Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

Arrasatek larrialdi klimatiko egoera deklaratzea onartu du

Mozioak hamar neurri ezberdin proposatzen ditu.

Testua: Iker Murillo / Bideoak eta portadako argazkia: Gontzal landa Herbias / 2019ko urriak 2, asteazkena

 

Atzo Arrasateko Udaletxean ospatutako ohiko bilkuran, aho batez onartu zuten alderdi politiko guztiek larrialdi klimatiko egoera deklaratzea. Onartutako mozioan (Naturtzaindia Elkartea, Besaide Elkartea, Arrasateko Zero zabor, Ekologistak Martxan elkarteek eta EAJk eta PSE-EEk adostutakoa) hamar neurri ezberdin proposatzen dira egoera klimatikoari aurre egiteko helburuarekin.

Nahiz eta aho batez onartu, Arrasateko EH Bildu-ko burua Maider Morras-ek zehaztapen batzuk adierazi nahi izan zituen mozioari buruz esanez “kontrakoa” dela mozio honekin Udal Gobernuaren zenbait erabaki. Adibidez  Zubietako errauskailuaren kasua, “AHT” edota Araba Etorbideko zuhaitzak kentzea.

Hauek dira onartutako proposamenak:

  1. Arrasateko Udalak larrialdi Klimatiko egoera deklaratzea.
  2. Arrasateko Udalak, legebiltzarrean tramitatzen ari den lege proiektua Eudelekinkoordinatu dezala Jaurlaritzari eskatzea. Era berean, abian jarri duen lege proiektu horrek deklaratzen duen larrialdi horri aurre egiteko beharrezkoa den karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiatzera aztertu dezala eskatzea.
  3. Arrasateko Udalak, Jaurlaritza aldaketa klimatikoaren eraginez pairatuko dituen ondorioetara egokitzeko neurriak hartzera premiatzen du, era koordinatuan udaletxe eta gainontzeko erakundeekin.
  4. Arrasateko Udalak, bere eskumenen baitan, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adieraztea.
  5. Udalak 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egitea 8 hileko epean, aldaketa klimatikoari aurre egiteko pauso garrantzitsu bat izanik.
  6. Arrasateko Udalak, legebiltzarrak onartuko duen aldaketa klimatikorako legeak jasoko dituen helburuen garapenerako plangintza martxan jartzea. Udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta, prozesu partehartzaile baten eskutik, herritarren eta herriko eragile ezberdinen ekarpenak bilduko dituelarik.
  7. Arrasateko Udalak, udalerriko herritar eta eragileekin elkarlanean, plangintza hau aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak bermatzeko konpromisoa hartzen du, bere gaitasunen araberakoa izanik plangintza gauzatzeko epea. Herriko plangintza honetan aurretik egon daitezkeen ekintza zein proiektuei lehentasuna emango zaie, esaterako:
  • Herriko eraikin publikoetan sistema berri iraunkorrak jartzen joatea aldaketa klimatikoaren eraginak saihestu edo gutxitu ahal izateko.
  • Arrasateko etxebizitzetan, efizientzia energetiko handiena lortzeko programa edo proiektu bat bideratuko da. Udal eraikinetan eta bereziki eraikiko diren berrietan efizientzia energetiko handiena lortzeko neurriak hartuko dira.
  • Laubide plazan dagoen airearen kalitatea neurtzeko tresnaren informazioa herriari eskuragarri jarri eta ezaugarri desberdinak dituen herriko beste eremu batzuetan ere neurketak egingo dira.
  • Bidegorriaren proiektuari lehentasuna emango zaio mugikortasun planean gai hau ardatz bihurtuz. Karbono isurketa handienen artean kokatzen da garraioaren sektorea. Hori dela eta, Arrasateko garraioaren erabilera murriztu eta aldi berean karbonogabetzeko urratsak ematen hasi.
  • Lurrak erostea, modu planifikatuan eta udalaren gaitasunaren arabera bioaniztasuna berreskuratzeko eta aldi berean lur sail horietako basoak karbonoa metatuko duten gordailu natural gisa erabiltzea.
  • Udalak, herritarrak kontsumo arduratsuaren baitan kontzientziatzeko kanpainak bultzatuko ditu. Era berean, hondakinen gaikako sailkapena eta birziklapena bultzatzeaz gain, hondakinak murrizteko eta berrerabilpena bultzatzeko jarrerak sustatuko ditu. 
8. Arrasateko Udalak hiri lurreko zuhaizti eta berdeguneen babesa bermatuko duen protokolo bat lantzeko konpromisoa hartzen du, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko ezinbesteko elementuak direla kontuan hartuta, bai CO2aren finkapenagatik, baita kaleetako tenperatura leuntzen dutelako udan zein neguan.


9. Arrasateko Udalak, herritar eta eragile sozial, ekonomiko eta kultural guztien aldaketa klimatikoaren ondorioez jabetzeko kontzientziazio kanpaina bat martxan jartzeko konpromisoa hartzen du.

10. Arrasateko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako trantsizio ekologikorako ministerioari bideratuko die onartutako mozioa.




EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE