Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ikimuri DJ arrasatearra

"Elektronikarako gosea dago Arrasaten"

Ikimuri (Iker Murillo) 2014ean hasi zen dj saioak eskaintzen, eta ordutik Bilbon, Gasteizen, Arrasaten,... aritu da. Baita hamaika anekdota bizi ere. Bihar gauean Hoba taberna girotuko du, Mondravember jaiaren baitan.

Argazkiak: Kepa Gruceta eta Iker Murillo / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko azaroak 29, ostirala

 

 

Zer eskaintzen duzu zure dj sesioetan?

Asko kostatzen zait beti galdera hori erantzutea. Areto eta festa bakoitza mundu bat da baina beti erantzuten dut nire helburua denok ezagutzen ditugun abestien eta elektronikaren arteko nahasketa bat eskaintzea dela. Orain Interneten posible da kantu ospetsuenetako batzuen ehunka bertsio aurkitzea, house, techno edo pop izan daitekeen ukitu batekin. Hortik aurrera aukerak amaigabeak dira: cumbia erritmoak, saltsa, rocka. Dantzatzeko egina badago, balio dit.

Urteetan zehar nire estiloa asko aldatzen joan da. 2014ean Areetako Momoan musika jartzen hasi nintzenean debekatuta neukan remixak edo elektronikako abestiak jartzea, hori zelako tabernaren estiloa. Handik atera eta Bilboko lokaletan barrena mugitzen hasi nintzenean, beti saiatu nintzen jendeak dakien eta ezagutzen dituen kantuak dantzatzen, baina aurretik inoiz entzun ez zuten modu batean. Elektronika ez da soilik hamar minutuz luzatzen den erritmo errepikakorra. Elektronika xehetasun txiki bat ere izan daiteke rock, disco, soul edo funk kantu batean. Nik neuk ere ez daukat askotan argi zer den eta ez den elektronika.

 

(id: 7868741)

 

Nolatan hasi zinen DJ bezala?

2014an, Javier Letamendia "Leta" -rekin hasi nintzen karrerako praktikak egiten, musika-estudioan eta musika-formakuntzako enpresan. Han Jorge Muguruzarekin "Mugu" nire lehen DJ ikastaroa egiteko aukera izan nuen eta ondoren Areetako Momoan antolatzen zen DJ  bataila irabazi nuen.

Han egin nituen nire lehen asteburuak, eta, ondoren, taberna itxi zutenean, Bilbo eta Gasteizen barrena mugitzen hasi nintzen. Egun haietan The Owl Project talde bilbotarreko nire lagunek laguntza handia eman zidaten. Haiek ere lehen kontzertuak ematen hasi berriak ziren eta beti nirekin kontatzen zuten, emanaldiaren aurretik eta ondoren musika jartzeko. Horiei esker mundu honetan esperientzia batzen hasi eta orain oso lagungarri zaizkidan gauza asko ikasi ahal izan nituen.

 

Egia esan, ni ere ez naiz oroitzen egon naizen leku guztiez: Jimmi Jazz, Bilborock, Dock, Satellite t … Gauza asko egiteko eman dituzten urteak izan dira. Festa batzuk hobeto ateratzen dira eta beste batzuk okerrago, baina guztietan zerbait polita salbatzen da beti.

 

(id: 8024834)

 

Zein da musika elektronikaren egoera Arrasaten?

Elektronikarako gosea dago Arrasaten. Aurten deskubritu dudan zerbait da, herriko taberna batzuetan barrena mugitzen hasi ondoren. Punkari eta rockari oso lotutako lekua izan da beti baina elektronika "korapilatsuago" batetik oso gertu dauden saioak egiteko aukera izan dut, eta oso ondo funtzionatu dute. Irratietan gero eta musika barietate gutxiago entzuten den arren, Arrasaten beti izan dugu modaz pasatzeko eta gustatzen zaiguna eta gogokoa dugun horretan zentratzeko gaitasuna. Egia esan, bakarrik esan dezaket oso pozik nagoela jendea nire proposamena jasotzen ari den moduarekin.

Urte asko eman ditut hiriburuetan eta Euskadiko leku askotan saioak egiten baina herriko bizilagunentzat eta bizitza osoan ezagutzen duzun jendearentzat saioak egiteak emozio berezia du.

 

 (id: 2197907)

 

Herrian dj sesioak eskainiko dituzu?

Bihar Hoban egongo naiz gauerditik aurrera Mondravember jaia ospatzen. Festa honek gogo handia ematen dit, arrazoi on batengatik delako. Gainera, beti da plazerra Hobara itzultzea. Bezero gisa urte asko daramadan taberna da, eta uste dut bere ohiko musika estiloak eta nireak puntu asko dituztela elkarrekin. San Juanetan bertan egoteko aukera izan nuen jada, eta festa zoragarria izan zen. Jende guztia gonbidatu nahi dut dantzatzera eta gozatzera. Ez zait plan hoberik bururatzen kausa on baten alde dantzan egitea baino. 

 

Egun horretan bertan Bilbon izango naiz 19.00etatik aurrera, The Owl Project eta 4 Vilians taldeetako lagunekin, Fair Saturday jaialdian ASPACE Bizkaiaren alde kolaboratzen. Lau urte daramatzagu antolatzen, eta ilusio handia egiten dit beti. Jende guztia animatu nahi dut bertaratzera. Gaueko 22.30ak arte iraungo du, eta sarreraren prezioa norberak jartzen du.

 

Honetaz gain hurrengo asteetan festaren bat gehiago iragarriko dut Arrasateko tabernaren batean… Nire instagramean informazio gehiago gehituko dut hurrengo egunetan.

 

(id: 8046035)

 

Urteetan zehar anekdota ugari izango dituzu…

Onerako edo txarrerako, gaua beti da anekdotak jaiotzen diren lekua. Esan dezakedan onena da DJ gisa lan egiteak jende asko ezagutzeko aukera eman didala. Nahiz eta urteak igaro, oraindik lagun asko ditut Euskadiko puntu askotan.

Anekdota asko ditut, baina bat salbatu beharko banu, Gasteizko diskoteka batean gertatu zitzaidana kontatuko nuke. Gaueko ordu txikiak ziren, eta aretoa jendez beteta zegoen. Bat-batean, lehen lerroan zeuden lagun batzuek ohartarazi zidaten oholtza gaineko gortina behetik bi pertsonen oinak ikusten zirela. Inork ez zuenez hor goian egoteko baimenik, oholtzatik jaitsi behar zutela esatera joan nintzen. Espero ez nuena aurkitzea galtzak jaitsita eta jarrera maitekorrean zegoen bikote bat zen. Imajinatu … diskoteka jendez beteta eta nire atzean eta publiko guztiaren aurrean bi pertsona ia biluzik. Segurtasun arduraduna etorri behar izan zen eszenatokitik jaisteko, ia ez baitziren gai galtzak igotzeko beraiek bakarrik … Tira, esaten dudan bezala, gaua da anekdotak jaiotzen diren lekua.

 

Zerbait gehitu nahi duzu?

 

Bai. Elkarrizketa hau aprobetxatu nahiko nuke hilabete hauetan laguntzen aritu diren bi lagunei eskerrak emateko. Batetik Kepa Grucetari, elkarrizketa honetan ikusi dituzuen argazkietako batzuk egin dizkidalako. Nire sare sozialetan badaude batzuk gehiago, eta datozen hilabeteetan hainbat argazki saio gehiago egitea pentsatuta daukagu.

Iñigo Corbellari ere eskerrak eman nahi dizkiot nire logoa berriz diseinatzeagatik eta hurrengo asteetan banatzen hasiko naizen pegatinak diseinatzeagatik. Biek lan oso ona egin dute, eta oso pozik nago emaitzarekin.

 (id: 8237326)

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE