Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
Ostiraletik aurrera baraualdia egingo dute Arrasateko udaletxean
Herrira mugimenduak deituta, ekimen honekin Iosu Uribetxebarria aske uztea eskatu nahi dute. Deialdi nazionala da honako hau, eta Arrasatetik momentuz bi pertsona joango dira Donostia ospitalera. Atzoko elkarretaratzean gogor kritikatu zuten estatu espainiarraren jarrera.
Isei Barbero / 2012ko abuztuak 23, osteguna

 

Asteartean bezala, atzo ere arrasatearrek Iosu Uribetxebarria presoaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin zuten.  100 pertsona inguru bildu ziren herriko plazan arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta “Iosu askatu, hamalauak herrira” lemapean, ordu erdiz kontzentratuta egon ziren bertan.

 

Elkarretaratzea amaituta, Herrira mugimenduko arduradunek eguerdi partean izandako azken notiziak jakinarazi zituzten:  bere bizitza arriskuan zegoela eta medikuen gomendioei jarraituz, preso arrasatearrak bertan behera utzi duela gose greba.  Hala eta guztiz ere, datozen egunetarako deituta dauden mobilizazioak bere horretan mantentzen direla gaineratu zuten.  “Deialdia egiten dugu kontzentrazioa eta baraualdira agertzera, berdin da ostiralean edo zapatu goizean izan”.

 

590 (id: 6868713)Atzo, asteazkena, Herriko plazan bildutakoak.  Mobilizazioek hurrengo egunetan ere jarraituko dute.

 

Izan ere, gaur ere arratsaldeko 19:00etatik aurrera elkarretaratzea egingo dute Herriko plazan, eta bihar -ostirala- ordu berean eta leku berdinetik abiatuta manifestazioa egongo da.  Era berean, manifestazioa amaitzerakoan udaletxean baraualdia egiteko deia luzatzen dute.  Esan beharra dago baraualdi hau nazionala izango dela, hau da, deialdia Euskal Herri osora zabalduta dagoela.  “Leku gehienetan zapatuan ekingo diote baraualdiari, baina, manifestazioa dagoela aprobetxatuz, gu ostiralean hasiko gara”, jakinarazi zuten.

 

Era berean, aipatutako baraualdia ere Donostiako ospitalean burutuko dute, eta dagoeneko bertara Arrasatetik bi pertsona joango direla ere eman zuten aditzera atzoko elkarretaratzean.  Besteren batek bertara joan nahi izanez gero, Herrira mugimenduko arduradunekin harremanetan jarri behar izango duela ere jakinarazi zuten.  Etorkizunari begira, iganderako Uribetxebarria askatzen ez badute, hurrengo asteari begira beste hainbat ekimen antolatuko dituztela argi utzi zuten.

 

Elkarretaratzea aprobetxatuz, Herrira mugimendukoek estatu espainiarraren jarrera gogor kritikatu zuten“Euskal Preso Politikoak akabatzea nahi du, eta hori lortzen ari da.  Orain dela 6 urte esan genuen zein zen Iosuren egoera, eta minbizia berriro ere izateko zuen arriskua; eta azkenean, zoritxarrez, aurreikuspenik larrienak bete egin dira”.  Testuinguru honetan, nahiz eta Iosu Uribetxebarria libre geratu, mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa plazaratu zuten atzo, “beste 13 preso gaixo baitaude oraindik”.

 

 

Erlazionatutako albisteak:

 

Iosu Uribetxebarriak gose greba bertan behera utzi du

 

Arrasatearrek berriro ere Uribetxebarriaren askapena eskatu dute

 

Herrira mugimenduak hainbat mobilizazio deitu ditu aste honetarako

 

Uribetxebarriaren askapena hamar egunez atzeratu daiteke

 

Manifestazio nazionala Arrasaten

 

Etengabe exijitu dute herrikidearen askatasuna ehunka pertsonek

 

 

 

 

 

 

 

 

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE