Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Mondrako Zuzendaritzak klubaren egoera ekonomikoaren berri emango die bazkideei
Gaur, astelehena, Ezohiko Batzar Orokorra ospatuko dute Kulturaten. Hitzordua arratsaldeko 18:30etan izango da lehen deialdian, eta 19:00etan bigarrenean.

Isei Barbero / Argazkiak:  MB artxiboa / 2011ko abenduak 5, astelehena


 

Hautsak harrotuta dabiltza Mondrako bazkideen artean azkenaldian, hori dela-eta, gaur -astelehena- arratsaldean Ezohiko Batzar Orokorra ospatuko dute Kulturaten.  Arratsaldeko 18:30etarako deituta dago aurreneko deialdia, eta 19:00etarako bigarrena.  Horrelako hitzorduetan ohikoa den moduan, bigarren deialdirako osatuko da batzarra, hau da, arratsaldeko 19:00etarako.

 

Uztailean ospatu zuten azken batzarra Mondrako bazkideek, Urteko Batzar Orokorra, hain zuzen.  Egun horretan giroa bero-bero egon zen, eta klubaren egoera ekonomikoak sortu zituen ika-mika gehien Mojategin batutako dezena inguru bazkideen artean.  Autobus konpainia eta Astore arropa enpresarekin Mondrak dituen zorrak izan ziren mintzagai, eta baita pasa den urteko irailean Arrasateko alde zaharrean klubak zabaldu zuen Mondra taberna -lehen Lagunilla zena-.

 

Uztaileko batzar horretan bazkideek ez zituzten argi ikusi Patxi de Andres presidentea buru duen Zuzendaritzak aurkeztutako datu ekonomikoak, eta kontuak aprobatzeke geratu ziren.  Tabernaren inguruko kontabilitaterik ez zuten aurkeztu hitzordu horretan, “balantzea ixteko gutxienez urtebete igaro behar dela” argudiatu zuen Patxi de Andresek.  Honenbestez, datu hauen guztien berri emango du Mondrako Zuzendaritzak gaur arratsaldeko batzarrean.

 

590 (id: 8722635)Uztailean Mojategin ospatutako batzarra.

 

Esan bezala, bazkide talde batek eskatuta deitu du Ezohiko Batzar Orokorra Mondrako Zuzendaritzak.  Mondraberrik jakin izan duenez klubaren egoeraz arduratuta orain dela pare bat aste bildu zen lantalde hau Mondrako presidentearekin, euren kezken berri eman eta bazkideen aurrean zenbakiak aurkeztu ditzan eskatzeko.  Bazkide horietako batek hainbat sinadura bildu zituztela ere jakinarazi digu, “baina zorionez azkenean ez dugu horiek erabiltzearen beharrik izan”.

 

Klubean ibilitako jendea eta jokalari ohi batzuen gurasoak egon badaude bazkide multzo honen barruan, besteak beste,  “eta klubaren benetako egoera ekonomikoa zein den” jakitea da euren ardurarik nagusia.  “Urtebeteren bueltan ez dugu tabernaren kudeaketaren inguruko datu bakar bat ere jaso, ezta kluba berarena ere”, azaldu digu bazkideetako batek.    “Jakin badakigu kontu horien guztien ardura presidenteak bakarrik eramaten duela, horregatik informazio falta horrek ezinegona piztu du gure artean”.

 

 

De Andres lasai

 

Kontu hauen guztiengatik galdetuta, Patxi de Andres presidentea lasai agertu da gaurko Ezohiko Batzar Orokorraren atarian.  Uztaileko batzarrean kontuak argi aurkeztu ez zituztela onartu badu ere, “oraingo honetan klubaren egoera ekonomikoaren inguruko datu guztiak aurkeztuko” dituztela aditzera eman du.  “Zenbaki guztiak bere lekuan daude, eta ez daukat inongo gauzarik ezkutatzeko”, dio.  Asmoa "polemika sortzea" ez bada ere, berarekin bildu den lantaldearen itzalpean “esku beltz bat” dagoela gaineratu du.

 

Kontuak kontu, eta horrelako hitzorduetan ohikoa den moduan, azken hitza bazkideek edukiko dute, euren esku egongo baita Mondrako zuzendaritzak aurkeztuko dituen aurrekontu eta balantzeak onartzea.  Hitzordua arratsaldeko 18:30etatik aurrera izango da Kulturaten. Bertan, ondorengo gaiak jorratuko dira:

 

  • 2010/2011 denboraldiko aurrekontuak onartzea.
  • 2011/2012 denboraldiko aurrerapena.
  • Mondra tabernako balantzearen aurkezpena.
  • 2011/2012 denboraldiko aurrekontua.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE