Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Besaide elkartearen eta Udalaren ekimenak

Anporretako tontorra eta bide homologatu bat prestatuko dira

Arrasateko Udalak eta Besaide Mendizale Elkarteak bi egitasmo aurkeztu dituzte. Udalak Anporretako tontorra erosiko du, "ingurua txukundu eta jendeak goza dezan". Elkartea ibilbide homologatu bat prestatzen dabil, besteak beste, Hidalgobaso eta Anporretatik igaroko dena.

590.Anporreta.MENDIKATNET (id: 8413614)

 


Mapa: Mendikat.net / Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2016ko uztailak 6, asteazkena

 

 

Besaide Mendizale Elkarteak eta Udalak egitasmo bi aurkeztu zituzten atzo eguerdian Anporretako tontorrean:

  • Ibilbide homologatu berri bat
  • Anporretako tontorra txukuntzea

Biek ala biek helburu dute balioan jartzea herriko hainbat paraje. Aurkezpenean Maria Ubarretxena alkateak iragarri zuen Udalak Anporretako tontorra erosiz berreskuratuko duela:

 

"Helburua da mendi-tontor bat berreskuratzea, Arrasateko tontor esanguratsu hau publiko bilakatzea".


Bertan "pinuak kendu egingo dira eta Anporretako tontorra txukunduko da", hain zuzen, "jendea etor dadin eta goza dezan".


Egitasmo hau osagarria da Besaide Mendizale Elkartea lantzen dabilen beste egitasmo batekin: ibilbide homologatu bat prestatzea, besteak beste, Anporretatik bertatik igaroko dena.


Elkarteko lehendakariak, Aitor Zubiagak, aurkezpenean baloratu zuen "udaletxearekin elkarlanean, guk eremu hau herriarendako oso interesgarria eta erakargarria" ikusten dutela.


Azpimarratu zuen bezala, "tontor hau nahiko ezezaguna da, eta jendea aurkitu nahi izaten du. Zailtasun horiek kentzeko, egitasmoak baliagarriak izango dira".

 

Besaide elkartea prestatzen dabilen ibilbidea ondokoa dugu: Monterron - San Kristobal - Hidalgobaso - Anporreta - Meatzerreka (edo Sara) - Monterron.

 

Abiapuntua Monterron izango da, "guretako leku enblematikoa", eta San Kristobalera igo ostean, Hidalgobason ibiliko da "bertan harizti bat landatuko" delarik. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lursail zabal batetik igaroko da, Anporretara igoz.

 

595.Anporreta.Egitasmoa.Trintxera (id: 8681251)


Mendi honek hainbat altxor gordetzen ditu. Esate baterako, Anporretako tontorrean 1936ko Gerrako trintxera bat dago, eta mendi honetan ere Gerra Karlistakoa izan daitezkeenak ere egon badaude.


Paraje honetan ere tumulu megalitiko bat egon liteke, baina hori oraingoz ezin da ziurtatu, eta ikertu egin beharko da.


Dena den, "Anporreta alineaturik dago Bergarako Irutontorreta mendiarekin, eta han trikuharri baten aztarnak aurkitu dituzte", azaldu zuen atzoko aurkezpenean Ibon Arrupe zinegotziak.


Horregatik, Udaleko Kultur Sailak eta Arrasate Zientzia Elkarteak antolaturik, indusketak egin asmo dira.

 

Anporretako tontorra 582-585 metrora dago, eta batzuen hitzetan Arrasateko mendirik altuena da, baina Besaide Mendizale Elkarteko lehendakariak azaldutakoaren arabera, Labasur (677 metro) garaiagoa da, Besaidetik gertu, Udalatxen magalean.

 

Bidean aurrera eginda, Iturritxipigainera iritsiko gara, Anporreta eta Meatzerreka artean. Aitor Zubiagak herritarrei gomendatzen die bertako ikuspegiaz gozatzera:

 

"Bertatik Udalatx zoragarri ikusten da, parez pare, bertan mendizalea Udalatxen handitasunaz harritzen da eta gozatzen du".

 

Ibilbidea ia osorik zehaztuta dago baina falta da aukeratzea Saratik edo Meatzerrekatik igaroko den.


Mietzerreka mende askotan meatzagintzan jo eta su aritu zen, eta gure herriaren historian garrantzi handia izan du.


Paraje hauetan, Udalatxen magalean, herriari aberastasun handia eman zieten Lugorri, Montzon, Galarra,... aurki daitezke.


Bidean aurrera eginda, San Baleixon "harizti bat berreskuratzen gabiltza Udalarekin elkarlanean, eta bertan ibilbideko atsedenleku bat egongo da".


Ibilbide honek ere Arrasate-Kanpazar-Elorrio arteko Errege Bidea ere erabiliko luke: "Iaz zati bat berreskuratu zen, eta ibilbideari amaiera emateko, Fiateko tailerretik bidezidor bati jarraituz Monterronen bukatuko litzateke". Aitor Zubiagak azpimarratu du "ibilbide honek beste Arrasate bat erakutsiko duela".

 

Besaide elkarteak aurkezpenean azaldu zuen bera arduratuko dela ibilbidea atontzeaz. "Ibilbidea oso erosoa da, eta 10 kilometro inguruko luzera izango du". Beraz, "PR bat ("Pequeño Recorrido") izango da, eta alternatibak eskainiko ditu".

 

595.Anporreta.Egitasmoa.Aurkezpena (id: 8491724)

 

[Goiko argazkian, ezkerretik: Ibon Arrupe Ingurumen zinegotzia, Aitor Zubiaga Besaide Mendizale Elkarteko lehendakaria, Maria Ubarretxena alkatea, Piter Encinas zinegotzia, Rafa Ugarte Udaleko Ingurumen Saileko arduradun teknikoa eta Pello Garai Udaleko Ingurumen Saileko teknikari].

 

Anporretako egitasmora itzuliz, tontorra erosi ahal izateko, Udalak "oraingo jabe pribatuarekin tratua itxi du", alkateak azaldu bezala.

 

Udalak oraingo jabeari 3 hektarea erosiko dizkio (32.262 metro koadro), eta egitasmo honen aurrekontua denera 18.000 € ingurukoa izango da. "Kostu horren barruan lurra eta egungo pinuak erostea daude. Udalak 0'6 € ordainduko ditu metro koadroko, pinuaren prezioa barne".

 

Ondoren, tontorraren inguruko hektarea bateko pinuak botako dira, eta Udalak saldu egingo ditu, hala "2.000-3.000 € berreskuratzea espero da", Ibon Arrupe zinegotziak azaldu bezala.


Ibilbide homologatuari dagokion aurrekontua "aurrerago zehaztuko da". Dena den, litekeena da aurrekontu apala izatea: "Ibilbide hasieran panel bat eta bidean zehar seinale bertikalak jartzea baino ez da behar funtsean".


Detaile batzuk baino ez dira falta: "Ibilbidea Saratik edo Meatzerrekatik igaroko den zehaztea, eta agian bide pribaturen batetik igaroko balitz, jabearekin hitz egitea".

Anporretako lur-saila erostea Udal-plenoa aztertuko du hurrengo astean. Diktamina aho batez onartu da Batzordean, "eta beraz ez dugu aurreikusten arazoa egongo denik", aurreikusi du alkateak.


"Pinuak aurten Gabonen aurretik botatzen hastea aurreikusten dugu, eta beste ekimenak datorren urtera begirakoak dira".


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE