Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkia: MB Artxiboa / 2018ko irailak 13, osteguna
Aurten erromesaldiko mendizaleek goizeko 6:30ean abiatuko dira Kontzeziño paretik. Aipatzekoa da ere beste mendizale batzuek euren kabuz egin ohi dutela ibilaldia.
Autobusean joateko aukera ere badago, eta izen-ematea zabalik egongo da Ecuador Bidaiak agentzian, bihar (ostirala) arratsaldeko 19:00 arte.
Honezkero autobus bat betetzeko pertsona kopuru nahikoak eman du izena, eta bigarren autobusa ere betetzear da. Autobusak domekan goizeko 9:00etan abiatuko dira Garibaitik.
Goizeko 9:30ean oinez joango direnak eta autobusean joango direnak Gesaltzan elkartuko dira. Ondoren, Arantzazuko apaizek gidaturik, eta bozgailuak baliatuta, denak elkarrekin Arantzazura igoko dira oinez.
Eguerdi partean Arrasateko Udalbatzako hainbat partaidek, txistulariei jarraituz, Arantzazuko santutegira sartuko dira, hainbat herritarrekin batera. Bertan Arrasateko parrokoa Horacio Argaratek meza esango du.
Ohiturari jarraituta, Arantzazun lagun ugarik salda edateko aukera izango dute, eta ohiturak bete ondoren, itzulerako bidaiari ekingo diote.