Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Urte osoko lana izango du jokoan Kanpanzar Arrasatek zapatu honetan
Isasiren mutilek Errioxa hartuko dute Mojategin 17:00etatik aurrera eta, mailari eusteko, ezinbestekoa izango da garaipena eskuratzean 29 puntuko baino handiagoa den abantailarekin. Joaneko partiduan sarrailagileek 36-7 galdu zuten Pradoviejon.
Isei Barbero / Argazkiak:  artxiboa / 2019ko maiatzak 24, ostirala


392 (id: 8422212)Zapatu honetan, hilak 25, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek mailari eusteko baliagarria den promozioko bueltako partidua jokatuko dute Mojategin eta, bertan, denboraldi osoko lana izango dute jokoan.  Igor Isasik zuzentzen duen taldeak Marzola Errioxa hartuko du etxean eta, iragan astean Logroñon porrota jaso ostean, ezinbestekoa izango da garaipena eskuratzea beste urtebetez Euskal Ligako 1. Mailan jarraitzeko.  Hitzordua 17:00etan izango da eta, norgehiagokaren garrantziaz jakitun, klub zuri-moretik deia luzatzen diete jarraitzaile zuri-moreei “Mojategira gerturatu eta taldea animatu dezaten”.

Zenbait asteko ezjakintasunaren ostean iragan astean Eusko Jaurlaritzaren ebazpenak argia ikusi zuen, eta bertan arrazoia eman zioten Kanpanzar Arrasteri.  Izan ere, Ordizia B-ren kontrako partiduan lege-iruzurra egitea leporatuta, bere garaian Euskadiko Errugbi Federazioaren Kirol Diziplinarako Batzordeak 4 puntu kendu zizkion talde zuri-moreari.  “Bidegabekeri” honen aurrean Ane Agirre buru duen Zuzendaritza batzordeak helegitea aurkeztu zuen Kirol Justiziako Euskal Batzordean eta, esan bezala, honek arrasatearrei arrazoia eman eta lau puntu horiek itzuli ostean, pasa den zapatuan ekin zioten promozioari Logroñon.  Zoritxarrez, Errioxaren kontrako norgehiagokan lortutako emaitza ez zen aldekoa izan, tentsioz beteriko partiduan 36-7 nagusitu baitziren etxekoak.

Gauzak horrela, maldan gora dute salbaziorako bidea Isasiren mutilek; zaila, bai, baina ez ezinezkoa.  Beste urtebetez Euskal Ligako 1. Mailan jarraitzeko 29 puntuko baino alde handiagoagatik nagusitu beharko dira zapatu honetan Mojategin.  Balentria hori egitea ez da lan erraza izango baina, esan bezala eta zaleen hauspoa bidelagun,  Arrasateko taldea kapaz izan daiteke kanporaketari buelta eman eta salbaziorako txartela lortzeko.  Logroñon sarrailagileek lehen zati bikaina egin zuten, eta 5-7 joan ziren aurretik markagailuan atsedenaldira.  Aurreneko 40 minutu horietan ondo egindakoak aintzat hartu eta Mojategin errepikatzea izango da gakoa errioxarrak mendean hartzeko.

Kontuak kontu, asko egongo da jokoan zapatu arratsalde honetan Mojategin eta, horregatik, Arrasate Errugbi Taldeko zuzendaritzatik deia luzatzen diete zaleei:  “Denboraldia gogorra izan da oso, zailtasunez beteta, horregatik azken norgehiagoka honetan jokalariek inoiz baino gehiago behar dituzte zaleen animoak”.  Esan bezala, kanporaketa maldan gora dago zuri-moreentzat, “baina talde honek behin baino gehiagotan erakutsi du edozertarako gai dela, ahalik eta gehiago jarraitzaileen hauspoa alde duenean”.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE