Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
Dorleta Pilota Txapelketak aurrera jarraituko du asteburu honetan
Ohikoa den moduan, partiduak domeka goizean jokatuko dira, 9:00etan hasita Leintz Gatzagako frontoian. Oraindik porrotik jaso ez duen Errasti-Korta bikotea bolada onari eusten ahaleginduko da Mallabiko Usuriaga anaien kontra. Azken hauek ere partidu guztiak irabazi dituzte.
Isei Barbero / Argazkiak:  MB artxiboa / 2012ko ekainak 22, ostirala

 

300 (id: 848078)Domeka honetan, hilak 24, Dorleta Pilota Txapelketak aurrera jarraituko du, eta Leintz Gatzagako frontoian kategoria ezberdinetako partiduak jokatuko dira.  Txapelketa azken txanpan murgilduta dago, hori dela-eta domeka honetan jokatuko diren partiduen artean hainbat finalerdi izango ditugu.  Ohikoa den moduan, goizeko 9:00ak aldera hasiko dira parte-hartzaileek pilota astintzen, eta jardunaldia eguerdi partera arte luzatuko da.

 

Beteranoen kategorian, Aizpuru eta Bengoa gatzagarrek Aretxabaletako Lasagabaster-Altube bikoteari egingo diote aurre.  Bigarren partiduan, honako hau beteranoen lehen mailakoa ere, Kintana-Blanco legutiarrek Oñatiko Aranburu eta Romarateren kontra neurtuko dituzte indarrak.  Goizeko hirugarren partidua beteranoen bigarren mailakoa izango da, eta hemen Villar-Gorosarri eskoriatzarrak eta Aretxabaletako Eraña anaiak izango ditugu aurrez aurre.

 

Esan bezala, domeka honetan hainbat finalerdi jokatuko dira, eta horietako bat Arrasate eta Bergarako pilotariek -beteranoen bigarren multzoaren baitan- jokatuko dutena izango da.  Dena den, Leintz Gatzagako frontoira gerturatzen direnek gaztetxoak ikusteko parada ere izango dute.  Gauzak horrela, kimuen kategoriaren baitan beste finalerdi bat jokatuko da, Bergara eta Zaramagako ordezkarien artekoa, hain justu ere. 

 

Ondoren, 12:30ak aldera, beteranoak kantxaratuko dira berriro ere.  Honako hau goizeko hitzordurik erakargarriena izango da, txapelketa honetan oraindik partidurik galdu ez duten bi bikote izango baititugu aurrez aurre:  Errasti-Korta arrasatearrak eta Mallabiko Usuriaga anaiak.  Honenbestez, bi bikoteetako baten bolada ona amaierara helduko da asteburu honetan.  Ziur asko, aurreko asteburuetan bezala, Leintz Gatzagako harmailak jendez lepo beteko direla domeka honetan ere.

 

 

Pasa den jardunaldia

 

Aurreko asteburuan ere ikuskizun polita ikusi zen Dorleta Pilota Txapelketan, partiduak parekatuak eta oso luzeak izan baitziren.  Aranburu-Romarate oñatiarrek 22-15 hartu zuten mendean Leintz Gatzagako bikotea, eta senior mailako finalerdian Gasteizko ordezkariek ezin izan zuten Eskoriatzako Zubizarreta anaiak garaitu (22-17).  Beste finalerdian, Eskoriatza eta Arrasate izan ziren aurrez aurre, eta Oreja-Zuazua zerragileak nagusitu ziren 22-20ko emaitzaz.  Partidua parekatua izan zen oso, eta goraipatzeko modukoa izan zen Zuazuaren lana, bi tanto baino ez baitzituen galdu.

 

Infantilen kategorian ere finalerdi bat jokatu zen, eta bertan Otxandio eta Lakuako pilotariek elkarren aurka neurtu zituzten indarrak.  Gasteiztarrak ziren faborito, halere, uste baino izerdi gehiago bota behar izan zuten garaipena eskuratzeko, bizkaitarrak 18-10 aurreratu baitziren markagailuan.  Azken emaitza, baina, 22-19 izan zen Lakuako pilotarien alde.

 

Amaitzeko, beteranoetan Arrasateko Errasti-Korta bikoteak garaipen argia (22-8) erdietsi zuen Belategi eta Pozo herrikideen kontra.  Norgehiagoka honetan Luis Corta goraipatu beharra dago, txapelketako pilotaririk beteranoena.  Azken partiduan Bergarako Agirrezabal-Salegi bikoteak Lasagabaster eta Altuberi egin zien aurre, eta norgehiagoka bertan behera geratu behar izan zen.  Bergararrek min handia zuten eskuetan, eta txapelketatik erretiratzea erabaki zuten.

 

590 (id: 822180)Ohikoa den moduan, itxura ona erakutsiko dute Leintz Gatzagako frontoiko harmailek.

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE