Ezohiko estanparekin esnatu dira gaur goizean Otalora Lizentziaduna kaleko bizilagunak, Uarkape eta Kulturate artetik igarotzen den Aramaio errekaren barruan auto bat “aparkatuta” zegoela ikusi baitute. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez ezbeharra goizaldeko 4:15ak inguruan geratu da, autoa errepidetik irten eta hesia aurretik eraman ostean errekara jauzi denean.
Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak bertaratu dira istripuaren tokira, lekukoek auto barruan -kolore urdineko 4x4 ibilgailua- argia zegoela ikusi baitute. Bertan, baina, ez dute inor aurkitu. Aditzera eman dutenez, gidaria, 59 urteko gizonezkoa, onik irten da ezbeharretik eta ez du larrialdi zerbitzuen beharrik izan.
Udaltzainek dei bat jaso dute gertatutakoaz abisatuz, eta bertara joan direnean pertsona bat hurbildu zaie autoaren gidaria bera zela esanez; udaltzainek egiaztatu dute pertsona hori errekara jausi den autoaren jabea zela. Udaltzainek adierazi dutenez pertsona honek ez zueb inolako sintomatologiarik; ez alkoholarena, ezta drogarena ere.
Esan bezala, autoak, errekara erortzerakoan, ibaia inguratzen duen segurtasun hesi bat eta lorategiko zuhaixka bat apurtu ditu. Udaletxetik adierazi dute autoaren gidari bezala identifikatu den pertsona hau egin dela guztiaren kargu.
ARGAZKI GALERIA