Testua: G.L.H. / 2012-ko maiatzak 25, ostirala
Euskara Elkarteen Federazioak (Topaguneak) Zuzeu.com orainkari digitalean ondokoa adierazi du:
"Mundu osokoek bezalaxe, euskal hedabideek ere zuzen-zuzenean paraitu dituzte krisiaren zein globalizazioaren ondorioak, haien problematika bereziari gehitu zaizkionak: atomizazioa, merkatu mugatua, erdarazko egitura handiekin lehiatu beharra…".
Kontestu horretan, euskarazko tokiko komunikabide ugari "elkarlaneko dinamika batean murgildu dira berriki, etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliabide eta estrategiak elkarrekin garatzeko. Zailtasunak zailtasun, une zirraragarri eta itxaropentsuak bizi dira gaur egun sektorean".
Topagunearen hitzetan, komunikabide hauek "sendo ari dira aldaketa garaiari aurre egiten: hasteko eta behin, TOKIKOM sortu zuten 2009an, marka bateratu gisa. 2012an, berriz, marka hori edukiz hornitu eta azpisektorearen ordezkari bilakatzen ari den TOKIKOM enpresa sortzea erabaki dute, tokiko hedabideen esparru komunak, solaskidetza bateratua eta integrazio bideak kudeatzeko".
Erabaki dute "TOKIKOMen jardueraren estrategia nagusiak finkatzeko unea heldu" dela, eta horixe da hain zuzen "jardunaldi hauetan elkarlanean landuko dena".
Izan ere, "helburu nagusia galdera orokor bezain garrantitsuari erantzutea baita":
"Zer egitura komunikatibo behar dugu euskaldunok? Nola erantzun ahal diogu horri tokiko hedabideetatik?".
Jardunaldia Topaguneak eta Tokikomek antolatu dute Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzaz.
Galdera horri erantzuteko, gogoeta teoriko-praktikoa egingo dute ekainaren 15ean, ostirala, Garaia Berrikuntza Gunean.
"Adituek iradokitzen dizkiguten zertzelada teorikoak, han eta hemengo hedabideen esperientzia praktikoak eta bertan bultzatutako ideia jasa uztartuz, euskarazko tokiko hedabideen etorkizuneko estrategiarako gakoak adosten saiatuko gara".
"Euskal komunitateak soziolinguistika ikuspegitik nolako hedabideak behar dituen hausnartzeaz gain, behar hauetara egokitzeko medioek egokitu beharreko aspektuetan sakonduko da maila handiko adituen eskutik". Besteak beste, aditu hauek arituko dira:
- Nekane Goikoetxea (HUHEZI, SORGUNEAk ikertegia), SORGUNEAK ikertegia eta Topagunearen arteko elkarlanaren haritik, hedabideen funtzio funtzio eta helbutu soziolinguistikoetaz arituko da.
- Aitor Zuberogoitiak eta Eneko Bidegainek (HUHEZI) hedabideen munduan sumatzen diren joera nagusiak hartuko dituzte hizpide eta, batez ere, joera horiek zer abantaila eta desabantaila ekar dezaketen tokiko hedabideon esparrura.
- Luistxo Fernandezek eta Gari Araolazak (CodeSyntax) ikuspegi teknologikoa txertatuko dute jardunaldian, IKTek tokiko hedabideei aurkezten dizkieten aukerak eta erronkak aztertuz.
- Belgikar estatutik Bart Bijnens-ek Belgikako Het Belang Van Limburg tokiko egunkari arrakastatsuaren online eta offline esperientziaren berri emango du.
Adituen ekarpenak entzunda, parte hartzaileek ere izango dute hitza haien ideiak, gogoetak eta kezkak azaltzeko aukera.
Jardunaldiaren helburu nagusia "euskaldunon komunitateak behar duen esparru komunikatibo berria diseinatzeko gakoak aurkitzea da".
Horretarako, "funtsezkoa da dagoeneko esparru horretan lanean ari direnen ekarpenak biltzea".
Jardunaldia ekainaren 15ean izango da Garaia Berrikuntza Gunean, eta matrikula zabalik dago jadanik. Izena emateko edota informazio gehiagorako.