Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Maitane Olabarrieta ikertzaile arrasatearra:

"Aldaketa klimatikoa geratzeko gure bizimodua berehala aldatu behar genuke"

Amerikako Estatu Batuetako zientzialariei zuzendutako sari nagusietako bat jaso du aurten Maitanek. Ikertzen dihardu estuario eta itsasadarren formak nola aldatzen diren mareen, olatuen eta ur geza eta sedimentu motaren arabera.
595.Maitane.Olabarrieta.Saria.AEBetan.FAMILIA-DIARIOVASCO (id: 8774271)
Goiko argazkia: Familia - Diario Vasco / Testua: mondraberri.eus / 2019ko irailak 25, asteazkena
 
Maitane Olabarrieta Lizaso (Arrasate, 1976) Amerikako Estatu Batuetan ikertzen dihardu estuario eta itsasadarren formak nola aldatzen diren mareen, olatuen eta ur geza eta sedimentu motaren arabera.
 
Izan ere, "oraindik ez dugu guztiz ulertzen estuarioen eta itsasadarren formak (landscape) nola aldatzen diren indar hauen arabera, eta ez dakizkigu indar hauek aldatzen badira (aldaketa klimatikoaren eraginez, esaterako) zein izango diren ondorioak".
 
Maitanek itsasadarrekiko interes handia izan du orain direla hainbat urtetatik: "Santanderren masterra ikasten ari nintzenean surf egitea gustatzen zitzaidan, eta itsasadarretako olatuak onenak ziren, paisaia ikusgarria normalean, eta estuario barruan izugarrizko ekosistema aberatsak".
 
Izan ere, estuarioen ekosistemak "oso dinamikoak dira (kostaldeko sistema dinamikoenetakoak), beti aldatzen ari dira olatuen eta mareen arabera. Hemen gertatzen diren prozesu ozeanografikoek garrantzi handia dute estuarioko ekosistemetan".
 
Prozesu horiek "adibidez ur gaziaren eragina, estuarioaren formaren arabera aldatzen dira. Ikusten ditugun formak (padurak, kanalak, ...) indarren eta formen arteko feedbacken ondorioa dira".
 
Ikerlariak estuarioen garrantzia azpimarratu du: "garratzi handia dute ekologikoki, ekonomokoki eta sozialki. Adibide bat: esan dezagun aldaketa klimatikoaren eraginez itsasoaren nibela igo egingo dela. Horren eraginez estuarioaren korrente sistema aldatu liteke eta sedimentuak nola mugitzen diren".
 
Era berean, "padurak oso garrantzitsuak dira estuarioetako ekosistementzak, eta hauek desagertu litezke itsasoaren nibela igotzen baldin bada eta sistema sedimentu gutxi sartzen bada".
 
Maitane Olabarrietaren ikerketak helburu ditu "aldaketa hauek hobeto ezagutzea, eta aldaketok iragartzeko modelo matematikoak hobetzea". Hartara, "teknika desberdinak erabiltzen ari gara".
 
Ikerketa hasi bezain laster "urakan bat pasa zen nire ikerketa gunetik eta izugarrizko aldaketak eragin zituen. Handik urtebetera Irma urakana pasa zen bertatik eta duela gutxi Dorian. Hiru ekaitz hauen eragina ikertu dugu eta gure modelo matematikoak hobetu".
 
Klima aldaketaren kalteez galdetu diogu Maitaneri, eta argitu digu berak ez dituela horiek zuzenean ikertzen, baina bere ezagutzan oinarriturik, ondokoa erantzun digu:
 
"Nire ustez klima aldaketak eragiten dituen kalteek badute konponbidea, baina horretarako gure bizitzeko modua eta sistema ekonomikoa aldatu behar genituzke, oso-oso aguro".
 
Kostari dagokionez, "presio antropologiko piloa ditu, eta presio hauek globalki etorkizunean gogorragoak izango direla iragarten da, gero eta jende gehiago bizi baita kostaldean".
 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE