Isei Barbero / Argazkiak: MB artxiboa / 2012ko ekainak 15, ostirala
“Stop Atez atekoa” herri plataformak agerraldia egin zuen atzo, asteartea, eta bertan pasa den asteartean udaletxean ospatutako Plenoan burututako protesta “baketsua” izan zela adierazi zuten. Bertan, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin, hiri hondakinak biltzeko atez ateko sistema onartu zen. Sistema honen kontra EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietako zinegotziak agertu ziren, eta aipatutako plataformako kide batzuk kanporatu behar izan zituen Udaltzaingoak, areto barruan egindako protestengatik.
“Arrasateko historian sekula ez dute herritar bakar bat ere kanporatu pleno aretotik, ezta tartean irainak eta erasoak egon direnean ere”, adierazi zuten atzoko agerraldian. “Alkateak indarkeri poliziala erabili du ideien errepresiorako, indarkeria eta larderia izan direla nagusi”. Zentzu honetan, plataformako kideak aretotik kanporatzeko beste modu batzuk bazeudela ere esan zuen Oscar Garcia bozeramaileak, “era baketsuagoan”.
Agenteen jarrera alkateak aurreikusita zeukala gaineratu zuten “Stop Atez atekoa” plataformakoek atzo, “berak jakin baitzekien bertan egongo ginela”. Jarrera horrekin euren iritzia zapaldu izan nahi dutela salatu zuten, “eta baita sistema honen kontra daudela erakusteko euren sinadura eman duten beste 4.000 arrasatearrena ere”. Testuinguru honetan, Garciak alkateari “barkamena plazaratzea” eskatu zion, “ez bakarrik astearteko Plenoan gertatutakoagatik, baita martxoan kaleratutako bandoagatik ere, argi geratu baita guk ez genuela gezurrik esan”.
Agerraldian Garciak jakinarazi zuen Arrasate Garbi plataformarekin elkarlanean ari direla, eta eurekin batera sinadura bilketa aurkeztuko dutela udaletxean. Bilduk “herritarren gehiengoaren iritzia ez errespetatzea” salatu zuen, eta baita Atez ateko sistema “logikarik gabekoa eta bideraezina” dela gaineratu ere.