Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Adibidez Maddi Lakunza, Brian Fagan eta 'Muxi'k

Arrasateko 30 lagun baino gehiagok surfean gozatzen dute

Argazkiak: Iban Garai 'Muxi', Maddi Lakunza eta Gontzal Landa Herbias / Testua: GLH / 2019ko urriak 30, asteazkena
 
Arrasate barnealdeko herri bat den arren, 30etik gora herritarrek praktikatzen dute surfa, ondoren hiru lagunek esaterako. Eurekin izan gara zaletasun honetaz gehiago jakin guran.
 
 
550.MADDI-LAKUNZA-surflaria (id: 4875135)Maddi Lakunza Perurena: 

- Orain direla zenbat urte hasi zinen surfean?

- 8 urte nituela hasi nintzen surfean, orain direla 20 urte.
 
- Zein da surfeatzeko zure lekurik gustukoena?

- Nire lekurik gustokoena Zarautz dela esango nuke. Bertan bizi naizenez, itsasoa 5 minutura izateak izugarrizko lasaitua ematen dit.
 
- Zer-nolako maila daukazu taularen gainean?

- Txikitatik taula gainean ibiltzeak eta urteetako konstantziak maila nahiko polita izatea erraztu didatela esango nuke. 18 urtera arte konpetizio arloan ibili izan nintzen, baina oso bideragarria ikusten ez nuenez bertan behera utzi nuen. Hala ere, maila ona baino nahiago dut jariotasun edo erraztasunaren inguruan hitz egin, surfa azken finean, oso kirol subjektiboa da eta olatuak irakurtzeko adierazten dugun erraztasuna da ikusleak hautematen duena.
 
- Zer sentitzen duzu olatuaren gainean ibiltzean?
 
- Niri itsasoak lasaitasun eta babes sentsazioa ematen dit, etxean sentitzen naiz. Egia da itsasoan ez dagoela egun berdin bat, haizeak eta korronteak aldakorrak dira, baina horren aurrean itsasoarekin sortzen dugun harremana oso intuitiboa da. Esango nuke surfak, naturarekin kontaktuan egiten diren kirol gehienek bezala, askatasun sentsazioa ematen digula.
 
- Arrasateko surflari izateak zein abantaila eta desabantaila izan ditzake?

- Arrasateko surflari izateak abantaila gutxi dituela iruditzen zait. Bat esatekotan afizio berdineko pertsonekin taldeak sortzeko erraztasun handiagoa dela esango nuke, kostaldera konpainian urreratzeko. Baina esan dudan bezala, konstantzia oso garrantzitsua da eta uraren kondizioen ezengonkortasunak itsasoaz oso pendiente egotea eragiten digu. Beraz, urrun bizi izanik, surf saio onenak galtzen ditugu askotan. Nire kasuan, konpetizio arloa uztearen arrazoietako bat itsasoa eskuragarri ez izateagatik bizitako entrenatzeko zailtasunak izan ziren.
 
- Zelan ikusten duzu itsasoko kutsaduraren arazoa?
 
- Itsasoko kutsadura beti izan da arazo, oraindik gogoratzen dut Mundakako olatua desagertzear egon zeneko hura. Orokorrean gizartean kontzientzia gutxi dago uraren tratamenduaren inguruan eta badirudi pertsona askorentzat itsasoak kontenedore handi baten itxura duela. Gure eskuetan dagoena kontzientzia sortzea da, hau egin ezean, ez dakigu zein garapen izango duen kutsaduraren arazo honek, baina ez diot oso itxura onik hartzen.
 

550.Brian.Fagan.Surflaria (id: 4954315)
Brian Fagan Sagasta:
 
- Orain direla zenbat urte hasi zinen surfean?

- Orain direla 20 urte inguru. Lehenago skatean ibili nintzen eta gero snowboardean. Hala ere, hondartzan txikitatik 'txaperoa'rekin eta aletekin ibili izan naiz. Surf taula erosi nuen nik kotxea edukitzean eta bertan sartzeko tokia izatean. Ordura arte ezin, eta ordutik aurrera nire kaxa hasi nintzen. 
 
- Zein da surfeatzeko zure lekurik gustukoena?

- Itziar inguruan, flysch-aren inguruak bake handia ematen du, olatu oso onak ditu eta leku oso polita da. 
 
- Zer-nolako maila daukazu taularen gainean?

- Normala, bakoitza bere neurrian, nik adibidez ez ditut tamaina batetik gorako olatuak gustuko. Nahiago ditut gehienez bi metro arteko olatuak, lasaitasun kontu bat da.  
 
- Zer sentitzen duzu olatuaren gainean ibiltzean?
 
- Niretzat une bereziena izan zen lehen olatua eskapean hartu nuenean. Izan ere, ez da gauza bera taularen gainean zutik jartzea olatua apurtu baino lehen eta apurtu ostean. Une hori da engatxatzen duena, eta surfa oso adiktiboa da.
 
Askatasun sentsazio bat da, eta denborarekin sentsazio horretara ohitzen zara, baina beti dago hobetzeko margena: lehenengo olatua eskapean hartu, gero kurbak egitea, ondoren kurba erradikalagoak, ostean saltoak egitea, tuboa egitea,...
 
Olatua hartzea gozamen handiena da, baina prozesu osoa dut gustuko: uretara sartzea, itsasoan izatea, batez ere horrelako tokietan, hondartzetan jende gehiegi baitago, hondartzetan ez dago bakerik, estres gehiago, tontakeria asko,...
 
- Arrasateko surflari izateak zein abantaila eta desabantaila izan ditzake?

