EAJ-PNV taldeak mozio bat aurkeztu du plenora, Beasain-Bergara autobia egiteko obrak geldi ez daitezen.
Alderdi jeltzalearentzat "beharrezkoak" dira Gipuzkoa barruan azken urteetan egin diren errepide guztiak:
AP-1 autopista, Urumeako autobia, Donostiako bigarren saihesbidea, Beasain-Bergara korridorea eta AP-8aren handitzea.
"Guzitak beharrezkoak dira", adierazi du Maria Ubarretxena zinegotziak, Euskal Herri "aurreratu" bat lortzeko.
EAJ-PNVren ustez, Aldundiak (Bilduk) adierazi du Beasain-Bergara arteko obrak "geldituko" dituela.
Bilduk erantzun dio Aldundiak adierazi duela "obrak ez dituela geldituko, baizik eta aztertuko dituela". Izan ere, instituzio publiko honek zorpetze zama astuna du:
"Aurreko legealdian Aldundiak (EAJ-PNV) 1.500 milioi euroko zorra eragin du. Ondorioz, departamentu guztietako aurrekontuak murriztu behar izan dira".
2012rako "PNV-k eta Hamaikak Batek dagoeneko 1.000 milioi euroko konpromisoa hartua zuten, baina diru hori eduki barik".
Honen aurrean, Bilduko Iraia Solak adierazi du "zorpetzea bidea ez" dela. "Aldundia aztertzen ari da Gipuzkoako zein proiektuei lehentasuna ematea. Horien artean Beasain-Bergara tramu egon daiteke. Baliteke hori 2016-2017an amaitzea, baina herritarrak hipotekatu barik".
Hori entzuterakoan, EAJ-PNV-k Bilduren jarrera zoriondu du. PSOE eskeptikoago agertu da, eta galdetu du "ea obretako kondizioak aldatuko diren".
Aralarreko Joxe Etxeberriak gogora ekarri du korridorea Beasain-Durango dela, eta "Deskargako tunela egitea bezain garrantzitsua" dela "Kanpazarreko tunela egitea".
Alkateak, Inazio Azkarragaurizarrek, baloratu du "krisian onargarria" dela "zorpetzea, betiere herritarren ongizatearen alde bada, eta ez makroproiektu inposatuak egiteko".
Botazioan aho batez onartu da EAJ-PNVren mozioa. Beraz, Udalak Aldundiari eskatuko dio gelditu ez ditzala Beasain-Bergara arteko tramuko obrak, bereziki Deskargako tunelaren zatia.