Sonografosek irabazi du Zaldibar Futbito Txapelketako 50. Edizioa, gaur –zapatua- jokatutako finalean Lasagabasterri 5-3 irabazita. Partidua parekatua izan da oso, eta horrelako hitzorduetan ohikoa den moduan, intentsitatea eta emozioa ez dira falta izan. Gol aukerak bi ateetan egon dira, eta Zaldibarrera gerturatu direnek ikuskizun politaz gozatu dute.
Partidu hasi eta berehala Sonografos aurreratu da, Muruaren ezkerkada bati esker. Ondoren, Pituk alde hori handitu du, eta Lasagabasterreko Koldo Azkuek penaltiz 2-1ekoa egin du. Dena den, atsedenaldira Sonografos 4-1eko emaitzarekin joan da, Iker Laspiurrek eta Muruak penalti bikoitz baten ostean lortutako tantoei esker.
Atsedenaldi ostean Morak Sonografosen aldea murriztu du (4-2), eta 4-3koa ere bere oinetan izan du, baina baloia gora bidali du. Barkatzen duenak gareste ordaintzen duela diote, eta horixe gertatu da gaur Zaldibarren, Ekain Garinek 5-2koa jarri baitu markagailuan. Sonografosek bi penalti izan ditu alde bigarren zatian, baina Iñigo Jimenezek Jokin eta Muruaren intentzia asmatu du.
Goraipatzeko modukoa izan da baita ere Iker Zaitegiren lana, Sonografoseko atezainak behin eta berriz geratu baititu Lasagabasterrekoen jaurtiketak. Geratu ez duena, ordea, Canasek partidu amaitzeko 8 minutu geratzen zirenean egindako falta jaurtiketa izan da, 5-3koa suposatu duena. Ondoren, eta esan bezala, Lasgabasterrek gol aukera garbiak izan ditu, baina Zaitegirekin egin du topo.
Jokalari onenak
Honenbestez, aurtengo txapelduna Sonografos izan da, eta bigarren sailkatua Lasagabaster. Hirugarren postua Dublinentzat izan da, eta laugarrena Abokajarro izan da. Liga erregularreko txapelduna, berriz, Iriztu izan da, eta bai pitxitxia eta baita txapelketako jokalari onena Murua izendatu dute.
Finalari dagokionez, jokalari onenaren garaikurra Iker Zaitegi atezainak jaso du. Aurtengo txapelketako seikotea honako jokalari hauek osatu dute: Matiku (Dublin), Enrike (Abokajarro), Antonio Tena (Lasagabaster), Aimar (Iriztu), Ruben (Dublin) eta Murua (Sonografos).
Ohikoa den moduan, astelehenean finalaren gaineko kronika zabala eskainiko dizuegu, finalean hartutako irudi guztiekin.
Aurtengo seikotea.