Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   

Greba Orokorra: Murrizketek eragindako kalteen testigantzak

Gure herrikideen artean, badira iraupen luzeko langabetuak, 300 € baino gutxiago kobratzen dituzten pentsionistak, zailtasunetan diren pertsona etorkinak,…

Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2012-ko irailak 19, asteazkena

 

Aste bat barru (irailaren 26an) Greba Orokorra egingo da Arrasaten eta Hego Euskal Herrian.

 

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta beste sindikatu batzuek dei egiten dute huelgan parte hartzera. Baita erakunde sozial ugarik ere.

 

Adibidez, Arrasateko Greba Batzordea ere halaxe egiten dabil. Hortaz gainera, murrizketak gehien jasaten dituzten kolektiboetako pertsonen deiak ere jaso nahi izan ditugu Mondraberrin. Hemen dituzue:

175.Greba.Langab.Patxi (id: 8451326)

Patxi Agirrebeña, langabetua:

 

“Udako sargoriaren ondoren udazkenta eta negua ere zein baino zein "beroagoak" datozkigula dirudi. Austerizidioak jotako neurri ekonomikoek gogor urratu dituzte luzaz herriak eskuratutako gizarte eskubideak eta balizko erreskate (ala bahiketa') baten zurrumurruek amildegiaren hondora oraindik ez garela iritsi iragartzen digute. Horregatik, irailaren 26rako deitutako greba bezalako ekintza puntualak urrats bat gehiago baino ez dira izan behar zanpatutako eskubide horiek berreskuratzerako orduan. Nire aldetik, greban parte hartu eta horretarako gonbita luzatzeaz gain, hausnarketa apal baterako gonbita ere luzatu nahi dizuet. Ekintza eta hausnarketa uztarturik joan behar direla pentsatzen dudanez, eta grebarako arrazoi orokorrak errepikatzeaz haratago, gure ingurune hurbilean pairatzen ari garen egoera aztertzera dei egiten dizuet, ahal dudan neurrian proposamen eraikitzaileak jorratuz. Horretarako, Arrasateko kontestu ekonomikoaren zertzelada batzuk zirri-borratu nahi ditut:

 

1. Azken datuen arabera herriko langabezi tasa %13-koa da. Ez da hain altua beste zonalde batzuenarekin alderatuz, baina bai larria pairatzen dugunontzat. Langabetuetariko asko denbora luzeko langabetuak gara eta adin batetik aurrerakoak, berriz ere laneratzeko kontra ditugun bi faktore.

2. Langabetu horietako asko kooperatibetako aldi baterako langile ohiak gara. Kontutan har dezagun kooperatiba bateko kide ziren arrasatearren kopurua %49koa zela 1989an eta ehuneko hori %23ra jeitsi zela 2003ko Arrasateko Udaleko Txosten Soziekonomikoaren arabera. Horrek zera esan nahi du, kooperatibek lan gehien sortu zuten urteetan lan horren kopuru handi bat prekarioa zela (prekarioa=aldi baterakoa + ordezkaritza sindikalerako eskubiderik gabea), alde batetik, eta egindako bazkide asko, Mondragon Taldera barneratutako enpresetako langileak bazkidetuz egin zirela, beste faktore batzuen artean. Horrek ekarri du 2009. urtean Fagor Taldeak ia berak soilik 1.000 langile inguru kaleratzean, inpaktua hain gogorra izatea.
3. Beste langabetu kopuru bat merkataritza txikitik eta ostalaritzatik gatoz. Batetik, sektore hauek neurriz gain garatu ziren gurean, garai batean izandako kontrolik ezaren eta araudien aplikazio ezaren eraginez, neurri handi batean,ondorioz askok ekonomia beltzeko praktikak garatu zituztelarik. Araudiak zurrunago aplikatu ahala, praktika horiek hainbat negoziok bizirauteko ezinbestekoak bilakatu ziren eta prekariotasuna endemikoa bilakatu zen. Krisi ekonomikoak eragindako testuinguru ekonomiko eta fiskala heriotza zigorra izan da negozio hauetariko askorentzat baina hondamen honen haziak aspaldi zeuden ereinda. Errua etorkinek sortutako negozioari leporatzea ez da zuzena, hauek testuinguru berean, araudi eta baldintza fiskal berekin lehiatzen baitute eta merkataritza praktikak egokiak ala desegokiak izateak ez baitu zerikusirik jatorriarekin, profesionaltasunaren eta dagozkion instituzioen aldetik kontrol egokia egotearekin baino.
4. Ironiaz diote batzuk aspaldian, gurean ikerkuntza eta garapenaren alde "apustu" egiten dugun bezala, Madril aldean, Eurovegas bezalako proiektuen alde egiten dutela, hau da, "apustu egite hutsean" gelditu direla, alegia. Bada, guk ere badugu gure Vegasgoiena propioa Garaia Berrikuntza Gunearen estalpean, ikerkuntza gune PRIBATU honetan xahututako diru PUBLIKOAK ekarri dituen emaitza urriak ikusita. Koiuntura soziekonomikoa aldatu ahala garai batean egindako plangintzak ere birplanteatu beharko ditugu, bai lurralde antolaketa eredua, bai garapen eredua.
5. Testuinguru bortitz honetan Lanbideren antolaketa berriak ez du onura handirik ekarri. Gizarte-laguntzen kudeaketa eskasa eta laneratzerako politiken porrotak lotsagarriak dira baliabide publikoen kudeaketa egokiaren ikuspuntutik eta giza eskubideak urratzeraino heltzen dira, Arartekoaren berak behin eta berriz salatu duen bezala. Argi gera bedi ez diedala errua bertako langileei botatzen, bertan ere profesional bikainak egon baitaude, egoera honekin ere sufritzen dutenak eta nire ulermena dutenak, baina bai beronen ardura duten agintari politikoei.
6. Krisiari aurre egiteko ditugun baliabideak ere murriztuta daude gizarte-mugimenduen aldetik. Caritas Diocesana, Eliza Ebanjelikoak edota Janari Bankuak bezalako erakundeek egindako lana eskertzekoa izanik ere, karitateaz haratago elkartasun ekimenak ere garatu behar ditugu, herriko elkartasun sareak berreraiki eta eredu sozioekonomiko berri baten oinarri izango diren auzolan-ekimenak abiaraziz. Gure herriko historian atzera begiratuz gero eta kooperatiben mugimenduaz gain, eduki baditugulako ereduak, Hermandad de San Felipe Apostol edota Unión Cerrajeraren gerizpean sortutakoak kasu”.



175.Greba.Pentsion.Kontxi (id: 8476680)

Kontxi Riviere, pentsionista:

 

“Jendea beldurrez dago. Prezioak gorantza doaz, baina pentsioak ez dira igotzen… Rajoy eta besteak jarriko nituzke pentsio batekin bakarrik bizitzen, hilabete batzuetan zehar, ea zer egiteko kapaz izango lirateke…

 

Politikoek murrizketak iragartzen dituztenean, ez dute inolako lotsarik erakusten. Has daitezela murrizketak egiten aberatsenen artean. Bizitzeko nahikorik ez daukanari, zer kendu diezaiokezu??

 

Nik Abaroako kuoten gaiaz arduratzen naiz, beste batzuen artean. Pentsionista batzuentzat 9 euroko kuota oso gutxi da, hilabeteko 1.700 euroko pentsioak jasotzen dituztelako, baina beste batzuentzat asko da, 300 euro baino gutxiago jasotzen dituztelako.

 

Gainera pentsiodun batzuek etxean seme-alabak dituzte. Espainiak pentsioak murrizten baditu, estutasun handietan sartuko da. Orduan ikusiko litzateke benetan krisiaren tamaina.

 

Krisietan ere kaltetuenak emakumeak gara. Hemendik aurrera gure kapritxo kopurua jaitsi beharko dugu. Itzuliko gara pentsionistak gazteagoak ginen garaiko bizitza-estilora: urratutako arropa zaborrera ez bota, baizik eta konpondu eta berrerabili,…
Martxa honetan pentsionistak kalera irten beharko gara. Ez dakit protesta horrek eragin handirik izango lukeen, baina balioko luke agintariei esateko “adi, hemen gaude!

 

Krisi honek ez du irtenbide errazik, eta uste dut hauteskundeen ondoren, murrizketa gehiago ezarriko dituztela”.

 

 

175.Greba.Etork.Victoria (id: 8504863)

Victoria Justiniano, pertsona etorkina:

 

“Prezioak dagoeneko garestiak dira, soldatak murrizten diren bitartean. Ez dago eskubiderik.

 

Agintariek ez dute euren buruarengan bakarrik pentsatu behar: Jendearengan ere pentsa dezatela, batez ere, kolektibo behartsuenengan. Hauteskundeetan dena prometitu ziguten, eta orain ezer gutxi ematen digute”.

 

 



Greba eguneko mobilizazioak:

- Goizean mobilizazioak izango dira, jakitera emango direlarik.

- Eguerdiko 12:00etan manifestazioa Gasteizen.

- Arratsaldeko 18:00etan manifestazioa Seber Altubetik.

 



Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE