Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Aitor Zubiaga Barrena (EH Bilduko liberatua):

"Gure filosofia beti izan da elkarlana eta Arrasatearrentzat lan egitea"

Urriaren 14 hasi ditu udal-lanak "ilusioz eta arduraz". Liberazioaren, udaletxe barruko egoeraren, Kataluniaren,... inguruan galdetu diogu.
590.Aitor.Zubiaga.EHBildu (id: 1927645)
Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko urriak 23, asteazkena
 
Aitor Zubiaga Barrena hasi da Arrasateko EHBilduren udal-taldeko eta oro har oposizioko liberatu lanetan. "Ilusioz eta arduraz" heldu zion erronkari urriaren 14an.
 
Gai ezberdinen inguruko adierazpenak egin ditu, eta horiez gain, beste hainbati buruzko galderak egin dizkiogu. 
 
EH Bilduren liberatuak adierazi du Arrasateren behar nagusietako bat "Herriaren kohesioa dela. Hori hobetzeko hiri eta baserri auzoetara hurbildu behar gara eta nagusi, gazte eta etorkinen arazoei aurre egin behar diegu".
 
Zentzu honetan, bidegorrien egoera "negargarria da, herri barruko proiektua duela lau urte idatzita utzi genuen, exekutatzea falta zen. Ez da ezer egin. Ezta Vasco-Navarro zena bukatzeko ere".

Aitor Zubiagak atentzioa jarri du ere "Herriaren txukuntasunean eta hondakinen bilketan". Izan ere, "gainbehera goaz azken urteetan". Zentzu honetan, "larrialdi klimatikoa denon ahotan dagoen arazoa da baina horri aurre egiteko ez da ezer egiten".

Arrasatearren beste bi behar garrantzitsuenetarikoak "kirol ekipamendu sarea" eta "segurtasuna" dira, besteak beste. Gai horietan sakonduko dugu hurrengo parrafoetan.

Hainbat arrasatear kritiko agertu dira liberatu gisa Aitor Zubiagak izango duen soldata gordinagatik. Horren inguruan galdetu diogu, eta erantzun du "ba Udal Gobernuak uztailean soldatak igo ez balitu ordainsaria txikiagoa izango zela. Diru kopurua Udal Gobernuak finkatzen du".

Oro har, diru kopurua "PNV-k agintzen duen herrietan altuagoa da eta EHBildukoetan baxuagoa. Alderatu bestela zein izan den soldaten bilakaera Arrasaten edo Bergaran".
 
Maila pertsonalean, jakitera eman du "nire soldata zein izango zen jakin aurretik (barik) liberatua izatea onartu nuela. Diru gehiago irabaztea izango balitz nire helburua, nire betiko lanbidean jarraituko nuke (han gehiago irabaziko nukeelako)".
 
Halaber, galdetu diogu ea zertan oinarritu den Arrasateko EH Bildu liberatua aukeratzean: "Herritarrekin harremana indartzea nahi dugu eta horretarako pertsona egokia naizela erabaki dute. Pertsona dinamikoa, zabala eta herrian bizi eta lan egiten duena. Herri hau maitatzea eta bere alde lan egitea eta bere kutsua indartzea da lehen baldintza EHBildun,  zinegotziek daukaguna…".
 
Kataluniaren egoeraz galdetuta, Aitor Zubiagak adierazi du "Kataluniak herri libre bat izatera eramango duen bidera tinko lotuta jarraitzen duela, nahiz eta jakin hori epe motzean ez dela gertatuko. Mobilizazio gaitasun izugarriarekin: Bartzelonarako bost martxak, El Prat aireporturakoak, greba orokorra…".

Euskal Herrian "motelxeago gabiltza bai aktibazio sozialean baita maila politikoan ere. Dena den, halako baten, indarberrituta, bide horri ekingo diogu".

Bien bitartean, "pena da ikustea Espainiar estatuaren jarrera, itxia, motza eta komunikazio gabea. Agintea inposatzen besterik ez dakitela adierazten dute".
 
Arrasaten legealdi honetan Udal-gobernuak gehiengo absolutua du, eta horren aurrean "gure egitekoa, oinarrian, Arrasatearren alde lan egitean zentratzen da". 

Horregatik "prestutasuna azaldu diogu udal gobernuari natura, pentsioak, segurtasuna edota bestelako gai garrantzitsuetan batera lan egiteko. Beraiek ordea, ez dute gutaz ezer jakin nahi izan".
 
Zentzu honetan, "uste dugu 4.000 bozka baino gehiago eta 8 zinegotzi izanda, kontuan hartu beharko gintuzketela, baina elkarlana ez zaie gustatzen antza. Gure gogoa herritarrekin harremana indartzea da eta haien proposamenak eta arazoak Udaletxera eramatea konpondu daitezen". 
 
Aitor Zubiaga udaletxeko lanetan berria da, eta bertako egoera "aurreikusten nuena baino okerrago da. Harritu nauena da gestore onak omen direnak Udala egoera eskasean daukatela ikusteak".
 
Ildo honetan, "momentu honetan udaltzainen plantillan plaza asko bete gabe daude eta arazoa asko luzatuko da". Gainera udaletxean "pertsonal-bururik ez dago; ezta euskara teknikaririk ere; kontu-hartzailetzan pertsonal falta dago…".
 
Udaletxe batean "halako figuren faltak barne antolaketan eragin oso handia dauka. Komunikabideetako udaletxearen irudia eta errealitatean gertatzen ari dena oso ezberdinak dira. Udaletxearen funtzionamenduak akats ugari ditu eta honek ondorio larriak izan ditzake etorkizunean". 
 
Lapurretak eta oro har segurtasunaren gaia herritar askoren kezka nagusi da egun: "Guk aspalditik ohartarazi genuen egoeraren larritasunaz. Alkateari berari ohartarazi zion orduko udaltzainburuak Arrasaten sortzen ari zen egoeraz".
 
Bost urte pasa ondoren "Gobernutik ez da ganorazko kudeaketarik egin. Udaltzainen egoera prekarioa ezkutatu dute eta gaiaren lanketarik ez da egin. Hauteskunde kanpainan herria poliziaz josi zuten, eta fiskala eta epaileak lapurreten aurrean konponbideak ekarri behar zituztela agindu zuten, zain gaude oraindik". Gaur egun "udaltzainen plantilla osatu barik dagoenez ezin diote egoera honi aurre egin".

Salatu du "prentsan gaia desbideratzen saiatu dela Alkatea, inongo irtenbiderik eman gabe eta bere promesak ahaztuz. Guk badakigu konponbidea lanketa integral batetik etorriko dela; udaltzainen plantilla osatzeaz gain udalak lan egin beharko du herriarekin, eragileekin, oposizioarekin etab.".
 
500.Maider.Morras.Aitor.Zubiaga.EHBildu (id: 2073729) 
 
Orain arteko azken Osoko Bilkuran EH Bilduk salatu du "informaziorako eskubidea ukatu diola alkateak". Jakitera eman du "alkateak idatziz instrukzio zorrotz bat bideratu zigula, non gure informazio eskubidea noraino heldu daitekeen berak erabakiko duela jartzen duen".
 
"Herritarrek jakin behar dute oposizioak ezin duela bere lana ondo egin udaletxeko datuak ezingo dituelako beti modu librean jaso, alkateak horrela erabakitzen badu. Hau da, oposizioak ezin izango du udaletxeko daturik kontrastatu alkateak halaxe erabakitzen badu".
 
Horregatik, Udaleko bigarren talde nagusienak gaitzetsi du "gauza askotaz komunikabideetatik enteratu garela. Gure lana udal gobernuaren gestioaren kontrola da eta informazio ezarekin lan hau egiteko eskubidea eta obligazioa mugatu nahi dute. Neurri erabat anti demokratikoa izan da eta ez gaude prest hau onartzeko". 
 
Osoko Bilkuratik arazoa "ez da ezertan aldatu. Instrukzioa bere horretan dirau, eta agintea inposatzen digute behin eta berriz. Ez dago eztabaidatzeko tarterik, ez badaude ados eta bestelako proposamenak lantzeko eskaera egiten badugu beste aldera begiratu eta beraiena egiten dute". 
 
Azken hilabeteetan, Udal-gobernuak aginduta, Araba etorbideko zuhaitz ugari bota dituzte. EH Bildu "minduta" azaldu da: "Zuhaitzak bota zituzten horretarako beharrik ez zegoenean, baina propagandatik kanpo naturarekiko sentsibilitaterik ez dagoenean halakoxeak gertatzea normala da. Honek demostratzen du udal gobernu honek ez duela Arrasateko herriarentzat inolako plan integralik".

"Pentsa gure garaian ingurumen batzorde propioa zegoen, EAJak kendu zuen eta gaur egun hirigintza barruan diluituta dago. Honek garbi erakusten du guretako edo haiendako zein garrantzia duen gai honek".

Larrialdi klimatikoaren "kontrako adierazpenarekin berdin, postureo galanta, baina badakigu gero zein dan beraien politika: Erraustegia, AHTaren txikizioa…".

"Guk programan argi eta garbi utzi genuen Arrasate jasangarri eta osasuntsu bat lortzeko, inertziak aldatu eta oinezkoei eta bidegorriei lehentasunezko espazioak utzi behar genizkiela".
 
Baita "Arrasatearrak kotxearen dependentziatik ateratzeko proposamenak egiteko legislatura zela hau". Gainera, "espazio naturalen kalitatea hobetu behar dugu eta bizikletak eta garraio publikoak garrantzi handia izan behar dute".
 
Kirolzale ugarik galdetzen dute ea zer gertatuko den Musakola kiroldegiarekin. "Gai honen inguruan guk beti esan izan dugu gauza bera, auzo guztiei eskaini behar zaiela kirola egiteko gune bat, hori auzoak zaintzea ere badelako. Horregatik da KIROL HERRIA gure proposamena".
 
"Musakolako kiroldegia? bai noski, baina ganoraz antolatutako kirol sare baten barruan. Kontu larria zera da, jende askok gobernu hau bozkatu duela kiroldegiaren proiektuagatik. Gogoratu behar dugu proiektu horren diseinua denon diruaz ordaindu zela eta ez duela eman ez kuotek zenbat balioko duten, ez beste inolako datu errealik".
 
Hortaz gain, "komunikabideetan behin eta berriz azalduz, jendeari saldu zioten egingo ez den kiroldegi bat, ez behintzat legealdi honetan. Eta zintzoa litzateke herritarrei gai honen inguruan egia esatea", izan ere, herritar "askok uste dute laster kiroldegi handi eta berri bat edukiko dutela".

Alor ekonomikoari dagokionez, "Udaletxea baldintzatuko duen dirutza gastatuko da. Azaldutakoagatik arlo estrategikoa iruditzen zaigu hau ere; eragile, talde politiko eta adituen artean adostu beharrekoa".
 
EH Bilduren "filosofia beti izan da elkarlana eta Arrasatearrentzat lan egitea. Argazkietatik harago dagoen lanean zentratzen gara gu. Gobernuak badaki Arrasate jasangarri, ekonomikoki ekitatibo eta aurrerakoi baten alde badela, ondoan edukiko gaituela herritarren arazo eta beharrei irtenbideak emateko".
 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE