Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Argazki-galeria
Kanpanzar Arrasatek estropezu egin du Gernikaren kontra Mojategin
Gorabehera handiko norgehiagokan, Igor Isasiren mutilek denboraldiko bigarren porrota jaso dute 22-29ko emaitzarekin. Astebeteko etenaldiaren ostean, sarrailagileek hilaren 21ean berrekingo diote ligari Iruñean.

Isei Barbero / 2018ko irailak 7, domeka



300 (id: 8857133)Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko bigarren porrota jaso dute.  Igor Isasik zuzentzen duen taldeak Gernika B izan du bisitari Mojategin eta, norgehiagoka hasieran markagailuan aurreratu badira ere, azkenean garaipenak Bizkaia alderako bidea hartu du.  Azken emaitza 22-29 izan da Gernika B-ren alde, oso borrokatua eta gorabehera handiak izan dituen neurketan.  Egindako entsegu kopuruari esker, sarrailagileek denboraldiko lehenengo bonus puntua lortu dute.

Norgehiagoka ezin hobeto hasi da Isasiren mutilentzat.  Taldea gogotsu zelairatu da, gernikarrak euren zelaian estutu eta, bosgarren minutua bete baino lehen, 7-0 aurreratu da markagailuan.  Bultz eginda, Iker Lazkano eibartarra izan da baloia entsegu eremuan jarri duen jokalaria eta, ondorengo transformazioan, Arizaleta beti bezain eraginkor aritu da baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan.  

Arrasatearren pozak, baina, ez du luzaroan iraun.  Entseguaren ostean Kanpanzar Arrasate bere zelaian sarrarazi du Gernikak eta, zenbait saiakeren ostean, 10. minutua bete orduko etxekoen abantaila murriztu du (7-5).  Batekin konformatu ez, eta atsedenaldira joan aurretik bizkaitarrek entsegu berri bat egin dute.  Zorionez, oraingoan ere ez dute asmatu transformazioa gauzatzerako orduan; halere, bigarren entsegu hori nahikoa izan da markagailua iraultzeko (7-10).

Isasiren mutilek borrokatzen jarraitu dute, baina gernikarrak sendo aritu dira berdegunean.  Lehen zatia amaitzear zela bisitariek eguerdiko hirugarren entsegua lortu dute, oraingoan ere, transformazioan asmatu barik.  Gauzak horrela, 7-15eko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia hasi eta gutxira kolpe berri bat jaso dute Isasiren mutilek, laugarren aldiz basurdeek arrasatearren entsegu marra gainditu baitute.  Oraingoan ez du dute barkatu baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan eta, modu honetan, 7-22koa igo da markagailura.  Atsekabea handia izan bada ere, sarrailagileak ez dira kikildu, eta bigarren zatiko ordu laurdena bete baino lehen partiduko bigarren entsegua egin eta bizkaitarren abantaila murriztu dute (12-22).

Entsegu berri horrek konfiantza eman dio talde zuri-moreari eta, bide beretik, 17-22koa jarri dute markagailuan.  Oraindik 20 minutu inguru geratzen ziren norgehiagoka amaitzeko, eta etxekok entsegu bakarrera zuten berdinketa.  Horren jakitun, borrokatzen jarraitu dute baina, zoritxarrez, Gernika izan da entsegu berri bat lortu eta errenta berriro ere handitu duena (17-29).  Bost minuturen bueltan sarrailagileen erantzuna iritsi da eta, markagailuak 22-29koa erakusten zuela, epaileak Bargiri txartel horia atera eta 14 gizonekin utzi du Kanpanzar Arrasate.

Ez da gehiagorako astirik egon, eta 22-29ko emaitzarekin amaitu da neurketa.  Orain Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek astebeteko atsedenaldia izango dute, hilaren 21era arte ez baita partidu gehiago jokatuko Euskal Ligako 1. Mailan.  Egun horretan Isasiren mutilek La Unicari egingo diote bisita.  Zalantza izpirik gabe, etenaldi honek mesede egingo dio talde zuri-moreari, gehien bat mina hartutako jokalariak errekuperatze aldera.

 

 

 


ARGAZKI-GALERIA IKUSTEKO KLIKATU HEMEN


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE