Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Hitzarmena sinatu dute udaletxean

Udalak 1'1 milioi € jarriko ditu Gautxoriko berrurbanizazioan, MUk puntako laborategiak egin ahal izateko

Mondragon Unibertsitatetik "asmoa daukagu Gautxorin punta-puntako laborategiak egiten jarraitzeko". Horretarako, baina, MUk ez du legeek markatutako "etekin nahikorik lortuko Gautxorin". Horregatik, "Udalari laguntza eskatu diogu". Trukean, MUk Gautxorin berrurbanizazio obren zati handiena ordainduko du. Obra hauek errepide zati berri bat, espaloia, bidegorri zatia,... egingo dituzte.

590.Mondragon.Unibertsitatea.Gautxorin (id: 4317671)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko ekainak 3, astelehena

 

 

Gaur goizean Arrasateko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute udaletxean.

 

Bertan izan dira Maria Ubarretxena Cid alkatea, Vicente Atxa Uribe MUko errektorea eta Carlos Garcia Crespo Goi Eskola Politeknikoko dekanoa.

 

Gautxori izeneko esparrua Uribe auzoa eta Markulete artean dago, radarraren kabina dagoen tokiaren inguruan.

 

Bertako eraikinetako bat lehen Trefasa enpresa zen, eta hutsik geratu ostean, orain direla hainbat urte, Mondragon Unibertsitateak 26.621 metro koadroko esparrua erosi zuen eta egun eduki dauka Gautxorin.

 

Goi Eskola Politeknikoak bertan ikasgelak eta sail batzuk martxan izan zituen, baina "azken urteetan eraikina eraldatzen ari gara", Vicente Atxa errektoreak azaldu bezala.

 

Horretarako "beharrezkoa zen Plan Berezia egitea", Maria Ubarretxenak adierazi duenez.

Bide honetan "azken urteetan eta hilabeteetan bertatik Garaia Berrikuntza Guneko 11. eraikinera eraman ditugu, eta Gautxoriko eraikinean laborategiak jartzen gabiltza". Horrela "%80 inguru egina dugu honezkero".

 

Horretarako "diru-iturriak Unibertsitatearenak izan dira", jakitera eman du errektoreak.

Bide honetan "aurreikusten dugu Gautxorin datorren udan-udazkenean laborategi berri bateko obrak amaitzea, batez ere makina handiak garatzeko eta euren frogak egiteko".

 

Bide horri eutsi nahi dio Unibertsitateak, eta Gautxorin "punta-puntako" laborategi gehiago egitea "asmo dugu - adierazi du Carlos Garcia dekanoak - baina ez dakigu epe luzera zer gertatuko den. Egun gure proiektua garatzeko aukera bat daukagu".

 

Kontuan hartzekoa da Plan Berezi bat egin daitekeela "soilik frogatzen bada bertako jarduerak etekin nahikoak sortuko dituela". MUren arabera horretarako Gautxorin "formazio jarduerekin ez dugu etekin nahikorik sortzen", "ezta sortuko seguruenik ere".

 

Horregatik, MUk Udalari laguntza ekonomikoa eskatu dio, "laguntzarik gabe ezinezkoa litzatekeelako laborategien asmoa gauzatzea", errektoreak azaldu duenez.

 

Egun Gautxori esparruko jabeak ondokoak dira: Mondragon Unibertsitatea (%90), Garaia Berrikuntza Gunea (%5) eta Muñoa (%5). Argitu behar da Udala egun ez dela bertako lursailaren %14aren jabea, Udal-gobernuak Osoko Bilkuran adierazi bezala.


590.MU-Udala.Hitzarmena.Gautxori (id: 2607617)

 
Udalak Gautxorin jabetza izan duen galdetuta, MUk ezetz erantzun du, "Udalak egun  eraikigarritasunaren %15eko kontsezio bat baitauka. Portzentaje hori ez dagokio derrigorrezko lagapenari".

 

"Punta-puntako laborategiak gauzatzen joatea da gure asmoa", eta "horregatik Udalari laguntza eskatu diogu". Osoko Bilkurak baietz erantzutea erabaki zuen, eta ondorioz Udalak 1.137.000 € jarriko ditu, Gautxoriren berrurbanizazioa egiteko. MUk 3 milioi eurotik gora jarriko ditu obra horiek egiteko.

 

Akordio hori gaur eguerdian sinatu dute udaletxean, eta ekitaldian parte hartu dute Maria Ubarretxena Cid alkatea, Vicente Atxa Uribe MUko errektorea eta Carlos Garcia Crespo Goi Eskola Politeknikoko dekanoa. 

 

Azaldu behar da Baleike udal-taldeak Osoko Bilkuran jakitera eman zuen berez Udalari dagokion inbertsioa gehienez 434.000 eurokoa dela.

 

Ezberdindu behar dira obra horiek (espaloiak egitea, errepide bat egitea, zuhaitzak landatzea,...) eta laborategiak egiteko obrak. Laborategiak egiteko obretara Udalak ez du zuzenean dirurik jarriko. 

 

Alkateak esan du Udalak 1.137.000 euro ordainduko dituela berrurbanizaziorako baldintza "oso zorrotzak" jarri dituelako. "Kalkuluaren arabera, karga urbanistikoetan Udalari dagokio 1.137.000 € ordaintzea". Halaber, ukatu du Udalak Unibertsitateari "ezer ematen ari zaionik". 

 

Plan Bereziari dagokionez, agiri honek markatzen du "non egingo den errepide bat, espaloia, bidegorria, biribila, berdeguneak,... Plan hori zehaztean karga urbanistiko batzuk sortzen dira, eta kargak ordaintzen dira jabetzaren portzentajearen arabera". Berrurbanizazio obrek egingo dituzte:

  • Bidegorri bat
  • Espaloiak
  • Berdeguneak
  • Errepide zati berri bat
  • ...

Errepide zati berri hori Uribarri etorbidean hasiko da, radarraren kabina dagoen inguruan, Ederlan eta MUren eraikinen artetik igaroko da, Aramaio errekara iritsiko da, eta erreka ondotik jarraituz, Alecop pareko zubi ingurura iritsiko da. 

 

"Plan de Ordenación Urbanística delakoa egitean, adostasun bat lortu behar dugu jabeon artean - adierazi du errektoreak -, eta normalena da jabe nagusiena (kasu honetan MU) beste jabeei euren zatiak erostea. Hori egitea aurreikusten dugu".

 

Balizko ordainketa hori egitean, "derrigorrezko emate bat egingo da, sektoreko eraikigarritasunaren %15ekoa".

 

Ondorioz, "MUk Udalari dohainik emango dio eraikigarritasunaren %15ari dagokion lursaila, karga urbanistikorik gabe. Kontuan hartzekoa da partzela horrek jarduera ekonomiko/parke teknologiko izendapena daukala". Berrurbanizazio obrek "hemendik 8 urtera bukatuta egon beharko lukete".

 

Alkateak azpimarratu du "laborategi hauek punta-puntakoak direla, Europa mailakoak, eta estatu mailan parekorik ez daudela". Gainera "MUk enpresa askorekin lan egiten du (Ederlan eta Fagor Arrasate tartean), eta hori oso onuragarria da Unibertsitatearentzat eta herriarentzat". 

 

Errektoreak gehitu du laborategi berri hauekin "ikerketa egiteko talentua kaptatzen gabiltzala, baita hemengo enpresen lehiakortasuna bultzatzen ere".

 

Udala-MU hitzarmenaren ondorioz "urbanistikoki hobeto geratuko da, gure laborategiak inguruko paisaian integratuko dira".

 

Vicente Atxak nabarmendu du sinatutako akordioa "herriarentzat oso onuragarria" izango dela, eta MUk bere gain hartuko dituela "berez guri ez dagozkigun lan batzuk, errepide bat egitea esaterako". 

 

Gehitu duenez MUren "irakaskuntza jarduerarekin lortzen ditugun etekinak inbertsioetara zuzentzen ditugu, ez errepideak egitera adibidez. Baina legeek Gautxorin horretara behartzen gaituztela. Izan ere, eskubide batzuk izateaz gain, betebehar batzuk ere baditugu".

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE