Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasateko Udala
Musakolako kiroldegi berrirako lehen pausoak martxan
Etorkizunean eraikiko den kiroldegi berriak erabiltzaileen beharrei erantzuna eman diezaien, Arrasateko kirol elkarteekin eta Leintz Eskola Kirola eta kiroldegiko langile zein teknikariekin elkartzen ari dira Udaleko arduradunak haien proposamenak entzun eta jasotzeko.

 (id: 977263)Testua eta argazkiak: Arrasateko Udala. 2018ko martxoak 13, asteartea.

 

Gaur egun gero eta arrasatear gehiago dira kirola egiten dutenak eta horren erakusle da, besteak beste, 2018an abonatu kopuruan izandako %2.5eko igoera. Ildo horretan, kiroldegiko erabiltzaile kopurua urtetik urtera handitzen doala kontuan izanik, Arrasateko udal gobernuak azpimarra berezia jarri du kirol arloan eta herritarrei aukera berriak eskaintze aldera, Musakolako kiroldegi berriaren aurre proiektua idazteko proposamena jaso du 2018ko aurrekontu dokumentuan.

 

Aipatu dokumentuan jasotakoari jarraiki, beraz, abian jarri du dagoeneko etorkizunera begira eraikiko den kiroldegiaren aurre-proiektuaren idazketa. Horretarako, ordea, udal gobernuak ezinbestekotzat jo du herriko kirol arloko aditu zein ordezkarien iritzi, proposamen edota iradokizunak gertutik ezagutu eta jasotzea. Bide horretan, otsailetik hona, hainbat bilera egin ditu dagoeneko Arrasateko kirol elkarte, Leintz Eskola Kirola (LEK), kiroldegiko udal langile zein kirol zerbitzuak eskaintzen dituzten E-Goitek-eko teknikariekin.

 

Horrez gain, aintzat hartu ditu Kirolaren Plan Estrategikoa osatzeko kiroldegiko erabiltzaileei egindako galdeketen emaitzak, proposamenak zein ekarpenak. Halaber, joan den hilaren 9an, Tolosa zein Beasaingo kiroldegietara ere bisita egin du alkateak, Maria Ubarretxenak, beste udal langile zein teknikariekin batera, espazio horiek ikusi eta  eraikinen funtzionamendua ezagutzeko.

 

 

Jasotako informazio guzti hori kontuan hartuta, identifikatutako beharren taula osatu du Udalak eta hori izango da, hain zuzen, kiroldegi berriaren aurre-proiektuaren lan ardatz zein abiapuntua. Aurre proiektu horren lanketa EZKETA S.L.P. enpresa adituak burutuko du eta 14.447.40€ko aurrekontua (BEZ barne) izango du.

 

 (id: 1001422)Prozesu kolaboratzailea

 

Udal gobernuaren helburua da etorkizunera begira kiroldegi berria eraiki eta arrasatearrei kirol arloan aukera berriak eskaintzea. Horretarako lehen urratsa da, hain zuzen, aurre-proiektuaren idazketa eta, behin hori osatuta, parte-hartze prozesu bat abian jartzea da gobernuaren asmo eta xedea, horrela, herritar guztien artean Arrasateko kirol instalazioen nondik-norakoak definitzeko.

 

Behin-betiko proiektuak kontuan izango ditu, beraz, herritar ororen ekarpenak eta aldi berean, proiektu horren baitan jasoak geldituko dira Musakola, Antoña, Iturripe eta Uarkapeko instalazioen beharrak, esan bezala, kiroldegi berriak, erabiltzaileen behar eta eskaerei erantzun diezaien. “Ilusioz beterik heltzen diogu kiroldegi berriaren proiektu honi, etorkizuneko Arrasate eraikitzeko bidean funtsezko giltzarria delako eta, edonolako alderdikerien gainetik, Arrasate eta arrasatearren behar zein eskaerei erantzutea duelako helburu”, amaitu du udal gobernuak.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE