Pertsona zahar bati iruzur egiten saiatu dira
Udaltzaingoak iruzur baten arriskuaz ohartarazten du
Iruzurgile taldea atzo Arrasaten aritu zen. Inguruko herrietan ere aritu da. Horren aurrean, herritarrek susmoren bat badute, 943 25 20 10 telefonora dei dezatela.
Testua: G.L.H. / 2012-ko uztailak 5, osteguna
Udaltzaingoak, inguruko herrietatik heldutako informazioa dela medio, jakin du hainbat pertsona etxeetara deitzen ari direla bakarrik bizi diren adineko pertsonak detektatu eta iruzur egiteko. Edozer susmatuz gero, deitu Udaltzaingora: 943 25 20 10.
Pertsona hauek etxeetara deitzen dute eta telefonoa hartzen duenari hainbat galdera egiten dizkiote, hala nola: 60 urtetik gorako pertsonarik bertan bizi ote den, 40 urtetik gorakorik…
Modu honetan jakiten dute adineko pertsonak zein etxetan bizi diren bakarrik
eta bertara joaten dira, osasunarekin lotutako produktuak saltzera.
Adineko pertsona horri sinatu arazten diote kontratu bat eta hurrengo egunean etxera etortzen zaizkio berriz saldutako produktuaz eta dirua kobratzeko asmoz.
Udaltzainek badute kasu zehatz baten berri: Adineko pertsona bati atzo bertan deitu zioten telefonoz eta joan zitzaizkion etxera, bakarrik bizi dela egiaztatu ostean. Gorputzari magnetismoa ematen dioten iman-jokoak eta besaulki bat 3.000 eurotan saldu gura izan dizkiote.
Adineko pertsona honek atzo 3.000 euroko salmenta hori jasotzen zuen kontratua sinatu zuen eta gaur etxera etorri zaizkio pertsona hauek, produktuak entregatu eta dirua kobratzera. Adindun honen semea, ordea, atzo gertatutakoaren berri izanda, etxean egon da zain, saltzaileak noiz etorriko. Agertu direnean aurre egin die eta iruzurgileek alde egin dute adindunaren etxetik.
Arrasaten ez da jaso halako kasu bakar baten salaketarik, beraz, Udaltzaingoak ez du iruzurgileak hemen dabiltzanaren pista ofizialik. Hala ere, ohar honen bidez, arrasatearrak jakinaren gainean jarri nahi ditu, batez ere adindun pertsonak tentuz ibili daitezen.
Edozer susmo izanez gero, Udaltzaingora deitu: 943 25 20 10.