Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[Testua: Arrasateko EHE]

Euskaltzaleon bilgune izaten jarraituko du Jai Zalek

Talde euskaltzaleak taberna kudeatzeari utziko dio, baina ahalegiten dabil espazio euskaltzalea dagoenetan mantentzeko. Horrela, kontzientziadun langile euskaldunek kudeatuko dute Jai Zale.

595.JaiZale.Hainbat.Arduradun.JUAN-LUIS-ELIZARAN (id: 1722808)


BEHEKO TESTUA: ARRASATEKO EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ / Argazkia: Juan Luis Elizaran / 2019ko urtarrilak 10, eguena

 


- Azkenaldian bolo-bolo dabilen gaia denez, ezinbestean egin beharreko galdera da. Jai Zale taberna itxi egin behar da?


- (Barreak) Azkenaldian sarri egiten diguten galdera da zuk egindakoa. Eta erantzuna honakoa da: Arrasateko Euskal Herrian Euskarazek tabernaren kudeaketan lan egiteari utzi egingo dio, baina ahalegin guztiak egiten ari da espazio euskaltzalea dagoenetan mantentzeko. Eta lortu dugu, kontzientziadun langile euskaldunek kudeatuko baitute Jai Zale. Hau da, proiektua hasi genuenean euskaltzaleentzako bilgune bat sortu nahi genuen, eta nahiz eta kudeatzeari utzi, proiektuari jarraipena emango dion jendeari pasako diogu testigua. Beraz, funtsean euskaltzaleon bilgune izaten jarraituko du Jai Zalek aipatutako eran.


- Historia apur bat eginez, noiz erabaki zenuten taberna zabaltzea?


- Duela lau urte taberna errentan jartzen zutela ikusi eta taldekideok aukera hori mahai gainean jarri genuen. Guztiok ez ginen iritzi berekoak, baina eztabaidatu eta taberna kudeatzearen aldeko hautua egin genuen, horrek suposatuko lukeen ahalegina presente edukita. Taldea animoz baxu xamar zebilen, dinamika ezak, nekea … medio. Hala ere, erabakia geureganatu eta taldekide denok jarri ginen noranzko berdinean lanean, eta tabernako ateak zabaldu genituen.


- Beraz, asko pentsatu barik hartutako erabakia izan zen.


- Puntu honek zer pentsatu handiak eman dizkigu proiektuan buru-belarri aritu garenoi. Hausnarketa sakon bat egin izan bagenu, ziur aski ez genukeen Jai Zale inoiz zabalduko, baina ilusioan, lan giroan eta determinazioan jarri genuen iparra eta horrek eragin du esperientzia eder hau sortu izana. Gehiegizko hausnarketa eta gogoeten gainetik jarri genuen ekimen hau sortzeko determinazioa. Konplexu, zalantza eta beldurrei aurre eginez.


- Hala ere dena ez zen hain eder eta erraza izango, ala?


- Ez horixe! Taberna hartu genuenean 1000 euro besterik ez genituen eta sormenetik tiraka taberna zabaltzeko baliabideak aurkitu genituen han eta hemen. Hasiera batean, orotariko iritziak jaso genituen taberna zabaltzearen erabakiaren inguruan. Urrutira joan gabe, etxe barruan zenbaitek erresistentzia azaldu zuten taberna zabaltzearen ekimenarekiko. Orain, tabernaren kudeaketa ixtera goazenaren zurrumurrua zabaldu denean, jende asko hurbildu zaigu erabakiaren inguruan galdezka. Ulertzen dugu espazio hau ixteak zenbaitengan harridura eta pena sor dezakeela. Alde horretatik, Jai Zalek eskaintzen duen espazio euskaltzalea mantentzea EHEren ardura dela ulertzen dugu, horregatik egin dugu ahalegina proiektu honek ateak itxi ez ditzan. Bestalde, EHEko kideok bertan batzen jarraituko dugu, gure asmoa Arrasateko EHEren erreferentzia gunea Jai Zale izaten jarraitzea baita.

 

595.Jai.Zale.1.Urteurrena.Bertso-saioa2 (id: 1782145)
- Jai Zalen jendea dabilela nabaria da. Zein arrazoigatik uzten duzue kudeaketa?


- Azken finean, lau urte eman ditugu berau kudeatzen eta nahiz eta ekimen ederra izan den, tabernaren kudeaketa negozio bat kudeatzea da funtsean. Horrek EHEko kideon energia xahutzen du eta uste dugu momentu egokia dela kudeaketa utzi eta beste ekimen batzuetan buru-belarri jartzeko. Ez dugu ixten arazo ekonomiko edo pertsonalengatik, halako ekimen batek luzaroan militantzian sortu dezakeen nekeagatik baizik. Positiboki baloratzen ditugu lau urte hauetan tabernari esker lortutako kontaktuak, lortutako erreferentzialtasun maila eta bitartean egindako lan guztia (tartean Arrasaten egin zen Euskaraz Bizi egun nazionala). Lau urte hauetan egindako lanaz pozik gaude, baina tabernaren kudeaketaren zikloa amaitzea erabaki dugu, arnasa hartu eta ekimen berriei bide emateko.


- Zein ekimenez ari zarete?


- Azken urteotan, besteak beste, euskalgintzaren mahaian, hainbat ekimen euskaltzaletan (Korrika, Errigora, euskaraldia…), edo txosna batzordean modu aktiboan egon gara eta tabernan egin ditugun ekimenetan ere gu egon gara jo eta su. Baina badira urte batzuk Arrasateko EHEtik euskararen aferan jauzia egiteko ordua dela aldarrikatzen hasi ginela. Orduan, Arrasateko gaztiok euskaraz bizitzera goiaz! kanpaina abian jarri genuen eta ordutik hona kanpaina horri lotutako ekintzak egin ditugu.


Orain, Euskararen Errepublika irabaztera goaz! ekimena martxan jartzea da gure helburua. Aurreko kanpainaren jarraipena da, baina kasu honetan, euskarak behar duen estatus eta konfigurazio politikoaz jarduten du ekimenak. Euskarak jauzia emango badu, ez da soilik euskaldunen hizkuntza ohituren aldaketatik etorriko, baita herri egitura independente baten eskutik ere.


- Urtarrilaren 17, 18 eta 19an urteurren jai bat ospatu behar duzue, zer eskainiko duzue?


- Halaxe da, bai. Aipatu dituzun egun horietan hainbat bertso saio, kontzertu eta bestelakoak egongo dira. Urteurrena ospatu eta Arrasateko edota edozein txokotako euskaltzaleok biltzeko aitzakia izango da. Eskaintzaren berri laster izango duzue prentsa eta sare sozialen bidez.


- Bestelakorik gehitu nahiko zenukete?


- Gurekin bat egin duten euskaltzaleei eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen. Lau urte hauek emankorrak eta ederrak izan dira eta zalantza zein beldur guztien gainetik euskaraz bizitzeko txoko bat eraiki dugu denon artean. Jarrai dezagun espazio euskaltzale gehiago sortzen, Arrasate eta Euskal Herri euskalduna lortu arte.

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE