Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
Arrasateko Udaleko langileen asanblada greba orokorrarekin bat egitearen alde azaldu da
Aldeko botoak 77 izan dira, eta kontrakoak 8 besterik ez. Deialdiak gehiengo sindikalak egin du datorren asteazkenerako, irailak 26. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak zeintzuk izango diren zehaztu ditu.
Isei Barbero / Argazkiak:  MB artxiboa / 2012ko irailak 24, astelehena

 

300 (id: 1100237)Arrasateko Udaleko enpresa komiteak aditzera eman duenez, asteazkenerako -hilak 26- gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, CGT/LKN eta CNT) deitu duen greba orokorrerako bozketa egin du gaur langileen asanbladak.  Arrasateko Udaleko langileen gehiengoak bat egin du deialdiaren, bozketaren emaitzek erakusten duten moduan:  grebaren alde 77 langilek bozkatu dute, kontra 8k eta 2 boto zuri jaso dira.

 

Gauzak horrela, asanbladaren emaitzak lotesleak direnez, irailaren 26an udal zerbitzuak itxita egongo dira, eta alkateak ezarriko dituen gutxieneko zerbitzuak baino ez dira eskainiko.  Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak greba orokorrean gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak emango direla bermatzen duen Agindua jakinarazi du gaur, astelehena:

 

Greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko funtsezko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin. Horregatik, Administrazioak gutxieneko zerbitzuak ezarri beharra dauka, Agindu honen bidez:

1. Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek bermatu beharko dituzte:

a.- Ospitaleetan, jaiegun bateko ohiko langileekin (alta medikoak eman ahal izango dira): larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa, funtzionamendurako ezinbesteko garbiketa eta ospitaleratutako gaixoen zaintza egokia. Horrez gain, aurrez zehaztutako eta atzeratu ezin diren dialisi-prozesuak eta tratamendu onkologikoak emango dira.

b.- Lehen mailako arreta, betiere Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzeko buruetan honako langile hauek daudela: arretako mediku 1 zentroan, etxeko arretako mediku 1, pediatra 1, arretako erizain 1 zentroan, etxeko arretako erizain 1 eta zelari edo bezeroaren arretarako profesional 1. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean burutzat hartuko dira Balmasedako eta Karrantzako osasun-zentroak.

c.- Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak (AIG/PAC): % 100.

d.- Call Center zerbitzuan, langileen % 50, hau da, 7 administrari laguntzaile goizeko txandan eta 3 arratsaldekoan.

2. Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:

a) Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da, Koordinazio Zentro batek eskatzen duen edo mediku-ziurtagiri baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.

b) Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, baita ospitale arteko larrialdiko garraioa eta Basurtuko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak ere, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.

c) Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.

d) Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko dute.

3. Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzuak lan egingo du, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horren alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

4. Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS DEIAK, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.

5. Egoitza geriatrikoetan eta mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barne hartzen dituzten bestelakoetan, jai-egun bati dagozkion zerbitzuak mantenduko dira.

6. Eguneko Zentroetan zuzeneko arretako zerbitzuak eman beharko dira eta zuzeneko arreta hori ematen duten gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50 egongo da, baina bazkaltzeko orduan ehuneko hori % 10 igoko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekoen titulartasun publikoko garraio berezia bermatuko da, zentro horietara joateko desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira bestelako garraiobideen bitartez egin, eta/edo horiek ez badaude haien mugikortasun‑ahalmenera egokituta.

7. Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza eta Telelaguntza Sektoreetan, erabiltzaileen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.

8. Irakaskuntza-zentroetan ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:

a) Unibertsitatez kanpoko hezkuntza, publikoa eta/edo itunpekoa: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta mendekoen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea: Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: Zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsaldekorako.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, MUSIKENE, eta udal-titulartasuneko musika-eskolak:  Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

9. Osotasun fisikoa mehatxatuta dutenen segurtasun pertsonala bermatuko da haien Oinarrizko Eskubideak baliatzeko beharrezkoa den neurrian. Horretarako zerbitzu horiei atxikitako langileen % 50ek lan egingo dute.

10. Bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak bermatuko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Greba hasi aurreko orduetan hasi diren zerbitzuek, horrelakorik egonez gero, ohiko ibilbidea amaitu arte jarraitu beharko dute. Era berean, aginteko, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

11. Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokietan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainketa-zerbitzua langileen % 30ekin artatuko da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako orduetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.

12. Errepideen mantentze-zerbitzuak jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin lan egingo du.

13. EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 30en funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zeintzuk izango diren, Greba Batzordeari nahitaez entzun ondoren.

14. Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek, zerbitzua bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

15. Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.

16. Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

17. Administrazio publikoak. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, ZUZENEAN zerbitzuaren bidez, ondoko egoitzetan: Araban: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea 1, Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen Lurralde ordezkaritzetan: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia 85, Bilbo, eta Andia kalea 13, Donostia. Gutxienez langile batek lan egongo du egoitzako eta txandako.

18. Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, EJIE. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.

 

Ahal dela zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ezarritako gutxieneko zerbitzuak langile horiekin bete ezin direnean izan ezik. Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, agindu honetan eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

 

Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE