Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Azpimarratzekoa ere Maialen Axperen brontzezko domina

Malen, Espainiako txapelketa absolutuko irabazlea: "5 egun entrenatzen ditut astero"

Bi arrasatear hauek pertika-jauziko kategoria absolutuko urrezko eta brontzezko dominak lortu berri dituzte. Arrakastaren arrazoietako bat "gure entrenatzailea da, Jonathan Perez".
595.Malen.Ruiz.de.Azua.2017an (id: 4527953)

Argazkiak: Zemo, RTVE eta GLH / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2017ko martxoak 20, astelehena 
 
 
Malen Ruiz de Azua Larrinagak (Arrasate, 1985) erdietsi du beste arrasatear bakar batek orain arte lortutakoa: Estatu mailako kategoria absolutuan urrea lortu du.
 
1980 urte inguruan Rosa Mari Otxandianok hori bera lortu zuen 1.500 metroko eta 800eko lasterketetan.
 
Malen atletismoarekin Lehen Hezkuntzako 3. mailan jolasten hasi zen. Izan ere, Eskola Kirolan parte hartzeaz gain, atletismoarekin ere dibertitzen zen.

Saskibaloi eta futbola ere praktikatu zituen DBHn, baina Malen "atletismoan serio hasi nintzen Jonathanek esan zidanean pertika-jauzian has nezala".

DBHko 1. edo 2. mailan izan zen, eta "orduan erabaki nuen beste kirolak uztea, pertika-jauzian zentratuz".

Ordutik eboluzio ikusgarria izan du: "Gazteagoa izatean errazagoa da eboluzio handiagoa izatea, gauza berriak ikasten eta aplikatzen dituzulako".

Urteek aurrera egin ahala, "orain, progresio hori txikiagoa da, eta ondorioz gehiago zentratzen naiz teknika hobetzen".

Bide horretan, azken urteetan estatu mailako junior, jubenil eta promesa mailetako urrezko dominak jantzi ditu.
 
Bide honetan, aurtengo otsailaren 18an, Salamancan, kategoria absolutuko pista estaliko txapelduna bihurtu da.
 
"Hori da Espainia mailan lortu nezakeen helburu gorenena, eta oso pozik nago". Oraindik promesa mailako adina duen arren, kategoria absolutuan nagusitu da.
 
"Txapelketan podiuma lortzea nuen helburu, baina ez nuen uste irabaziko nuenik", azaldu digu irribarre batekin. 
 
450.Malen.Ruiz.de.Azua.2017an (id: 4577245) 

Izan ere, "pertika-jauzilarien artean lehia estua dago, baina egunik onena izan nuen egun hartan [otsailaren 18an]".
 
Hau guztiau lortzeko "eguneroko lana eta konstantzia beharrezkoak dira, baina lehiaketako egunean ondo egotea eta zortea ere oso garrantzitsuak dira".
 
Malenek astean 5 egunetan entrenatzen du (igandea barne), eta lan-saio bakoitzak 2 ordu eta laurden inguruko iraupena dauka.
 
Izan ere, aurrez "lan guztiak eginda ere, lehiaketaren egunean egun txarra baduzu, jai daukazu".
 
"Dena perfekto atera zitzaidan, eta garaipenarekin penuria denak ahazten zaizkizu". 
 
Jauzilari batek zer dauka buruan saltoa egin aurretik? "Alde batetik, txapelketak baino lehen, erabakia dugu zein pertika erabili altuera bakoitzarentzat".
 
Ondoren, jauzi egin aurretik "imajinatu behar duzu zer-nolako saltoa eman nahi duzun. Nik azkenaldian bideoa erabiltzen dut, nik egindako salto baten irudiak ikusteko eta gogoan izateko. Salto egin aurretik jauzi eredugarri hori bisibilizatzen dut nire buruan".
 
Garaipena lortu ondoren familia, lagunek eta ezagunek zoriondu egin zuten, eta "bide horretatik jarraitzera" animatu zuten. "Lanarekin nahi dudan guztia lortuko dudala esaten didate".
 
Zelan ospatu zenuten? "Ez dago misterio handirik, Salamancako lehiaketa berandu amaitu zen, oso nekatuta nengoen, eta egun horretan ez nuen ezer berezirik egin".
 
"Hurrengo egunean denok bazkaltzera eta afaltzera joan ginen familiakoak, atletismokoak, lagunok,...".
 
Hemendik aurrera, "atleta guztien ametsa Joko Olinpikoetara iristea da, baina hori oso zaila dela jakin badakigu, pribilegiatu batzuek baino ez baitute lortzen".
 
Halere, "ametsak oso garrantzitsuak dira helburuak jartzeko, eta helburuak bidea poliki-poliki egiteko". 
 
"Badauzkat aurtengorako, datorren urterako eta epe luzerako helburuak, eta epe luzeko helburuen artean Joko Olinpikoak ditut".
 
595.Malen.Ruiz.de.Azua.ZEMO (id: 4613889) 
2015ean FC Barcelonak bera fitxatzeko eskaintza egin zion, baina Malenek Bidasoa taldea jarraitzea erabaki zuen.
 
Erabakia jakinda, "Bartzelonakoek esan zidaten euren ateak zabalik jarraitzen nituela. Ordutik Bartzelonatik ez dut eskaintza gehiago jaso".
 
Malenek bost urte inguru daramatza Bidasoa taldearekin, eta orain arte atletismoko Lehen Mailan (futboleko 2. maila izango litzatekeena) lehiatu da.
 
"Maila horretan lehiatzean erraza da atletismoko maila goreneko (Ohorezko Mailako) talde batek zu fitxatzea".
 
Alabaina, iaz Bidasoak kategoria gorenera igotzea lortu zuen, eta "horregatik orain fitxaketak zailagoak dira".
 
"Atletismoan gainera normalean atleta bera da bere burua klub bati eskaintzen diona, klub horrek fitxatu dezan".
 
Arrasateko atletismoak oro har une gozoak bizi ditu duda barik: "Negu hau oso ona izaten ari da guretzat, Istar, Iñigo, Maialen, Eneko eta boston lorpenekin. Pozgarria benetan".
 
Zein da Arrasateko atletismoaren arrakastaren arrazoia? "Nik uste gure entrenatzaileei esker dela. Pertika-jauzian Jonathanek goratu gaitu Istar, Maialen eta hirurok. Jauzi hirukoitzean gauza bera lortu du Mikel Uribesalgok".
 
"Arrasaten ez dago ezer berezirik, baina entrenatzaileak buru-belarri aritu dira, eta elkarrekin lan egin dugu. Azkenik fruituak iritsi dira".
 
Malenek eskerrak ematen dizkio "Jonathani, gurekin egunero hemen [Mojategin] lanean dabilelako, eta batzuetan egun txarrak ditugunez, pazientzia handia duelako".
 
Atleta gazteak ere eskertzen ditu babesle ekonomikoen ekarpenak: "Urrats Podologia Zentroa eta Arrasate Institutu Optikoa".
 
Izan ere, "atletismoa kirol minoritarioa denez, ez ditugu behar besteko laguntza ekonomikoak, eta babesleen laguntza asko eskertzen dugu". Zorionak sarituei eta eutsi goiari!
 

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE