Orain dela pare bat aste AED Elkarteak bere Gazte Taldea aurkeztu zuen, euskara gazteen artean sustatzeko helburuarekin jaiotakoa. Eta talde jaioberri honek zapatu honetan bizi izango du bere aurreneko egun handia, Ttak Eguna ospatuko baitute. Egun osorako ekintza ugari antolatu dituzte: “goiz partean Ttak plaza inauguratuko dugu -AED elkartearen egoitzaren parean-, ondoren triki-poteoa egin, eta horren ostean herri bazkaria ospatuko dugu Biteri plazan”. Dena den, arratsalderako ekintzak ere antolatu dituzte, koadrilen arteko olinpiadak eta kalejira musikatua, hain justu ere.
AED Gazte Taldean 25 pertsona inguru ari dira lanean, guztiak 15 eta 18 urte bitartekoak. Zentzu honetan, bi azpitaldetan banatuta daudela jakinarazi digute, “gazteak eta nagusiagoak direnak”, hain zuzen re. Guztiak arrasatearrak arren, ikastetxe eta herriko auzo ezberdinetakoak dira. “Koadrila, gela edo futbol talde berekoak izateagatik elkar ezagutzen gara, eta helburu bakar batek elkartzen digu: Euskararen alde lan egitea”.
Esan bezala, elkartea orain direla pare bat aste aurkeztu zuten; taldeko kideek aditzera eman digutenez, baina, proiektua asko ere lehenago hasi zen gauzatzen. “Orain dela pare bat urte Txatxilipurdin batera genbiltzan lagun batzuk San Joanetako Dragoi Janean hasi ginen laguntzen, eta hortik sortu zen guztia”, gogorarazten du kide aitzindari horietako batek. Ondoren, eurentzako ekintza batzuk antolatzen hasi ziren, eta horrela joan zen errotzen egungo Gazte Taldea.
Ekintza horien artean, aurten Lip-Dub bateko gidoia egin dute, eta une hori jotzen dute taldearen inflexio-puntutzat. “Herritarren artean taldea ezagutzera emateko aurrerapausoa eman genuen orduan, eta baita gazte guztientzat zuzendutako ekintzak antolatzen hasi ere”, diote. Gauzak horrela, aurrerantzean antolatzen dituzten ekintza guztiak “AED Elkartetik atez kanpo izango” direla diote.
Asteroko lana
Dena den, ekintza hauen guztien atzean lan handia dago; horretarako, ostiralero AED Elkartearen egoitzan biltzen dira guztiak, “gazteenak arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta nagusienak 20:00etan”. Esan bezala, azkenaldian Ttak Egunarekin lanpetuta ibili dira buru belarri, baina beste proiektu batzuk izan badauzkate esku artea: San Joanetako Dragoi Janean edota txosnetan lan egiteko txandak antolatu, adibidez.
Normalean eurek bakarrik egiten dute lan, noizbehinka, baina, Iñaki Telleria edo Maite Agirre elkarkideen laguntza izaten dute. Gainontzeko herrietako euskara elkarteekin elkarlanik al duten galdetuta, erantzuna ezezkoa da, “Gazte Taldea duen elkarte bakarra AED baita”. Dena den, herriko kultur eragile batzuekin harreman estua dutela diote; Gaztetxea, dantza taldea edo trikitilariak, besteak beste. Itxungi irratiarekin ere hartu-emanak izan dituzte, eta Herri Urrats festaren baitan ere lan egin dute.
Aurretik aipatu bezala, euskararen alde lan egitea da euren xedea, eta hizkuntza honek Arrasaten gaur egun bizi duen egoeraz galdetuta, burumakur “oso txarra” dela diote guztiek. Euren iritziz Arrasaten oso gutxi hitz egiten da euskaraz, eta “badirudi jendeari lotsa ematen diola euskaraz hitz egiteak”.
Guztiek jakin badakite euren ezinegon igualarekin arrasatear asko daudela, horregatik Gazte Taldean parte hartzeko deia zabaltzen diete. “Gu astero elkartzen gara, eta nahi duenarentzat ateak zabalik dauzkagu”. Zentzu honetan, edozeini ostiralen batean arratsaldeko 19:00etatik aurrera AED elkarteko egoitzatik pasatzeko gonbitea luzatzen diote.
TTAK EGUNEKO EGITARAUA
- Eguerdiko 12:30ean txupinazoa, Pablo Uranga 4 ondoko plazatxoan. Ttak plazaren inaugurazioa egingo da, gonbidatu bereziekin. Ondoren bertso-triki-poteoa.
- Eguerdiko 15:00etan herri bazkaria Biteri plazan (“gasolineran”), menua:
Prezioa: 5 €. Txartelak salgai AEDn eta Iratin, ostiral honetatik aurrera.
- 17:00etan koadrilen arteko olinpiadak
- 19:00etan kalejira musikatua herriko kaleetatik