Koldo Carrillo- 2012/07/22
Giro ederrean ospatzen ari dira herritarrak gaur, domeka, Maala Arrabalako jaiak. Goizeko 8:00etan, etxafleroekin gogorarazi diete arrasatearrei kaleko ospakizunak eta eguerditik hasita, jendea, musika eta jai giroa zabaldu dira Maala kalean. Aurten, Santa Maria Magdalena eguna domekan ospatzen denez, jaien antolatzaileek berritasun pare bat txertatu dute egitarauan, baina festak bere ildoa jarraitu du arazorik gabe. 12:30etan, Arrabalean hildako guztien omenez meza ospatu dute eta jarraian, Maala Arrabalara hurbildu dira guztiak. Txistulariek ere beren agerpena egin dute bertan eta musika doinuez berotu dute giroa.
Aldaketa nabariena, afaria beharrean, bazkaria egin dutela izan da. Dena dela ere, bazkalostean Maalara hurbilduta, jai eta lagun giroa egiaztatu ditugu. Antolatzaileek paella erraldoia egiteari ekin diote eguerdian, 50 lagunentzako arroza, hain zuzen ere. Gero esan digutenez, bazkari popularrera bertaratutakoen gustukoa izan da eta bigarren platerean, oilaskoa izan dute. Esan moduan, 50 lagun bildu dira mahaiaren inguruan eta kontu-kontari bazkaldu ostean, kina jolasarekin animatu dute bazkalondoa. Gainera, irabazleak Monte tabernak eskainitako urdaiazpikoa eraman du etxera, eta baita saria gustura hartu ere!
Arratsaldean, ohi moduan, haurrek eta gaztetxoek jolasean gozatzeko aukera izan dute. Parte hartzaile ugari izan da Maalan jolasean eta guztiek sariren bat eskuratzea bilatzen zuten. Lagunekin ederto pasatu dute guztiek eta herritarrak arretaz jarraitu dituzte jolasak. Helduek, ostera, poteoa izan dute lagunekin batera 19:00etan eta beranduago, Arrasateko musikariak eszenatokira igo eta kalea animatu dute musika doinuekin. Aurtengo Maala Arrabalako jaiei bukaera emateko, nola ez, suzko erruberak izango dira guztien gozamenerako.