi sorta antolatu dugu. Uztailean hamahiru kontzertu ikusgarri gozatu ahal izan ditugu. Bereziki azpimarratu nahi dugu uztailaren 19tik 21era bitarteko asteburuan herrian bizitako giro aparta. Duda barik egun mundialak izan dira.

 

Azken hilabeteetan lan itzela egin dugu tankera honetako ekimen berri hau aurrera ateratzeko. Eta orain, musikaren hotsak isildu direnean, lotsarik gabe esan dezakegu pozik eta harro gaudela egindako apustuaz eta lortutako arrakastaz. Merezi izan du herriko txoko eta bazterrak alaitu eta suspertzeko egin dugun ahaleginak. Merezi izan du gure Arrasate maitea Blues doinuekin dantzan jartzeak.

 

Leku askotatik etorritako hamahiru taldek bisitatu gaituzte. Kontzertuak han eta hemen sakabanatutako zortzi eskenatoki ezberdinetan burutu dira. Jendeak emanaldi guztiak doan jarraitu ahal izan ditu. Ez da batere lorpen makala, alajaina!

 

Hau dena posible egiteko ezinbestekoa izan da IBAI-ARTE elkarteko kideen gogoa, ilusioa eta lanerako gaitasuna. Erakutsi dugun adoreari esker dena primeran atera da. Etorkizunean ere halaxe jarraituko dugu, jo eta sua, herriaren alde barruan daukagun onena ematen.

 

Bereziki eskertu nahi dugu Udalaren partez jaso dugu babesa. Elkarrekin askoz indartsuagoak gara. Elkarrekin gauzak askoz hobeto irteten dira. Era berean, bene-benetan estimatzen dugu herriko hainbat ostatu eta tabernak emandako bultzada: Taupa, Kajoi, 1990 Gastroteka, Itzala, Aterpe, Monte, Tantaka eta Ezkiña. Gauza bera esan dezakegu: denok batera errazago eramango dugu Arrasate aurrera.

 

Kategoriako artistak, kategoriako taldeak, kategoriako bandak etorri zarete gure artera: Blas Picon & The Junk Express, Fredi Pelaez Trio, Kritikal Latin Blues Band, The Song, Mario Fernandino, Blues Deluxe, Aldakan, Leike, The Allnighters, García Del Val, José Barrio Quartet, edota Jim TNT. Zuei guztioi, den-denoi, bihotz-bihotzez eskertu nahi dizuegu erakutsi diguzuen maila, konpromisoa eta abilidadea. Izugarri gozatu dugu zuen konpainian. Munduko zorterik onena opa dizuegu zuen ibilbideetan. Galantak zarete!

 

Musikari hauen atzean, erdi ezkutuan, soinu eta argi teknikari apartak ibili zarete lanean. Besarkada bero bana bidali nahi dizuegu: zuen isilpeko lanak ez dauka preziorik. Ezinbestekoak zarete ganorazko ikuskizunak eskaintzeko. Segi horrela, segi gogor, segi fuerte. Kontzertu bakoitzean gu guztion bizimodua pixka bat alaitu duzue. Txapela kentzea besterik ez zaigu geratzen: aupa zuek.

 

Bukatzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu emanaldietara hurbildu zareten ikus-entzule guztioi. Bai arrasatearroi eta baita kanpotik etorri zaretenoi ere. Zuen berotasunari esker une magikoak bizi izan ditugu. Zuen presentziarekin ametsa egia bihurtu duzue. Segi bizitza gozatzen, horretarako jaioak gara eta.

 

Indarberrituta atera gara Arrasate Blues jaialdiaren lehenengo edizio honetatik. Ez da azkena izango. Nafarrek San Fermin jaiei buruz esaten duten bezala…  egun bat gutxiago falta da datorren urteko hitzordurako. Hala bedi!

 

Gora musika! Gora artea! Gora Arrasate!

 

You never walk alone, Mondra! 

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE