Koldo Carrillo- 2012/09/22
Arrasatek, Euskal Herriko beste herri batzuek moduan, euskaraz bizitzeko borondatea agertu du gaur arratsaldean herriko kaleetan. Hala, haur, gazte eta helduek Kontseiluak deitutako Euskaraz bizi nahi dut herri-lasterketan hartu dute parte eta egitasmoa arrakastatsua izan da benetan. Gaurko lasterketa posible izateko, Udalaren eta herriko elkarte eta eragileen kolaborazioa ezinbestekoa izan da.
Arratsaldeko 18:00etan, euskararen alde arineketan egiteko txikienen garaia izan da. Antolatzaileek adierazi digutenez, haurren parte hartzea itzela izan da eta lasterkari mordea bildu dira Herriko plazaren inguruan, lagunekin batera, euskararen alde korrika egiteko. Adin tartearen arabera, luzera ezberdineko lasterketak izan dira eta gainontzeko herritarrak kalearen ertzetan izan dituzte, etengabe animoak ematen. Haur eta gazteen lasterketak amaitzerakoan, parte hartzaile bakoitzak, diploma bat jaso du.
Arratsaldeko 19:00etan, ostera, helduen txanda iritsi da eta hainbat izan dira korrika egitera animatu direnak. 100 lagun inguru irten dira Herriko plazatik eta herriko kaleak zeharkatu dituzte, euskararen aldeko aldarriarekin. Irteera tokitik Arrasate pasealekua, Zerkaosteta, Garibai, Abaroa, Maalako biribilgunea, Maalako arrabala, Seber Altube plaza, Arbolapeta eta Portaloia zeharkatu dituzte birritan. Bakoitza bere erritmora, gozatzen, ikusi ditugu eta amaieran, guztiak izan dira irabazle. Baina gaurko egunean, irabazlerik handiena, euskara izan da.
Euskaraz bizi nahi dut herri-lasterketari bukaera emateko, bost sari interesgarri zozkatu dituzte Herriko plazan; termomix bat (612. dortsalak irabazi duena), kafe-makina, irabiagailu eta txigorgailua (197. dortsalarentzat), DVD eramangarria (168. dortsala), xurgagailu robota (603. dortsala) eta motxila bat (160. dortsala). Euskaraz bizitzeko nahia nagusitu da gaur herritarren artean eta euskal giroa aparta eta jatorra izan da.
ARGAZKI GALERIA