Koldo Carrillo- 2012/08/04
Euskal Herritik etorritako ehunka lagunek gaixotasun larriak dituzten presoak etxeratzeko deiarekin egin du bat gaur arratsaldean Arrasaten. Herrira mugimenduak deituta, preso hauen etxeratzea eskatu dute. Arratsaldeko 17:30etan, jendez bete zen Herriko plazan eta Arrasateko Udaleko ordezkariekin batera, tartean Inazio Azkarragaurizar Alkatea, ezker abertzaleko aurpegi ezagunek egin dute bat gaurko manifestazioarekin. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Joseba Permach, Pernando Barrena, Tasio Erkizia edota EH Bilduren lehendakarigai Laura Mintegi ikusi ditugu jendetzaren artean, besteak beste. Manifestazioaren buruan, Iosu askatu, Hamalauak herrira leloa irakur zitekeen pankartan.
Manifestazioari hasiera eman aurretik, Iosu Uribetxeberriak azken egunotan igorritako gutun bat irakurri dute bertaratutakoen aurrean. Bertan, azken asteetan presoari eta senideei babesa eskaini dieten herritar guztiei eskerrak eman eta testuinguru politiko berri honetan ezker abertzaleak emandako pausuak azpimarratu ditu, baita etorkizunean emango dituela baieztatu ere. Honekin batera, gatazka politikoan bi aldeek elkarrizketa bideratuz gero, “aurrera egiteko mesedegarria”, izango litzatekeela adierazi du Uribetxeberriak gutunean.
Manifestazioan ehunka lagunek hartu du parte eta Erdiko kaletik behera egin ostean, Garibaitik, San Andres auzora joan da manifestazioa. Gero, Zarugaldetik, alde zaharrera egin du jendetzak, Herriko plazan berriro guztiak biltzeko. Manifestazioan zehar Iosu Uribetxeberria eta beste hamahiru gaixo larrien etxeratzea eskatu dute eta Iosu askatu, presoak kalera, amnistia osoa, euskal presoak etxera eta gaixo larriak askatu leloak izan dira oihukatuenak.
Herriko plazan bueltan, pankarta zeramatzaten herritarrak eszenatokiaren gainera igo dira eta Ines Osinaga eta Mariasun Pagoaga arrasatearrek hartu dute hitza. Bertan, 2005. urtean Iosu Uribetxeberriari giltzurruneko minbizia diagnostikatu ziotela ekarri dute gogora eta horrekin batera, preso arrasatearrak dagoeneko etxean izateko eskubidea daukala adierazi dute. Hala, espetxe politika gogor salatu dute, Iosuri heriotza zigorra ezarri diotela kritikatuz. Beste behin, Iosu Uribetxeberria eta beste hamahiru gaixo larrien askapena eskatu dute.
ARGAZKI GALERIA