Testua: Koldo Carrillo/Argazkiak: K.C. eta MB artxiboa- 2012/08/02
Azken asteotan, Iosu Uribetxeberria preso arrasatearra da albiste herrian zein hainbat hedabidetan. 2005. urtean diagnostikatu zioten giltzurruneko minbizia eta duela gutxi, gaixotasunak okerrera eginda, minbiziaren berragertzearen berri eman zuten medikuek. Herrira mugimenduak, egoera larriaren aurrean, manifestazio nazionala deitu du Arrasaten, arratsaldeko 17:30etan, Iosu eta gainontzeko gaixo larrien etxeratzea eskatzeko.
Atzo jakin genuen Iosu Uribetxeberria preso arrasatearra Donostiara ekarri dutela. Azken albisterik ba al daukazue?
Zabaiako espetxera ekarri dute eta hortik, zuzenean, Donostiako ospitalera eraman dute. Bertan proba batzuk egin behar dizkiote eta hori da dakiguna.
Iosu Arrasatera ekartzeko asmorik ba al daukate?
Oraingoz ez. Hori da guk eskatzen duguna. Duela zazpi urte diagnostikatu zioten giltzurruneko minbizia eta ordutik, hona ekartzea eskatzen ari gara. Orain, Donostiara ekarri izana, Leonen mantentzea baino hobea da, batez ere familiarentzat. Dena dela ere, uste dugu dagoen egoeran, bere eskubidea etxean egotea dela eta Iosu etxeratu arte, lanean eta kalean egoten jarraituko dugu.
Azken egunotan jakin dugu Iosu Uribetxeberriaren egoera oso larria dela. Uste al duzue espetxeko bizimoduaren ondorioz okerrera egin duela bere gaitzak?
Guk, Herrira mugimendutik, medikuen informeei erreparatzen diegu. 2005. urtean, Iosuri minbizia diagnostikatu ziotenean, presoari giltzurruna kendu eta operatu zioten Donostiako ospitaleko medikuek, garbi esaten dute azken sei-zazpi urteetan egindako informeetan, Iosu “arrisku handiko pazientea” zela, berriro minbizi lokala izateko edo minbizi hori metastasi moduan zabaltzeko. Hortaz, medikuek adierazten zuten Iosuren gaixotasunak jarraipen zehatza eskatzen zuela eta espetxeko egoera ez dela egokiena jarraipen hori aurrera eraman ahal izateko. Bere momentuan erabaki bat hartu zuten giza eskubideen gainetik Iosu espetxean mantentzeko eta orain, minbizia zabaldu zaiola, nik uste, beraien helburua lortu dutela. Ezin dugu ziurtatu kanpoan berdina gertatuko ez litzaiokeenik, baina jarraipen zehatzagoa eta baldintza hobeak izango lituzke gaixotasunari aurre egiteko.
Gogora ekarri behar da 2005ean, giltzurruneko minbizia diagnostikatu ziotela Iosuri. 2006an, baldintzapeko askatasuna eskatu zen, gaixotasun larri eta sendaezina izateagatik, baina hurrengo urtean, eskaera ezeztatu zioten. Zein testuingurutan kokatzen duzue erabaki hau?
Espetxe politika helburu politiko konkretuetarako erabiltzen dute. Konstituzioan hainbat eskubide dituzte idatzita eta hor garbi adierazten da gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak kalean egon behar dutela, tratu eta baldintza duinak izan ditzaten. Giza eskubideen gainetik erabaki politiko batzuk baldin badaude preso horiek ez askatzeko, giza eskubideak urratzen dituzte.
Etxerat-ek Iosu Uribetxeberriaren egoera larriaren aurrean emandako prentsaurrekoa.
Zuen ustez, ze jarrera hartu beharko luke Gobernu espainiarrak euskal presoekin?
Gure ustez eta azkenaldian aldarrikatzen gabiltzan moduan, muturreko egoerak gainditzen joan behar dira, arrazoi humanitarioengatik soilik. Hamalau gaixo larri horiek espetxean izatea giza eskubideen aurka doa zeharo. Bestalde, bizi osoko zigorraren deuseztapena eskatzen dugu. Are gehiago, Europatik adierazi diote Espainiar Gobernuari giza eskubideen aldetik, urraketa nabariak suposatzen dituela honek eta bukatzeko, sakabanatzea etetea. Astero 40 minutuko bisita egiteko errepidean ematen dute asteburua senide eta lagunek, horrek dakarren guztiarekin. Aipatutako hiru baldintza hauek eskubideak dira, edozein testuinguru politikotan bete beharrekoak. Behin hori beteta, beste herrialde batzuetan gertatu den moduan, gatazka politikoak eragindako ondorio guztiez berba egitea tokatuko da. Preso eta iheslarien kontua ere, lehenago ala beranduago konpondu beharreko gaia izango da, ezin daitekeelako gatazka politiko bat konpondu espetxeak beteta egonda edo jendea bere herrietatik kanpo bizitzen.
Zapatuan, manifestazio nazionala deitu da. Zein izango da aldarrikapen nagusia?
Lehenik eta behin, kartzela politika krudel hau amaitzea. Ezin dugu itxi Iosu moduko egoerarik errepikatzea. Aldarrikapen nagusia Iosu etxean egotea izango da, egoerak daukan larritasunagatik, baina beste hamahiru preso larri ere badaude eta ezin gaitezke erruleta errusiar honetan jolasean ibili, ia hurrengoa zein izango den, etab. Hortaz, Iosu etxeratzea eta gaixotasun larria daukaten beste hamahiru presoen etxeratzea eskatuko dugu.
Espetxe politikaren muturreko ondorioa izan al daiteke Iosuren kasua?
Adibide garbi bat da. Bere momentuan, medikuen esanei kasurik ez egin eta erabaki politiko horrek giza eskubideen urraketan muturreraino eramandako adibidea da. Aurretik ere izan dira halako adibideak; duela urte gutxi Mikel Ibañezekin gertatutakoa, Esteban Nieto… Mendekuan oinarritutako espetxe politika bat da eta sufrimendua dauka oinarri.
Nola bizi du Iosuren familiak gaixotasunaren larriagotzea?
Eurekin harremana daukagu. Herrira mugimendutik saiatzen gara senide guztiekin harreman zuzena izaten, eurak direlako presoen testigantza zuzenak ekartzen dizkigutenak. Iosuren senideek arduraz eta penaz hartu dute azken asteotako albiste hau eta hemendik gure babesa eta animoak luzatzen diegu familiari eta baita Iosu berari ere. Ez dago eskubiderik senideek orain arte jasan behar izan dutenarentzat.
Zer adieraziko zenuke zapatuko manifestazio nazionalari begira?
Euskal Herriko instituzio, alderdi eta herritar guztiei adierazi nahi diegu horrelako egoerak ezin daitezkeela onartu. Tragedia eta sufrimendua dakarren espetxe politika honen aurrean, bakoitzak ahal duen guztia egitea eskatzen dugu, minutuz minutu gaixotasun larriak dituzten presoen egoera okerrera doalako. Honekin batera, zapatuan, Arrasateko kaleak jendez betetzera deitzen ditugu herritarrak.