Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Uribealdearen kontra neurtu behar zituzten indarrak zapatu arratsaldean Mojategin, azkenean, baina, ez zen partidurik jokatu. Beste kirol batzuetan ez bezala, neurketa ez ospatzearen arrazoia ez zen eguraldia izan, Uribealdea aurkeztu ez izana baizik.
Partidua jokatzeko jokalari nahikorik ez zituztela eta, bizkaitarrek abisua pasa zioten Kanpanzar Arrasateko arduradunei, eta aurretik aipatu bezala, ez ziren agertu Mojategin. Honenbestez, partidu honetan zer gertatuko denaren erabakia Kirol Diziplinarako Batzordearen eskuetan dago. Horrelako kasuetan ohikoa den moduan, garaipena partidua jokatzera aurkeztu den taldeari emango diote, hau da, kasu honetan Kanpanzar Arrasate.
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak.
Honenbestez, arautegiak ezartzen dituen bost puntuak azkenean jasotzen baditu, Igor Isasik zuzentzen duen taldeak lidergoari eutsiko lioke bigarren faseko bosgarren jardunaldi honen ostean. Ohikoa den moduan, aste honetan bertan batzartuko de Kirol Diziplinarako Batzordea, beraz azken erabakiaren berri datozen egunetan izango dugu.
Bitartean Isasiren mutilek datorren asteko partidua prestatzeari ekingo diote, Construcciones Rivagoren kontra Santanderren jokatuko dutena. Arrasatearrek porrot bakarra jaso dute denboraldiko bigarren fase honetan, aurreneko partiduan Kantabriako Unibertsitatearen aurka, eta puntu bakarreko aldeagatik. Ea arrasatearrek bolada onari eusten dioten Kantabria aldean.