Mondra Futbol Taldeko Zuzendaritzak aditzera eman duenez, klubeko bazkideek igande eguerdira arte euren bazkide-txartelak jaso ahalko dituzte Mondra tabernan. Era berean, arratsaldeko 16:30etan Mojategin Aretxabaletaren kontra jokatuko den partiduan ere jasotzeko aukera izango dute. Zentzu honetan, klubeko arduradunek mahai bat jarriko dute futbol zelaiaren sarreran, nahi duenak bere datuak eman eta bazkide egiteko.
Bestetik, datorren astean klub zuri-moreak jokalari zein gurasoei zuzendutako hitzaldia antolatu du. “Gure futbol jokalarien kirol planifikazio eta formazioan hobekuntzak” lemapean, Aitor Laskurain Mondra Futbol Taldeko fisioterapeutak elikadura, diziplina, talde-lana edota nortasuna bezalako gaien inguruan jardungo du. Hitzordua Kulturateko Loramendi gelan izango da, eta eguna oraindik zehaztu barik baldin badago ere, “seguruenik astearte edo asteazkenean izango da”, jakinarazi dute klubetik.