Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ai Laket! elkarteko kideekin solasaldia Gaztetxean
"Drogen gaineko kontsumoa aldatu daiteke, testuingurua aldatuz gero"
Drogen kontsumo arduratsua ea posible den eztabaidatu zen pasa den ostiralean. Ai Laket! elkarteko Unai, Nacho eta Ariana egon dira hitzaldian herriko gazteekin hizketan.

 (id: 7401767)

Testua eta argazkiak: Hasier Larrea / 2019ko martxoak 18, astelehena

 

Drogak definizioz sustantzia fisikoak dira, kontsumitzaileengan tolerantzia eta mendekotasuna sortzen dutenak. Era berean, droga bakoitzak bere efektu eta ahalmenak dauzka.

 

Droga jakin batzuen inguruan presio sozial handia dagoela aipatu da hitzaldiaren hasieran. "Tabernetan zaudenean alkoholik edan ez nahi baduzu arrarotzat jotzen zaituzte, imajinatzen duzue spizarekin antzeko zerbait gertatuko balitz?", bota du dinamizatzaileak, kulturalki onartutako eta ez onartutako drogen arteko desberdintasunak nabarmenduz.

 

Gizakiak drogekin daukan harremana azaltzeko praktikan oinarritutako teoriak ekarri dituzte gogora Ai Laket-eko kideek:

 

Rat Park esperimentua

 

80. hamarkadan, Bruce Alexander psikologoak ondorio garrantzitsu bat atera zuen arratoiekin egindako proba batzuetan oinarrituta: testuinguruak zerikusi zuzena daukala drogen kontsumoan.

 

Kaiola arrunt batean arratoiak sartu eta bi ontzi jarri zizkien. Batak ura baino ez zeukan, besteak ura droga batzuekin nahastuta. Arratoi gehienak 'ur kutsatua' edatearen ondorioz hil ziren.

 

Ondoren beste kaiola bat diseinatu zuen, arratoiei era guztietako erosotasunak eskaintzen zizkiena, 'paradisu' bezala identifikatzen zuena. Bi ontziak jarri zizkien 'luxuzko kaiola' honetan, eta arratoi gehienek ura bakarrik edaten zuten, drogez nahastutako ontzia alboratuz. Ondorioz, arratoien 'paradisuan' ez zen gaindosiak jotako arratoirik hil.

 

Esperimentu honetatik irakurketa hau atera zuen Alexander-ek: testuinguru baten barruan, sustantziak errepikakorrak dira, buruak eskatzen du hauen kontsumoa. Ondorioz, mendekotasunak alboratzeko, testuinguruak alboratu behar dira lehenik.

 

 (id: 7435799)

 

Norman Zinberg-en hirukia

 

Vietnamgo gerraren ostean psikoanalista honek drogen kontsumoa hiru aldagaik baldintzatzen zutela ondorioztatu zuen: alde batetik daude pertsonak, bestetik sustantziak eta azkenik ingurua.

 

AEBi gehiegi luzatu zitzaion gerra honetan zehar, Vietnamen destinatuta zeuden soldaduei heroina errezetatzen zitzaien, oinazeak apaltzeko medio terapeutiko egokia zelakoan. Hain zuzen ere Bayer farmazeutiko multinazionalaren asmakuntza da opiazeo hau., Asian egunero kontsumitzetik, dosi bakar bat ere ez hartzera pasa ziren soldaduak euren etxera bueltatzean.

 

Alexander-en teoria baieztatzera dator Norman Zinberg-en hirukia: kontestua aldatzen denean, kontsumo ohiturak ere aldatzen dira. Kasu honetan, amesgaiztoarekin alderatzen zuten Vietnamgo esperientzia soldadu amerikarrek, heroinaren kontsumoa barne, horregatik sustantzia honekiko errefusa behin gerra amaitutakoan.

 

 

Drogak orain, botikak lehen

 

Gaur egun merkatu beltzean aurkitzen diren droga gehienak botika bezala asmatu ziren duela hamarkada asko. Kokaina, adibidez, umeei ematen zitzaien eztularen aurkako sendagai bezala. Denborarekin ordea kutsu negatiboa hartu dute sustantzia hauek kulturalki, baina horrek ez du esan nahi botika bezala saltzen ez direnik: "farmazeutikoek izenak aldatzen dizkiote botikei, arrisku pertzepzioa murrizteko intentzioz", adierazi dute Ai Laket!-eko kideek.

 

Kaleko droga gehienek korteak izaten dituzte, "horregatik da interesgarria sustantzien purutasuna aztertzea, informazio osoa izate aldera". Ai Test!-etan ateratako ondorioetako bat da spizari kafeina sartzen zaiola, eta kokainari lebamisona. "Spiza kontsumitzen duen pertsona bati anfetamina purua emanez gero, bere gorputzak ezohiko erreakzioa izango luke, kafeinara ohituago dagoelako anfetaminara baino".

 

 (id: 7463380)

 

Generoak badu zerikusirik

 

Solasaldian sexua drogak kontsumitzeko orduan faktore bat ote den eztabaidatu da. Dinamizatzailearen arabera, "alkoholaren kasuan, txostenen batez bestekoek diote orokorrean emakumeek alkohol desidrogenasa gutxiago daukatela gorputzean gizonezkoek baino". Elementu honek alkohola destilatzen du digeritzean.

 

Datuek ere argi azaltzen dute orokorrean gizonezko gehiago drogatzen direla emakumezkoak baino, errezetatutako anti-depresiboen kasuan izan ezik. "Diazepan, florazepan... pastillak ohikoagoak dira emakumeen artean", adierazi du Unaik.

Portzentajeak ere nahiko parekideak dira sustantzia legalen artean, gazteen inguruko datuak kontutan edukiz, "baina adin batetik aurrera gizonezkoen ehunekoak nabarmenagoak dira emakumeenak baino".

 

 

Ai Laket!-i buruz

 

Drogen kontsumo arduratsua sustatzen duen elkartea da Ai Laket!, droga kontsumitzaile eta kontsumitzaile ohiek sortu zutena.

 

2018an 60 esku hartze egin zituen Ai Laket!-en furgonetak herrietako festetan, 18.000 lagun inguru pasaz bertatik. Ibilgailuan guztira 1.200 sustantziaren analisiak egin zituzten, interesatuen batez besteko adina 21-23 urteko izanik.

 

2009an 'Lonja Laket' egitasmoa martxan jarri zuten, 53 gazte lokaletan 6 orduko formazio saioak eskainiz. Europar Parlamentuan Pompidou Saria jaso zuten Ai Laket!-eko langileek.

 

Edozein pertsonak esku artean daukan drogaren purutasuna, ezaugarriak... jakin nahi baditu, sustantzia Ai Laket!-en Gasteizko egoitzara bidaltzearekin nahikoa da. 34 urteko adina da zerbitzu honetara jotzen duen batez bestekoa.

 

2015ean 'Botiltzarra' kanpaina egiten hasi ziren. Parkeetan alkohola edaten dabiltzan gazteengana hurbildu eta beraiekin harremana egitean datza programa honek.

 

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE