Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

HAUR PARKEAK ARRASATEN

Eneko Fernandezen artikulua.
595.Udalako.Haur.Parkea.ENEKO-FERNANDEZ (id: 7037844)
Testua eta argazkia: Eneko Fernandez / 2018ko urriak 2, asteartea

Azken urteetan politikako lehen lerroan dugu herriko haur parkeen berriztea. Badira 3 urte Arrasateko Udalak haur parkeak berrizteko joera bizia erakusten duela, komunikabideetan ezagutzera emateko bai behintzat. Era berean, parke asko “parte hartze” prozesuen bitartez aukeratuak izaten ari dira, hor dugu orain Kurtzetxikikoa. Baina benetan zein da parkeak berrizteko jarraitzen ari den prozedura eta zein puntutaraino erabakitzen dugu herritarrok?

Izan da gaiari, berritu (edo ez) diren parkeen kokagunetik heldu dionik. Hau da, herriko zonalde batzuk lehenetsiak izan direla salatu da, zein parke berriztu nork erabakitzen duen zalantzan jarri eta planifikazio bat eskatu da. Ez zaie arrazoirik falta, baina gaia askoz mamitsuagoa dela esango nuke.

Hasteko, zertarako dira eta zergatik berritu haur parkeak? Erantzuna sinplea izan daiteke: jolasteko eta zaharrak daudenean... edo konplexuagoa. Gainazalean jolasguneak dira, baina ez genituzke denbora-pasa hutsak bezala kontsideratu behar. Izan ere, haur parke batek beti eragingo dio umeari modu baten edo bestean. Jolasak berak, umearen garapenean autonomia gehiago, kritikotasun gehiago eta psikomotrizitatean eragin positiboa ekarri ditzake. Edota eragin askoz mugatuagoa, kontrolatuegia, etengabe jolas berdina birproduzitzeko diseinatua eta eraldatu ezin daitezkeen materialekin egina bada. Jolasaren testuinguruak, hau da, parkeak, ikastetxe ezberdinetako haur eta gurasoen arteko elkarguneak, arrakala sozialak leuntzeko topaguneak edota naturarekin harreman ahul hori sendotzeko baliabideak ere izan daitezke. Honenbestez, haur parke baten oinarrian jartzeko irizpide zerrenda bat planteatzen dizuet: haurren garapenean zein ekarpen egingo duen, zein adin tarteri zuzenduta egongo den, zein azalera eta formatu eman nahi zaion, layouta eta elementuak, estalkia behar duen, familia osoarentzat erakargarria eta erosoa izango den, natur elementuetan oinarritzea posible den, ezintasun fisikoak eta bestelakoak dituztenentzat irisgarritasuna bermatzen dituen, ghettifikazioari aurre egiteko haurren elkar ezagutza bultzatzeko balioko duen... badira gauza asko erabaki beharrekoak. Uste ditugunak baino askoz gehiago.

Behin irizpide batzuk planteatuta, erantzunak hezkuntza formalean, ez formalean, gurasoen eta haurren artean bilatu beharko genituzke, ez soilik politiko eta teknikari gutxi batzuen artean. Izan ere, jakin badakit, haur parkeak berriztearen ardura udaleko hirigintza edota obra eta zerbitzuetako sailek soilik izan ohi dutela. Beste batzordeetan, gazteria edota hezkuntzako batzordean adibidez, ez dira modu sistematikoan haur parkeak jorratzen. Salbuespena, Santa Barbara litzateke, zein Haurren Kontseiluan lantzen ari diren. Gainerako haur parkeekin egiten ari ez direna, inkongruentea benetan. Haurren Kontseilu honen jatorria, nire ustez, Arrasatek Hezi proiektuarekin lotuta dago. Azken hau, herriko eragile mordo batek, besteak beste, hirigintzan ikuspegi hezitzaile batetik eragiteko sortu zuten plataforma izugarri interesgarria da. Udal Gobernu honek bizkarra eman zion hasieratik eta bere burua zuritzeko alternatiba propioa bilatu zuen, Haur Kontseilua alegia, kontrolpean izango zuena eta konpromiso minimoekin zerbaitetan ari dela esateko erabiliko zuen haur taldetxo bat. Pena bat da, planteatzen dudan haur parkeen gai hau Arrasatek Hezirekin, proiektu askoz parte hartzaileago, sakonago eta eraldatzaileagoaren baitan landu zezakeelako Udalak. Izan ere, parkeen diseinuaren lehen faseetan alor ezberdinetako udal teknikari, herriko elkarte eta hezitzaile aditu, guraso elkarte, haur edota aitona-amonez osatutako mahai zabal bat beharrezkoa litzateke. Beste herri batzuetan hasi dira eta Arrasaten badugu horretarako potentziala eta ekimena, are gehiago azken urteetan gastatu dugun dirutza kontutan hartuta. Utzi ditzagun apal baten elektoralismoak eta medallitak jartzeko grinaz, Udal Gobernuak bereak diren ekimenak bakarrik egiteko duen joera. Ez zaio beldurrik izan behar hezkuntza, erronka sozial eta herri atseginago baten inguruko ideiak partekatzeari. Ideia propioak ez dituzunean ere aberasgarria izaten da eta lasai, Arrasaten ez da komunismoa inposatuko haur parkeak benetan modu parte hartzailean erabakitzeagatik.

Dena den, obrak egin aurretik parte hartze prozesuak iragartzen ari zaizkigu behin eta berriz… zer da orduan herritarrei aukeratzen uzten zaiena? Nire ustez, gainazaleko kontuak, besterik ez. Adibidez, aukera ematen al da parkearen oinarria gomazkoa edo belarrezkoa izango den erabakitzeko? Auzo edo leku jakin baten ezaugarriak kontutan hartuta, belarra eta natur elementuak izatea aproposa dela garaiz eztabaidatuko bagenu, gainerako elementuak bestelakok izateko aukera zabaltzen zaigu eta ondorioz obretako pleguak guztiz ezberdinak lirateke. Azken finean, arrasatear guztiei udal web orrian aukeratzeko eskainiko litzaiekeen 4 edo 6 proiektuak aberatsagoak izango lirateke. Beraz, ez al zaizue interesgarriagoa iruditzen parte hartzea eta eztabaida parkeen diseinuaren lehen faseetan ere ematea? Gaur egun, bozkatzeko aukerak bai baina, azken faseetan soilik erabakitzen denez, herriko haur parke guztiek ia berdinak izaten jarraitzen dute, begi bistakoa da hori. Zein irizpide eta oinarri pedagokiko-sozialekin eraikitzen diren ere zalantzagarria iruditzen zait, eskasa. Interes politikoak edo politikoen mugak tarteko, hala nola, profil oso konkretu bateko teknikariekin, enpresa ezberdinei deitzera eta proiektuak haien esku uztera mugatzen ari garela esango nuke, parkeak daudenetan berritzen, alegia. Adibide txiki bat jarriko dizuet, Udala auzoan jatetxeen ondoko parketxoan, belarra zegoen lekuan gomazko lurra jarri dute. Nola heldu gara puntu horretara konfiantzaren pedagogiaren herrian?

Era berean, argi dago ezinezkoa dela haur parke bakar baten demanda guztiak asetzea. Hortaz, zergatik ez da irudikatzen herri osorako zerbitzu mota honen mapa bat? Horrela, premiazko esku-hartzeak hobeto identifikatuko genituzke eta zentzuzko aisialdi azpiegitura sare bat eraikiko genuke (jolas parke klasikoak, ludotekak, berdeguneak, Monterron, Santa Barbara, Txikitxoko berria…), non bata besteari osagarriak bihurtu ahalko diren, auzoak konpentsatu eta bakoitzaren ezaugarriak baliatu eta indartuko liratekeen.

Ziur asko duela 15 urte ere gauzak berdintsu edo okerrago egiten ziren, baina hori ezin da aitzakia izan esku hartzeak zentzu gehiagorekin egiteko demanda honi bizkarra emateko. Behin eta berriz hanburgesa baten zein osagarri nahi dugu aukeratzera gonbidatzen ari zatzaizkigu, parte hartzearen lelopean, baina herrian ditugun sukaldari, nutrizionista eta jatun bikainen iritziak kontutan hartu gabe. Gainera, goxoenak eta gustukoenak ez du zertan izan gomendagarriena. Eguneko jatordu guztiak modu orekatu eta osasuntsuagoan egite aldera, komenigarria izaten da janari azkarrak, bozka azkarrak, mugatzea.

Ezin dut bukatu gaineratu gabe, “haur parkeak”, “kirol instalakuntzak” terminoagatik aldatuko banu, zoritxarrez herri honetan, testuak berdin balioko lukeela.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE