Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Basabeazpi Ikastolan

Josu Feijoo astronauta Arizmendiko ikasleekin egon da

Testua, argazkiak eta bideoa: Hasier Larrea / 2018ko urtarrilak 31, asteazkena

 

Josu Feijook txikitatik amesten zuen astronauta izango zela. Gaztetan ingeniaritza karrerak eta espazioko robotika eta astronomiako masterrak burutzera abiatu zen Estatu Batuetara. Etxera itzultzean, diabetikoa zela iragarri zioten medikuek, eta ondorioz buruan zeuzkan planak alboratzea gomendatu zioten; astronauta izateaz gain, Everest igotzea nahi zuen gasteiztarrak. Baina ekinaren ekinez munduko tontorrik altuena igotzea lortu zuen 2006an; gainera, Everesteko gailurrera heldu zen lehen diabetikoa izan zen Feijoo. Ondoren Hego Poloa eta Ipar Poloa zapaldu zituen.

 

Baina bizitzako albisterik onena handik urtebetera heldu zitzaion. Denverrera joan zen konferentzia bat ematera, eta NASAn botere handia zeukan gizon batekin egin zuen topo. Agentzia espazial pribatuekin kontaktua egitea ahalbideratu zion gizon honek Feijoori, eta 2013an Yuri Gagarin izarren hirira joatea lortu zuen. Bertako arduradunei errusiarrekin entrenatzea gustatuko litzaiokeela aipatu zien, umeen diabetesa sendatzeko ikerketak burutzen ari zela gehituz. Errusiarrek onartu egin zuten. Behin entrenamenduen bidez prestatuta eta kosmonauta titulua aterata, espaziora bidaiatzeko zita bat hitzartu zuten: 2019ko otsailaren 14a. Beraz, Josu Feijoo espazioan egongo den lehen diabetikoa izango da.

 

Bi mila aldiz errepikatzen omen dute espazioan egin behar dituzten ariketak entrenamenduetan. 43 milioi euro kostatzen du astronauta bakoitza espazioan mantentzea, erregaia benetan garestia baita. Normalean astronautak laborategietako ikerketak (zelula amak, diabetesa, kantzerra...) burutzera edo software enpresek kontratatuta igotzen dira espaziora.

 

Pazientzia, dirua eta burugogorra izatea dira astronauta bilakatzeko faktorerik garrantzitsuenak. Izaera hotza, kalkulatzailea eta enpatia baxukoa ere eduki behar da, espazio ontzi barruan panikoa ekidite aldera. Derrigorrezkoa omen da baita ere 3 digituko koefizientzia intelektuala edukitzea; Josu Feijook 114koa dauka, baina haren esanetan, bere lankideek 130 ingurukoa izaten dute. Munduko batez besteko koefizientzia intelektuala 75ekoa da.

 

Basabeazpiko umeek arreta handiz jarraitu dituzte astronautaren esanak eta proiektatutako bideoak. Hauetan unibertsoaren sorkuntza azaltzen zen. Ondoren ikasleen galderak erantzun ditu Feijook. Izan ere, espazioari lotutako proiektua garatzen dihardute txikiek. Guraso batek Josu Feijoo ikusi zuen telebistan, eta bururatu zitzaion berarekin kontaktua egitea. Gasteiztarrak gustura asko erantzun die Arizmendiko irakasle eta gurasoen eskakizunei. Umeak ere kuriositatez gainezka eta esker oneko agertu dira. Batek daki, agian etorkizunean beste astronauta bat izango dugu espazioa arakatzen. 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE