Erakusketa irailaren 8an inauguratuko da, asteazkena, eta 10era arte egongo da zabalik. Egitasmoaren aurkezpena gaur egin dute Debagoieneko Mankomunitatean, eta bertan Mikel Orobengoa, Koldo Azkoitia eta Angel Etxabe izan dira.
INEM-eko ordezkariek azpimarratzen dute langabezia-txartela berritzearen garrantzia. Bestalde, euren aurreikuspenen arabera Lan Erreformak “ez du eragin nabarmenik izango Arrasateko egunerokotasunean”.
Ino Galparsoro, Arrasateko historiaren lehenbiziko emakumezko alkatea, hamaika hilabete egin ditu erantzukizun horretan, PNV-ko agintaldiaren ondoren, “udaletxeko ateak guztiontzat irekiz”, prentsaurrekoan parte hartu duten arrasatearren hitzetan.
Errekonozimendu publiko bat egin diote Galparsorok burututako lanari, lehenengo zinegotzi eta gero alkate moduan: “Zenbat ordu, zenbat bilera,... egin ditu Inok herriaren alde. Orain herriak Inorekin egon behar du”.
Ezker abertzaleak gogora ekarri du PNV-ko zinegotzien buruak alkateari adierazitakoa: “Eskuzabal etorri zara, jarrera onarekin eta gauzak adosteko asmoz”.
150 herritarrek publikoki kondenatu dute pertsona hori “Espainiak bahituta” daukala, baina “gure alkatea izaten jarraitzen” duela. Espetxeratze horren atzean dagoen kausa identifikatu dute: “Ez dute nahi” Arrasateko ordezkari nagusiak “Espainiari aurre egitea”.
Gaur arratsaldeko agerraldi publikoan azaldutakoaren arabera, Arrasateko alkatea kartzelaratzea “arrasatear guztiei eraso egitea” da eta horregatik herritarrei erantzutea eskatu diete.
PNV eta PSOE-ri leporatu diete azken egunetan egin diren erasoak (besteak beste, manifestazio baketsuen aurkako kargak), eta horiei guztiei “stop esan behar” zaiela. Adierazpen hau irakurri da istiluen aurkako Ertzaintzak parkea hartuta zeukan bitartean.
Ertzaintzak Monterrongo adierazpena geldiarazi du, prentsaurrekoan parte hartzen ari ziren gutxi batzuk (mahaian zeudenak) identifikarazi ditu, eta espediente administratibo bat ezarriko zaiela jakinarazi die, argudiatuz alkatearen askatasunaren aldeko ekitaldia konbokatuta ez zegoela.
Hori egin duen Gasteizko Gobernuaren Poliziako agenteak estropozu egin du mahai gainean jarritako komunikabideen mikrofonoekin, eta lurrera bota ditu. Adierazpenak jasotzeko mikrofonoak lurrean. Sinbolikoa.
Ertzaintzaren esku-hartze honetaz aparte, elkartutakoek adierazpenari jarraipena eman diote, eta marko demokratikoa finkatzeko borondatea agertu dute, “herri honek konponbidea eta askatasuna nahi dituelako. Hori da bidea, ez errepresioa”.
Elkartutako herritarrek euren maitasuna eta elkartasuna agertu diete Ino Galparsoro eta EAE-ANV-ko beste sei zinegotziei.
Iragarri den moduan, etzi (osteguna) greba orokorra egingo da Arrasaten, eta egun berezi horretako goren puntuak manifestazioak izango dira: eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 19:00etan.