Katurik ez dagoen etxean, saguak dantzan

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
   
[TESTUA: IMANOL GALLEGO]

“Madonna gurekin oso jatorra eta hurbila da, ez da askok irudikatzen duten diva”

Kalakan, Ipar Euskal Herriko hirukotearentzat, eskarmentu handiko taldea izan arren, azken urtea oso oparoa izan da. Aurreko udan urtebetetze festa batean Madonna ezagutu zutenetik euren ibilbide musikala zeharo aldatu da.

500.Kalakan.Madonna (id: 6335314)


Argazkiak: Susana Gartzia eta Kalakan taldearen Facebook-a / Bideoa: Diego Armando / Testua: Imanol Gallego / 2012-ko uztailak 30, asteartea

 

Formatu txikiko kontzertuak eskaintzetik 50.000 pertsonaren aurrean jotzera pasa dira. Orain mundu osoa zeharkatuko duen MDNA Tourrean parte hartzen ari dira. Zenbait mail idatzi ostean Florentzian egin dugu zita eta Milanen emandako kontzertuaren doinuak buruan zituztela Thierry Biscaryrekin hitz egiteko aukera izan dugu. Bera Kalakan taldeko musikaria den arren bozeramaile lanak egiten dihardu Madonnarekin lan egingo zutela jakin zenetik, azken urte honetan musikaz gainera hitzez ere ongi espresatzen dela ikus dezakegu.  

IMANOL GALLEGO: Kalakanek nola lortu du tradizioa eta berritasuna bateratzea?

 

THIERRY BISCARY: Egia esan ez dakit lortu dugun baina guk gure bidetik ekin diogu musika egiteari. Gitarra eta gainontzeko instrumentuak alde batera utzita eta ohituran horrenbesteko garrantzia izan duten musika instrumentuei eutsiz. Danborra, txalaparta… gehien bat perkusioa ahotsarekin bateratzen saiatu gara gure ibilbidean zehar.

 

I.G: Azken urte hauetan euskal folkloreak iraultza bat jasan du, badirudi Kepa Junkera, Oreka TX… ekin batera modernotasunaren atea zabaltzea lortu duzuela.

 

T.B: Gero eta musikari profesional gehiago ditugu eta horregatik musika gehiago sortzeko, nahasteko… aukera dugu. Internetek gainera musika berri bat sortzeko prozesua asko bizkortu du. Orain Brasilgo perkusioa era errazago batean ezagutzen duzu. Nire ustez nahasketan dago gakoa, nik adineko jendea eskuekin fandango erritmoak jotzen entzun ditut, eta horrelako gauzek egun egiten den musika asko aberasten du.

450.Kalakan.Madonna (id: 6423526)

 

I.G: Azken urte hau oso berezia izan da zuentzat. Udan Madonna ezagutu zenuten eta ordutik Kalakan eta Madonnaren artean amodio istorio bat sortu dela dirudi.

 

T.B: Ez dakit amodio istorio bat denik baina bi aldeak oso gustura gaude. Aurreko urtean egin genuen topo eta guretzat gutxienez aldaketa izugarri bat izan da. Madonna bezalako artista batekin lan egitea izugarria da.

I.G: Nola egin zenuten topo Madonnarekin?

 

T.B: Urtebetetze festa batean. Aurreko udan, Madonnak Labèque ahizpen gonbita jaso zuen eta Guéthary ingurura etorri zen. Ahizpak piano joleak dira, eta Madonnaren eta gure lagunak dira. Katia eta Mariellek antolatu zuten Madonnaren urtebetetze festa. Zerbait berezia eskaini nahi zioten, eta horregatik guregana jo zuten. Guk ahizpekin zenbait elkarlan musikal eginak ditugu eta gure lana biziki estimatzen dute. Gauzak honela Madonna eta bere familiaren aurrean jotzeko aukera eman ziguten. Aurreneko minutuetatik erraz antzematen zen Kalakanen doinuen eta Madonnaren arteko konexioa erabatekoa zela, txalaparta asko gustatu zitzaion eta berau jotzera ere ausartu zen. Lehen “zita” honetan guztiok oso gustura egon ginen eta bigarren aldi bat ere egon zen. Hor egin zigun berarekin lan egiteko gonbita.

I.G: Baiezkoa berehala esan zenioten?

 

T.B: Bai, baina ez zen baiezko borobil bat izan. Askotan planez mintzo zarenean, asmoak elkarrizketa horretan geratzen dira, eta nolabait esateko uste genuen hori gertatuko zela. Berarekin bira hau egitea ez zen gure ametsen barruan sartzen eta hilabete batzuk beranduago New York-era joateko gonbita jaso genuenean harri eta zur geratu ginen. Lehen zita horretatik aurrerako denbora oso bizkor joan da.

500.Kalakan.Madonna.Batera (id: 6516841)

 

I.G: Bertara iristean zuen ideiak emateko aukera izan zenuten?

 

T.B: Noski. Hala ere berak eta bere lantalde handiak gure arteko kolaborazioa nahiko definiturik zeukaten. Hala ere, momento oro gure laguntza edo ekarpenak jasotzeko prest zeuden. Madonnak, biziki errespetatzen ditu kultura guztiak eta horregatik zenbait alorretan laguntzeko eskatu zigun. Dantzen kontuarekin ere lagundu genion

I.G: Nolakoa da Madonna?

 

T.B: Gurekin oso jatorra eta hurbila da, ez da askok irudikatzen dute diva, kontrara oso langilea da. Nire ustez bira osoan lan egiten dugunotatik bera da lan gehien egiten duena. Honelako show bat ez da kasualitatez sortzen, hau guztia aurrera ateratzeko sormen handia edukitzeaz gain lan asko egin behar da, eta Madonnak etengabe egiten du lan. Gainera musika oso ondo ezagutzen du eta bere begirada ez da askotan erratzen, oso denbora gutxian antzematen du zerk funtzionatuko duen eta zerk ez.

 

I.G: Eta beti egotzi zaion probokatzaile paper hortaz zer deritzozue?

 

T.B: Ados gaudela. Madonna oso emakume probokatzailea da, baina ez ditu gauzak halabeharrez egiten bere keinuek beti esanahi bat dute. Jendeak uste du titi bat edo ipurdia erakustea horretan geratzen dela, baina ez da horrela. Berak kultur aniztasuna, maitasuna, askatasuna… eta bere ekintzen bitartez, era probokatzaile batean noski, horiek aldarrikatzen saiatzen da. Beti ere, errespetua galdu gabe.

450.Kalakan.Madonna.Gurutze (id: 6581332)

 

I.G: Euskal kultura errespetatzeaz gainera, zenbait hitz ere ikasi ditu eta kontzertuan estrofa bat kantatzera ere ausartu da.

 

T.B: Hala da bai. Guetharyn topo egin genuenetik gure kulturaz galdera ugari egin dizkigu. Horrez gain zenbait hitz ere ikasi ditu euskaraz eta bai, honezkero jakina denez, gurekin estrofa bat abesten du. Honelako uneetan ikusten da Madonnaren adimena, errespetua, probokazioa eta sormena bateratzeko duen maestria.

I.G: Zuen burua euskal musikaren enbaxadoretzat duzue?

 

T.B: Inola ere ez, gu musikariak gara, besterik ez. Argi dago, bira honetan gure musika eta ondorioz gure kultura modu handiago batean zabaltzeko aukera dugula baina hortik enbaxadore izatera zati handia dago.

I.G: Eta honen ostean zer?

 

T.B: Ufff... gauza asko. Gu sortzaileak gara eta bira honetan dagoen energiaz baliatu nahi dugu hurrengo diskoko zenbait abesti sortzeko. Guk orain arte egin dugun ibilbidea luzatzeko egunero lan asko egiten dugu. Egia da, hau aukera handia izan dela, baina honekin konformatzeko arriskua ere badago eta ez dugu inolaz ere hori egingo. Horrenbeste artista pilatua dagoen toki batean sormena lantzeko atmosfera ezin hobea egon ohi da.

 


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE