Bi ekitaldiak Garaia Gunean egin dira. Bertan izan dira Iosu Zabala errektorea, Ino Galparsoro alkatesa eta Patxi López lehendakaria, beste batzuen artean.
Testua: Maialen Gonzalez
Argazkiak: Arrasate Dragoi / M.G.
2010/02/05
-Noiztik duzu gustuko gimnasia erritmikoa?
Lehendabizi balleta egin nuen eta 10 bat urte nituela hasi nintzen gimnasia erritmikoan. 10 urtez gimnasta moduan lehiaketetan parte hartu eta gero, 20 urterekin entrenatzaile lanetan hasi nintzen. Bost urte igaro dira, jada, ordutik.
-20 urte badira urteak kirol honetarako, ez da?
Hasiera batean kuriositate moduan hartu nuen baina gerora asko gustatu zitzaidan. Gainera, talde oso ona izan dugu eta horrek bultzatu gintuen jarraitzera. Gerora, ordea, ikasketek eta lanak entrenatzeko behar nituen ordu horiek kentzen zizkidaten eta dena batera egitea ez zen posible. Orduan, laguntzaile moduan hasteko aukera izan nuen eta hementxe nago orduz geroztik.
-Balleta eta gimnasia erritmikoa, askotan parekatu diren bi diziplina.
Bai, eta ez dira berdinak, ezta gutxiago ere. Balleta gustuko nuen baina gimnasiak bizitasun eta aniztasun gehiago du: aparatu ezberdinak erabiltzea, taldeka edo bakarka aritzea… Urtero-urtero aldatzen da, pilota, soka, mazak, uztaia, zinta… maiotak, musika ezberdinak… Azkenean, etapa berriak hasten dira etengabe, bai gimnastentzat eta baita entrenatzaileentzat ere. Ikusten ez den lan asko dago atzean: taldeak egin, musika aukeratu, dantzak prestatu, aparatuak aukeratu eta apaindu, maiotak diseinatu eta prestatu, txapelketetan orraztu, margotu… Merezi duen lana da, baina ardura asko daramana bizkarrean.
-Zenbat entrenatzaile zarete?
Lau gara guztira: Arantzazu Zubia, Elena Lanuza, Miren Bragado eta lauok.
-Zenbat gimnasta daude Arrasate Dragoi Taldean?
Guztira 120 bat neskatila ditugu eta aurten mutil bat ere badugu gurean. Gimnasta guztiak taldetan banatzen dira. Txikitxoenek (5-7 urtekoak) astearte eta ostegunetan entrenatzen dute, ordubetez. 7-18 urte bitartekoek hiru egunez egiten dituzte entrenamendu-saioak. Taldetan antolatzen dira, adinaren arabera.
Gimnasta bakoitzak bere adinaren arabera kategoria bat izango du: 7 urterekin pre-benjamina, 8 urterekin benjamina, 10ekin alebina… Nagusienak, kadeteetan eta jubeniletan ditugu. Adinaz gain, bakoitzak bere kategoria izango du, gimnasta moduan duen mailaren arabera. Erritmikan hiru maila daude, C maila, B maila, A maila eta federatuak (profesionalak). Beraz, gurean A maila da gorena.
Asteazkeneko entrenamendu saioan
-Ume asko dituzue taldean, beraz.
Igoera itzela egon da azken urteotan. Duela hiru urte 80-90 inguru ginen eta aurten, 110-120 bat gara. Egia esan, azken urteotan kluba eta kirola bera ezagutarazten saiatu gara, aukera izan dugun guztietan erakustaldiak eginez, txapelketak Arrasaten antolatuz… Orduan, jendeak aukera izan du egiten duguna ikusteko eta erritmika, ‘espagat’ egitea baino askoz gehiago dela ikusteko. Joku Olinpikoak ere tartean izan dira eta agian, neskatila askok telebistan gehiago ikusteko aukera izan du eta hori izan daiteke, agian, igoeran eragina izan duen beste faktore bat.
-Biharko txapelketan zenbat gimnastek hartuko dute parte?
Gipuzkoa osotik etorriko dira gimnastak: Irun, Donostia, Hernani, Zarautz, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia, Soraluze… leku askotatik etorriko dira.
Gureak, 14 izango dira guztira. Goizean bost arituko dira, Maialen Gallardo, Alba Etxeandia, Eider Altube, Nerea Garai eta Nagore Etxebarria infantilen taldea, bost uztaiekin; eta Nagore Etxebarria bakarka, uztaiarekin ere. Arratsaldean, Aintzane Rodriguez, Ainhoa Delgado, Olatz Fernandez, Eider Etxebarria eta Paula San Miguel kadete taldea, bi pare maza eta hiru uztaiekin, eta lau bakarka: Aintzane Rodriguez kadetea, uztaiarekin; Ane Miren Errazkin eta Ane Ormaetxea B mailako jubenilak, mazekin; eta Nerea Otxoa, jubenil A mailakoa, mazekin ere.
-Urtean zehar beste txapelketa batzuk prestatzen dituzue?
Federazioak egutegi bat zehazten du urte osorako. A eta B mailatan bi fase egoten dira, bata otsailean eta bestea apirila aldera. Eta maiatzeko finaleko lehen hiru sailkatuak Euskadiko txapelketara joango dira. C mailan ere, urtean pare bat izaten dituzte. Federazioak dio 5-7 urte bitarteko umeek ezin dutela txapelketetan parte hartu, beraz, erakustaldietan parte hartzen dute (San Isidrotan edo Seberon egiten duguna) baina lehiaketetan ez.
-Ume guztiek gustura hartzen dute parte?
Gimnastek eboluzio bat izaten dute eta beraiek ere beren lana islatuta ikustea gustuko dute. Entrenamendu ordu asko eskatzen duen kirola da erritmika eta umeak lan egiteko gogoa erakutsi behar du. Emaitzak ez dira egun batetik bestera ikusten eta gogo hori egunero-egunero erakutsi behar da, konstantzia ezinbestekoa da.
Infantil taldea
Miren eta biok umeak hasiera-hasieratik hartzen ditugu eta hastapen gisa bi urtez egoten dira, 8-10 urte bitartean erakustaldietan hartzen dute parte, tapizera irtetzeari bildurra kentzen joateko, poliki-poliki. Hortik aurrera jarraitzen baldin badute txapelketetan parte hartzen hasiko dira, alebinetan. Beheko mailan hasiko dira eta eboluzioaren arabera kategoriaz igoko dira ala ez. Hori gimnasta bakoitzaren esku dago.
-Arrasaten gimnasiarako zaletasuna dagoela ikusten duzu?
Gurera neskatila asko etorri dira azken urteotan, beraz, zaletasuna badagoela pentsatu nahi dut. Ni gimnasta nintzenean, txapelketetan, normalean, ez ginen hainbeste gimnasta egoten.
-Gimnasia munduari lotuta jarraitzeko modu bat izan da, beraz, entrenatzaile-lana.
Hala da. Kirol moduan oso gustuko dut eta edozein modutan lotura hori jarraitzeko aukera izanda (laguntzaile, entrenatzaile, epaile… gisa) jarraituko dut.
Aintzane Rodriguez mazekin
-Zein nahiago duzu, entrenatzaile ala gimnasta?
Batzutan lehiatzea faltan botatzen dudala onartu beharra daukat, baina ez nuke jakingo zein aukeratu. Umeei erakustea ere oso gustura hartu dut, hasiera batean neure burua hortan ez ikusi arren. Orokorrean, gimnasia munduan bertatik esklusiboki bizitzea oso zaila da. Gu lau entrenatzaile gara, eta lautik hiruk, beste lan bat dugu honez gain. Momentuz, nire “lana” dena eta hau batera eraman ditzaket eta ahal dudan heinean horrela jarraituko dut. Etorkizunean, nork daki zer gertatuko den.
-Gustukoen duzun gimnasta?
Gimnasta eta pertsona bezala, Anna Bessonova ukraniarra. Tapizera irten eta teknikoki bikaina izateaz gain, publikoari transmititzen ere badakielako. Ikuslea emozionatzea lortzen du eta hori ez da lan erraza. Teknikoki, errusiarrak bikainak dira, Eugenia Kanaeva, Joku Olinpiarretako eta Munduko txapelduna, esaterako. Baina honek, ez du Bessonovak ikusleekin duen ‘gantxo’ hori.
-Gimnasia mundua nola ikusten duzu, orokorrean?
Argi dago ez dela egunero ikus daitekeen kirol bat, baina aldi berean, kirol batek eskatzen dituen balore asko biltzen ditu: diziplina, konstantzia, ardura, autoexijentzia… Zorteak ere funtsezko garrantzia du gimnasian.
Futbolean, 90 minutu dituzte gol bat sartzeko baina gimnasian, tapizera irten eta 90 minutu ditu gimnastak entrenamendu ordu eta saio guztien ondoren egindakoa erakusteko. Eta, askotan, momentuko urduritasun eta emozio horien ondorioz, gauzak ez dira espero bezala irtetzen. Eta hori izan da izan duzun aukera, ez dago besterik. Ez daude lehen zatia eta bigarrena, ezta prorroga edota penaltiak. Momentuan gauzak ondo irtetzen dira ala ez. Entrenamendu saioan pelota airera bota eta batzutan hartuko duzu, eta beste batzuetan besoa milimetro gutxi batzuk atzerago jarri eta ez duzu hartzen. Eta txapelketan abestiak irauten dituen 90 minutu horietan, milimetro horiek kontrolatzen saiatu behar dira gimnastak.
Emozio puntu horrek xarma berezia du. Gu, ahalik eta gehien erakusten eta ezagutarazten saiatzen gara, jendeak ikus dezan Arrasaten badagoela talde bat 120 gimnastek osatua, urtean zehar lanean ari direnak. Futbolaz, saskibaloiaz, atletismoaz eta eskubaloiaz gain, badira beste kirol batzuk Arrasaten.
-Gimnasten argaltasunari buruz askotan hitz egin izan da, gehiegizkoa dela batzuetan, erakusten duten irudia osasungarria ez dela… zer iritzi duzu zuk horren inguruan?
Nik uste gimnasian fisikoak lagun dezakeela ala ez, baina gogoa dagoen bitartean, gauza asko lor daiteke. Profesionalen munduan agian gauzak ez dira horrela, baina guk gurean ez dugu hori bilatzen. Eskolarteko mailan, ez da fisikoa baloratzen, egindako lana, baizik.
Infantil taldea
Gure filosofia ez da Olinpiar Jokoetan ikusten diren gimnasta horiek lortzea, baizik eta umeek kirola egitea, disziplina bat barneratzea, oreka eta malgutasuna lortzea, jende aurrera irtetzearen gaitasun hori lortzea… balore guzti horiek ikastea, finean. Horretan, fisikoak lagun diezaieke ala ez, baina ez da funtsa.
Gimnasta profesionalek egunean sei ordu ematen dituzte entrenatzen, beraz, ezinbestean eragina izango du beren gorputzean eta baita bizitza pertsonalean ere. Bizitza gogorra dela uste dut. Hor dugu Almudena Cid, esaterako, lau Joku Olinpikoetan lehiatu den munduko gimnasta bakarra. Hori lortzeko egin behar izan duen sakrifikazioa, nire ustetan, izugarria da. Dedikazio asko eskatzen duen kirola da: entrenamendu ordu pila bat, aparatu berrien erabilera ikastea, entrenatzeko lekua topatzea (askotan ez da erraza izaten)… Profesional mailara heltzea, finean, norbere bizia gimnasiara bideratzea da.