- Desabantaila da kostatik urrun bizitzea, kotxea hartu behar da, eta gutxienez ordu erdi gidatu behar duzu joanekoan eta beste ordu erdi itzulerakoan. Gainera, gasolina ordaindu beharra dago.
 
Hala ere, badu bere abantaila: hondartza ezberdinak probatzeko joera daukagu, kostan bizi diren surflariek, ordea, euren herriko hondartzara joateko joera dute. Guk, ordea, marearen arabera edo eguneko unearen arabera, hondartza bat edo beste aukeratzen dugu.
 
Surfa masifikaturik dago, eta olatuak ez dira infinituak. Horregatik batzuetan surfalarien artean tentsioa dago. Nik oso gustuko dut neguan surf egitea Itziar aldean, surflari oso gutxi gabiltza.
 
Iraila-urria da sasoirik jendetsuena, hego haizea dabil eta olatuak igotzen dira. Kirol gehienetan masifikazioa dago, enduroan esaterako. Pertsona batzuk ibiltzen dira pistak zabaltzen, zaintzen,... eta gero beste batzuk bertatik bizikletan igarotzen gara behin eta berriz, eta euren lana ezer ezean uzten dugu. 
 
Surflari batzuek uste dute euren herrian lehentasuna dutela beste surflariekiko. Guk urte asko daramatzagu Zarautzen surfeatzen, eta honezkero bertakotzat hartzen gaituzte.  
 
- Zelan ikusten duzu itsasoko kutsaduraren arazoa?
 
- Itsasoko kutsadura guk hemen sortutako kutsadura da. Adibidez, Arrasaten hegazean doazen plastikoak errekara doaz eta errekatik itsasora. Plastikoak itsasoan dabiltza, eta korronteak kostara bultzatzen dituenean, kostan zabor pila bat aurkitzen dugu.
 
Arazo hau guztioi dagokigu, mundu mailakoa da, gure 'zibilizazioa'ren ondorioa da, dena muturrera eraman dugu, kutsadura gero eta ageriagoa da. Arazo larria da.
 
Kostaldeko zati batzuetan, hondartzak ez dauden tokietan, ez dira normalean zaborrak jasotzen, eta beraz leku hauetan ikusten da arazoaren tamaina. Ez dakit arazoa konponduko dugun, ardura indibiduala da gehien bat.
 
- Zerbait gehitu edo azpimarratu nahi duzu?
 
- Surfa, lehiaketa baino, dibertsio bezala hartu beharko litzatekeela. Askotan jendea oso lehiakorra izaten da, eta olatuen artean arazoak eragiten ditu. Olatuak konpartitu behar dira eta surflariek elkar errespetatu. Nik uste hori izan zela surfaren jatorria. Konpetitu nahi dutenek hondartzara joan daitezela.  
 
 
550.IBAN-GARAI-MUXI (id: 5061469)
Iban Garai 'Muxi' 
 
- Orain direla zenbat urte hasi zinen surfean?

- Orain direla 15 urte inguru.
 
- Zein da surfeatzeko zure lekurik gustukoena?

- Deba eta Zarautz arteko kostaldea, Zumaia ingurua gehien bat.
 
- Zer-nolako maila daukazu taularen gainean?

- Erdi mailakoa. Surfean, beste kiroletan bezala, hobe da ahalik eta gazteen hastea. Nik urte askotan zehar futbolean jokatu nuen, eta beste kirol batzuk ere probatu nituen. Surfean dudan mailarekin pozik nago. Oraindik asko daukat ikasteko, eta horri esker motibatuta nabil. 
 
- Zer sentitzen duzu olatuaren gainean ibiltzean?
 
- Nik oso gogoan daukat hartu nuen lehenbiziko olatua. Itsasoak gauza asko ematen dizkit, askatasuna eta arazoetaz ahaztea esate baterako. Uretan oso gustura ibiltzen naiz.
 
- Arrasateko surflari izateak zein abantaila eta desabantaila izan ditzake?

- Desabantailak? Gasolina eta peajeak. Orain autopistatik nahiko azkar egiten dugu Arrasate eta kosta arteko bidea, baina lehen, surfean hasi ginenean, Eibarrera arte ezin genuen autopista hartu. Abantailarik, ordea, ez diot ikusten.
 
- Zelan ikusten duzu itsasoko kutsaduraren arazoa?
 
- Beharrezkoa da guk, herritarrok arazo horrekiko kontzientzia hartzea. Baina hori ez da nahikoa izango arazoa konpontzeko, badirelako potentzia mundial batzuk eta enpresa handi asko plastikoari oso lotuak. Arazoa konpondu ezean, itsasoan plastiko gehiago egongo dira arrainak baino. 
 
- Uste baino arrasatear gehiagok egiten duzu surfa ezta?
 
- Baina gu hasi ginenean Arrasatekoak lau lagun ginen, baina denboraren poderioz arrasatear gehiago animatu izan dira. Batzuek urtean zehar egiten dugu, eta beste batzuek udan soilik. Era berean, batzuek asteburuan egiten dugu, eta beste batzuek lanegunetan ere. Norberaren zaletasunaren arabera.
 
Nik nahiago dut neguan egin, udan jende gehiago ibiltzen da eta olatuak normalean txikiagoak dira. Horregatik nik normalean udan gutxiago surfeatzen dut. Irail-urrian hego haizearekin oso aproposa da, eta guk orain surfeatzen dugu martxo aldera arte jo eta su. Ekain-uztailean gutxiagotan surfeatzen dugu.
 
- Zerbait gehitu nahi duzu?
 
- Jendeari esango nioke beste kirol batzuk proba ditzala, surfean honezkero jende asko gabiltzalako. Olatuetan jada ez dago leku nahikorik [barreak] 
 
 

Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE