Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Egun osoko egitaraua gaztetxean

TopatuFest jaialdia ospatuko dute urtarrilaren 27an

Elkarrizketatua: Maddi Ane Txoperena / Elkarrizketatzailea: Hasier Larrea / Argazkia eta kartelak: topatu.eus / 2018ko urtarrilak 19, ostirala

 

Pasa den urteetan Gasteizko Gaztetxean antolatu ondoren, aurten Arrasateko Gaztetxean ospatuko da TopatuFest jaialdia. Topatu gazte proiektu komunikatiboko eta Arrasateko Gaztetxeko kideek bat egin dute egitasmo hau aurrera ateratzeko, eta goizetik gauera arte iraungo duen egitaraua antolatu dute, komunikazioaren inguruko tailer, mahai-inguru, bazkari eta kontzertuekin. 

 

Kaixo, kontaiguzu pixkat zer den Topatu.

 

Topatu Euskal Herriko gazteen proiektu komunikatiboa da, fisikoki webgune itxuran aurkeztua. 2010ean sortu zen Gaztesarea proiektu komunikatiboaren itxierak utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Gazte mugimendutik sortutako komunikazio tresna denez gero, gazteengandik gazteentzako egiten den ekimena da. Hasieran webgune xume bat zena garatuz joan da denborarekin. Gaur egun albisteak, elkarrizketak eta batez ere bideoak aurki daitezke bertan: erreportajeak, elkarrizketak, dokumentalak...

 

 

Nola funtzionatzen du Topatuk?

 

Egunerokotasunean lan talde motor batek kudeatzen dugu, baina azken urteetan geroz eta parte hartzaileagoa izaten saiatzen ari gara. Azken finean  gazte mugimenduaren tresna oso baliagarria da, eta interesgarria iruditzen zaigu gazte ezberdinek bertan parte hartzea. 2016ko abenduan Barañainen eman ziren Gazteraiki topaketetatik abiatuta, eskualdez eskualde eta herrialdez herrialde kontaktu ezberdinak egiten dihardugu, proiketuan kolabora dezaketen gazteen sare bat sortu asmoz.

 

 

Zer-nolako ekarpena egin dezake Topatun kolaboratu nahi duen gazte batek?

 

Gazteok ekarpen desberdinak egin ditzakegu: informazioa, agendarako ekitaldiak, bideoak zein argazkiak bidali, gairen bat jorratzeko erreportajea egitea proposatu, iritziak plazaratu, blogari bezala parte hartu ... Ekarpen guzti hauek dira aberasgarri eta beharrezkoak.

 

 

Nola egiten du aurrera proiektu komunikatibo honek?

 

Topatu bazkidetzan oinarritzen da. Gaur egun 200 bazkide inguru ditugu. Udazkenean bazkidetza gehiago lortzeko kanpaina abiatu genuen, "Bagara, elkarrekin gara" lelopean. Horretaz aparte, kanpo zerbitzuak ere eskaintzen ditugu. Adibidez, komunikazio tailerrak antolatzen ditugu, bideoak zein diseinuak egiteko enkarguak jaso...  Urtean zehar jaialdi bat antolatzen saiatzen gara, Arrasaten egingo den TopatuFest, adibidez.

 

 

Ze helbururekin egiten duzue jaialdi hau?

 

Alde batetik proiektua ezagutzera ematea da nahi duguna. Webgune batez ari garenez, askotan egiten dugun lana ez da oso ikuserraza, eta beraz beharra daukagu kalera atera eta ezagutzera emateko. Aurreko urteetan Gasteizko Gaztetxean antolatu dugu TopatuFest, eta aurten Arrasateko Gaztetxeko kideekin hitz egin eta ateak zabaldu zizkiguten bertan antolatzeko. Gainera, herriko, bailarako zein Euskal Herriko jendearekin harremana egiteko aukera emango digu egitasmo honek, eta hori garrantzitsua da guretzat.

 

 

Komunikazioarekin lotutako beste hainbat proiektu hauspotzen ere badiharduzue...

 

Bai, dokumentalak egiten hasi ginen duela urte batzuk. Lehena 'Tximeletak' izan zen, ondoren etorri ziren 'Arrakalak' eta 'Gure kabuz hala hil'. Aurten buru-belarri gabiltza Blai Gazte Telebistarekin. Justu pasa den igandean publikatu genuen lehenengo saioa, Mahai Gainera izeneko mahai ingurua. Hasierako asmoa lau saio sortzea izan zen, eta momentuz bi saiorekin hasiko gara: mahai ingurua bata eta umorezko albistegia bestea. Musikari gazteak protagonista izango diren saio bat prestatzen gabiltza orain. Laugarren saioa fikziozko zerbait egitea izango litzateke, baina lan dezente eskatzen duenez aurreragorako utziko dugu.

 

 

Beraz, produkzio fasean aurkitzen da Blai Gazte Telebista.

 

Hori da. Proiektu honekin ere komunikazioan aritzen diren leku ezberdinetako gazteak elkartzen saiatzen gabiltza, beraiei ere holako egitasmoetan saltseatzeko aukera emateko.

 

 

TopatuFest izenak jai giroa iradokitzen du, baina ezin ahaztu egitaraua mardulagoa dela.

 

Garrantzia eman nahi izan diogu egitaraua goizetik egiteari. Komunikazioa gogoko duen jendeari eskaintza bat egin nahi genion. Kartelgintza eta bideogintza lantzeko tailerra antolatu dugu 11:00etan, eta 13:00etan mahai inguru bat egingo dugu "Zertarako komunikatu?" izenpean. Herri komunikabide ezberdinetako kideak gonbidatuko ditugu, komunikazioaren eta herri komunikabideen garrantziaren inguruko hausnarketa bultzatzeko.  Ondoren bertako produktuekin egindako herri bazkaria egingo dugu gaztetxean bertan, Eren da jan-eko elikagaiekin. Bazkariko tiketak 8€an eskura daitezke Jaizale tabernan, edota topatu@gmail.com helbidera idatzi ezkero.

 

Bazkal ostean Silvio eta Rodrigez Soraluzeko bikotea izango dugu taula gainean, eta iragarri digute jada sorpresaren bat edo beste ekarriko dutela. Herrian zehar karropoteoa burutuko dugu arratsalde-iluntze aldera, eta bukatzeko Autobus Magikoa eta Erokomeriren kontzertuak eta parranda egongo dira gaztetxean. Gonbidatuta zaudete guztiak!

 

 (id: 7280944)

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE