Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Igor Isasi entrenatzaileak taldea utziko du

"11 urte hauetan ahalegindu naiz errugbiaz dakidana jokalariei erakusten"

Errugbiaren goi mailatik iritsi zen, eta entrenatzaile lanetan hasieran zailtasunak izan zituen arren, 3 alditan mailaz igotzea lortu du. Entrenatzaile kargua uztea erabakia zuen, "interesgarria baita beste pertsona batek Arrasate entrenatzea". Zapatuan Arrasate zuzenduko du azken aldiz, Garagardo Azokaren asteburuan.

480.Errugbia.Igor.Agurra.INAKI-ARRIARAN (id: 4570805)


Argazkia: Iñigo Arriaran Olalde - ART / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko maiatzak 31, ostirala

 

- Zelan laburbilduko zenituzke Arrasate Rugby Taldean egindako 11 urteak?


- Hasieran ekipoa egoera batean zegoen, eta ni errugbiko goi mailatik nentorren. Arrasatek maila xume batean jokatzen zuen, eta kontraste asko zeuden nire ikuspuntuaren eta orduko jokalarien artean. 


Ondorioz, niri hasieran zail egin zitzaidan ikusteak jokalari batzuek ez zutela entrenatzen ezta partiduak jokatzen ere. Eurentzat errugbia, familiaren eta lanaren ostean, ez zen hirugarren lehentasuna. 


Gainera, sasoi hartan arraunean hasi nintzen, eta arraunarekiko konpromisoa geneukan, astean 6 egunetan entrenatuz. 


11 urte hauetan ahalegindu naiz entrenamenduetan eta partiduetan ahalik eta ondoen egiten, nik errugbiaz dakidana eurei erakusten.


- Baina jakin izan zenuen taldea zuzentzen, zentratzen.


- Bai, taldeak eta biok zentratu ginen, zuzendu ginen, eta norabide berbera hartu genuen. Horretarako, gauza batzuetan amore eman behar da, baina beste batzuk ez dira negoziagarriak:

 

Adibidez, jokalariek zelai barruan izan beharreko jarrera ez da negoziagarria, taldeari dena eman behar diote. Nik uste hori izan dela azken urteetako trukua arrakasta lortzeko, edo behintzat mailaz hirutan igotzeko.  


- Beraz, fase ezberdinak izan dira 11 urte hauetan?


- Orain direla 11 urte taldeak fitxa asko zituen, baina jokalarien parte-hartzea kontuan hartuta, fitxa kopurua ez zen erakusgarria. Jokalariei deika ibili behar izaten ginen, eta arazo horrek 11 urteetan jarraitu du.


Jokalari faltak asko mugatu du taldea, eta urte batean Durangoko taldearekin bat egin behar izan genuen. Txarto pasatu genuen, Durango gu baino maila altuago batean jokatzen zuelako, eta jokalari onenak kentzen zizkigulako.


Ondorioz, telefono zenbaki batzuk jaso genituen eta jokalari horiei deitu behar izaten genien. Taldea nolabait biluzik geratu zen. Sufritu genuen arren, egoera hura gainditu genuen, besteak beste, Arrasateko harrobiko jokalariak lehen taldera igotzen hasi zirelako.


Nire ustez hori gakoa da: eskolen bitartez harrobia lantzea. Harrobia landu dutenen eta dugunon lanari esker, errugbiak funtzionatu egiten du, areago Arrasate bezalako herri txiki batean eta Euskal Herrian oro har.


Bestela, babesle ekonomikoen diruarekin soilik zaila da behar bezalako talde iraunkor bat egitea, eta ez da nahikoa ere fitxaketa batzuk egitea. 


- Une gozoak bizi izan dituzu Arrasaterekin, mailaz igotzean esaterako.


- Baita edozein partidutan ere, partidua irabazi nahiz galdu. Funesera joan, partidua irabazi eta ondoren lagunarte giroan izatea gogoangarria da. Holako esperientzietan barre egiten duzu, zure taldekideak ezagutzen dituzu, eta momentu onak izaten ahalegindu gara.


Batzuek partidu bat etxean edo etxetik kanpo jokatzea egun galdutzat hartzen dute. Nik argi daukat partiduetan parte hartu duten jokalariek ez dutela sentsazio hori. Denok gura dugu irabaztea noski, baina galduta ere, errugbia maite dugu eta barren-barrenetik bizi dugu.


- Zer nahiago: jokalari ala entrenatzaile?

 

- Jokalari, duda barik. Oso ezberdinak dira jokalari eta entrenatzaile postuak. Hasierako partiduetan inbidia nien jokalariei, jokatzera irteteko gogoak nituen, eta oraindik badaukat neurri batean. Jokalari bezala askoz gehiago gozatu dut.

 

- Zergatik erabaki duzu ART uztea?

 

- Denboraldiaren hasieran klubari iragarri nion utziko nuela. Ez dago arrazoi berezirik, 11 urte asko dira. Zikloak egon badaude, eta interesgarria da beste pertsona batek Arrasate entrenatzea. Ez naiz nekatu, errugbia izugarri gustatzen zaidalako, baina komenigarria da aldaketak egitea.

 

Kontuan hartu behar da jokalari aritu ostean berehala entrenatzaile hasi nintzela, eta ondorioz ia ez dakit zer den asteburu bat libre izatea. Orain 38 urte ditut eta erabaki dut badela garaia konpromisorik gabeko asteburuak izateko, errugbiaz lotura barik gozatzeko.

 

Ez dakit errugbiaren falta sumatuko dudan edo ez, baina beste kirol batzuk praktikatzen ditut: piraguismoa, sokatira,... Gainera datorren urtean seguruenik oposaketak egin beharko ditut irakasle izateko, egun Gorputz Hezkuntzako irakasle naiz.

 

- Zelakoak dira ARTko 3. zatiak?

 

- Arrasatek eta munduko beste errugbi taldeek 3. zatia egiten dugu, guk Mojategiko tabernan egin ohi dugu. Etxeko taldeak jateko eta edateko batzuk jartzen ditu, eta epaileak ere bertan izaten dira entrenatzaileekin eta jokalariekin.

 

Zelaian izandakoak zelaian geratzen dira: partiduan irabazleak, galtzaileak, borrokak,... egon ohi dira baina 3. zatia beste esparru bat da. Une atsegin bat izaten da, eta nik behintzat ez dut inoiz tentsiozko 3. zatirik ikusi.

 

- Entrenatzaile lanak egiteaz gain, klubean beste lan batzuk ere egin dituzu.

 

- Errugbia ez da guztia, eta ARTrekin ere herri-kirolak antolatu ditut, Herriko plazako Garagardo Festaren harira. Gainera, Laidan eta Deban piraguan arraunean egin dugu. Ekimen pilo bat egin ditugu. San Fermin Txiki Jaian Iruñera joaten gara partidua jokatzera eta iruindarrekin ospatzen dugu.

 

- Klubak erabaki du nor izango den entrenatzaile?

 

- Julen Barrutia 18 urtez azpiko taldea zuzenduz lan oso ona egiten ari da. Talde horretako jokalari asko datorren denboraldian lehen taldera igoko dira. Julen hautagai oso ona iruditzen zait. 

 

Gainera IVEF ikasi du, errugbiko entrenatzaile tituluak lortu ditu, errubiaz asko daki, taldea kudeatzen jakin badaki,... Beraz, etxean bertan entrenatzaile izateko hautagai oso on bat dago. Zuzendaritzak erabakiko du nor aukeratu.

 

- Asteburu honetan taldea azken aldiz zuzenduko duzu, Zazpinako txapelketan?

 

- Zazpinako txapelketako egoera guretzat pixka bat aldrebesa izaten da: Garagardo Festan barrako txandak gaueko ordu txikietara arte egin behar izaten ditugu, 02:00 arte-edo.

 

Nik gura izaten dut Zazpinako Txapelketan ahalik eta jokalari gehien parte hartzea. Jokalariek batzuetan bixamonakin jokatzen dute, baina aurten lasai hartuko dut, etor daitezela nahi duten bezala, eta txapelketan ondo pasatzen saiatuko gara.

 

- Omenaldia egingo dizute bihar?

 

- Aurreko partiduan omenaldi bat egin zidaten, play off-eko partiduaren ostean pasiloa egin eta txapela bat oparitu zidaten. Ni omenaldi horrekin konformatzen naiz. Mojategiko zaletuen aurrean izan zen, eta oso eskertuta nago 11 urte hauetan Arrasate Rugby Taldean izan ditudan jokalari, guraso, zaletu, zuzendaritzako,... guztiei.

 

Baita zuei, kazetariei ere, errugbiari hedabideetan tokia egiteagatik. Jendeak emaitzak, partiduak,... ikustea guretzat oso garrantzitsua da.

 

- Mondraberriri dagokionez, aipatzekoa da Isei arduratzen dela errugbiaren gaurkotasunaz informatzeaz, eta bidenabar, lan hori guztiori eskertu nahi diogu.

 

- Isei urte guzti hauetan, astero-astero, partidu aurreko albistea, partidu osteko kronika,... egin ditu entrenatzailearekin edota jokalariekin kontaktuan. Lan handia eta eskerga egiten du. Iseiren lana oso garrantzitsua da eta eskertzekoa da.

 

- Zerbait gehitu nahi baduzu, edo erantzundakotik zerbait azpimarratu, aurrera Igor.

 

- Jendea errugbia probatzera animatu nahi dut. 8 eta 50 urte bitarteko pertsonak animatu gura ditut. Ni horrela hasi nintzen, errugbiak engantxatzen du.  

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE