Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Burumakur etorri da Logroñotik Kanpanzar Arrasate
Isasiren mutilek 36-7 galdu dute Pradoviejon Errioxaren kontra promozioko aurreneko partiduan eta, modu honetan, maldan gora jartzen zaie salbaziorako bidea. Hurrengo asteburuan neurketa erabakigarria jokatuko da Mojatetin.

Isei Barbero / Argazkiak:  Iñigo Arriaran / 2019ko maiatzak 18, zapatua



Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek mailari eusteko baliagarria den promozioko aurreneko partidua jokatu dute zapatu honetan Logroñoko Pradoviejo errugbi zelaian eta, zoritxarrez, ezin izan dute garaipena etxera ekarri.  Urduritasun eta tentsioz beteriko neurketan –epaileak bi txartel gorri erakutsi ditu- etxeko taldea suertatu da azkenean garaile 36-7ko emaitzarekin eta, modu honetan, maldan gora jartzen zaie salbaziorako bidea Isasiren mutilei.  Datorren asteburuan norgehiagoka erabakigarria jokatuko da Mojategin eta, bertan, ezinbestekoa izango da garaipena eskuratzea beste urtebetez Euskal Ligako 1. Mailan jarraitzeko.

Porrota jaso arren ezin hobeto hasi da partidua Kanpanzar Arrasaterentzat, oraindik ordu laurdena bete barik zegoela Julen Bellanek lortutako entsegua eta Arizaletak gauzatutako transformazioari esker 0-7 aurreratu baita.  Lehen zatia amaitu aurretik, baina, etxekoek entsegua egin eta Isasiren mutilen aldea murriztu dute.  Zorionez, errioxarrek ez dute asmatu transformazioa gauzatzerakoan eta, honenbestez, sarrailagileak 5-7 joan dira aurretik atsedenaldira.

 

 

590 (id: 9425533)

Zapatu arratsaldean Pradoviejon jokatutako partiduaren irudia.

 

Bigarren zatian, ordea, Arrasateko taldearen gainbehera etorri da.  Baloia jokoan jarri eta gutxira etxekoek zigor kolpea zutoinen artera bidali eta 8-7 aurreratu dira.  Horrekin konformatu ez, eta 10 minutu beranduago arratsaldeko bigarren entsegua lortuta abantaila 15-7ra handitu dute.  Kolpe horrek min handia egin die arrasatearrei eta, hortik aurrera eta borrokatzen jarraitu badute ere, ezinean aritu dira.  Horretaz bikain aprobetxatu da Errioxa, eta norgehiagoka amaitu aurretik beste hiru entsegu eginda norgehiagoka erabakita utzi du amaierako 36-7ko emaitzarekin.

Kontuak kontu, maldan gora jarri zaie mailari eusteko bidea Isasiren mutilei.  Zaila bada ere, ez zaio ezinezkoa izango Kanpanzar Arrasateri salbaziorako txartela eskuratzea eta, horretarako, nahita nahiez Errioxa mendean hartu beharko du Mojategin datorren asteburuan 29 puntuko baino handiagoa den aldeagatik.  Garrantzitsua izango da oso zaleen babesa balentria hori lortzeko eta, ohi bezala, ziur asko Isasiren mutilei ez zaiela faltako euren hauspoa.  Denboraldi osoaren lana egongo da jokoan bertan!

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE