Testua: Koldo Carrillo/Argazkiak: Goikobalu Gazte Abesbatza- 2012/08/06
Goikobalu Gazte abesbatzako kideak atzo itzuli ziren Italiako Torino hirian izandako Europa Cantat jaialditik. Rakel Murgiondo zuzendariarekin batera, 12 kantari gaztek hartu dute parte esperientzia musikal honetan eta Murgiondok balorazio oso positiboa egin du bizitakoaren gainean. Honek azaldu digun moduan, musikaren inguruan bizitako egunak izan dira hauek. Uztailaren 31an abiatu ziren abeslari arrasatearrak Italiara eta atzo itzuli ziren, Ameriketako Estatu Batuetako Denise Graves izpiritual adituarengandik eskolak jaso ostean.
Europa Cantat jaialdian musika estilo ezberdineko tailerrak aurki daitezke eta arrasatearrek gospel tailerrean hartu dute parte. Rakel Murgiondo zuzendariak adierazi digunez, ikastaro gogorra izan da, “irakasle zorrotza eta maila altuko tailerra izan da, gazteei pixka bat gogorra egin zaie”, esan digu. Goizez, Graves adituaren eskolak jaso dituzte, baina aisialdirako denbora ere izan dute. Murgiondok gaineratu duenez, itzelezko beroa izan dute Torinon eta hala, denbora librean, Italiako izozki famatuak dastatu dituzte besteak beste. Honetaz gain, abeslari ezberdinekin harremanak egin, erosketak egin edota Torino hiria ezagutzeko aukera izan dute.
Mundu guztiko 4.200 abeslari bildu ziren jaialdian
Goikobalu Gazteko kideek jende ugari aurkitu dute Europa Cantat jaialdian, “mundu osoko 4.200 lagun bildu ginen han eta gure tailerrean, 164 abeslari geunden”, esan digu abesbatzako zuzendariak. Harreman berriak egiteko aukera izan dute arrasatearrek Torinon eta Valentzia, Katalunia edota Italiako beste abeslari batzuekin izan dute hartu-emana. Hortaz, baliagarria izan zaie beste abesbatza batzuk ezagutzeko eta etorkizunean, “elkartruke musikalen bat egiteko aukera hor dago”, gaineratu du Rakel Murgiondok.
Arrasatearrek emanaldi bi eskaini zituzten jendaurrean
Orokorrean, “esperientzia oso polita” bizi izan dute Goikobalu Gaztekoek eta jendaurrean, beren ahotsak erakusteko aukerarik ere izan dute. Izan ere, zapatuan, eliza batean eskaini zuten kontzertua Goikobalu Gaztekoek eta Torinon ikasitako sei abesti interpretatu zituzten. Bestalde, jaialdiko antolatzaileek proposatuta, gauean beste kontzertu bat eskaini zuten kanpoan. “Jaialdiari bukaera emateko kontzertua izan zen eta bi abesti kantatu genituen”, azaldu digu zuzendari arrasatearrak. “Plaza bete-beteta zegoen”, dio eta bertan, Europako, Gipuzkoako eta Euskadiko Abesbatzen Federazioetako ordezkariak ere izan ziren.
Rakel Murgiondok esan digunez, hiru urte barru Hungarian ospatuko da Europa Cantat jaialdia eta dagoeneko, kantari gazteak irrikaz daude bizitako esperientzia errepikatzeko.