Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Peru Altube, Huntza taldeko bateria-jolea:

"Huntzaren bigarren lan luze hau landuagoa da, baina ez dugu horrenbesteko arrakastarik espero"

'Xilema' izeneko diska argitaratuko du Huntza-k azaroaren amaieran. Berau promozionatzeko bideoklipa argitaratu berri dute, Argentinatik itzuli eta egun gutxitara. Perurekin egon gara nobedade hauei buruz gehiago jakiteko.

 

 (id: 6033463)

 

Elkarrizketatua: Peru Altube / Elkarrizketatzailea: Hasier Larrea / Argazkiak: Huntza / 2018ko azaroak 13, asteartea

 

·         Taldea sortu zenutenetik lau urte pasa dira, nola laburtuko zenuke ordutik honako bizi esperientzia?

 

Fase ezberdinak egon dira. Lehen bi urteetan lokaleko talde bat ginen, poliki-poliki

abestiak sortzen eta ideiak garatzen joan ginenak. Formazioa sortu eta urte eta erdira plazetan erromeriak jotzen hasi ginen, uda garaian. Udazken hartan bigarren fasea hasi zen, "Ertzetatik" diskoa grabatzen hasten garen unetik bertatik. Hortik aurrerakoa ikaragarria izan da.

 

·         Ertzetatik diskak ekarriko zuen arrakasta aurreikusi al zenuten?

 

Ezta pentsatu ere. Egia da gustura geundela sortzen genbiltzan abestiekin, baina ez genuen inondik inora halako zalapartarik espero. Kausalitate askoren ondorioa izan zela uste dut, gertaera asko jazo ziren gertatu behar ziren momentu justuan.

 

·         Ondo pasatzeko batu zineten gazte talde bat izatetik, esan daiteke famatu izatera pasa zinetela, Euskal Herriko jai guztietan nahi zintuzteten...

 

Arrakasta orok fama dakar berarekin. Komeni da hemen "famatu izatea" eta "fama" bera bereiztea. Pertsona bat famatua da berak fama daukala sinesten duen momentutik. Hala ere, ezin dugu ukatu fama bat lortu dugula. Onartu behar dugu panorama musikalean, irratietan kasu, bonbo handia eman zigutela hasieratik, eta pozgarria da hori, bide asko zabaldu dizkigutelako. Baina gustatuko litzaidake hainbeste disko saltzen ez dituzten taldeei ere bonbo bera ematea komunikabideek.

 

·         Nola gestionatzen da bat-bateko aldaketa hau? Zer dauka gozotik eta zer mikatzetik?

 

Alde batetik, zure bizitza pribatua publiko egiten da zirt-zart batean. Geroz eta jende gehiagok ezagutzen zaituen unetik, zure ekintza pribatuek publikotasun izaera bat hartzen dute, nahi izan edo ez izan. Edozein toki eta momentutan jendeak ezagutu zaitzake. Poteo batean edo Udalaitzeko puntan, berdin dio. Ezerosoa gerta daiteke, baina aitortu behar dut nire kasua ez dela hainbesterako.

 

 (id: 6078792)

 

·         Peru bezala baino, Huntzako bateria jole gisa ezagutzen zaituztenean, atsegina egiten zaizu?

 

Bai, jende horrentzat erreferente bat bihurtu zarelako, eta jende hori gabe Huntza ez litzakeelako existituko. Ondoren dilema pertsonalak ere badaude, lehen esan bezala, bizitza pribatua publiko bihurtzen delako. Esan dezagun fama hartzen duen edozein pertsonak ordaindu behar duen bidesaria dela. Honi aurre egin nahiz gero, emanaldietan aurpegia estaltzea aukera ona izan daiteke, guztiz legitimoa deritzot gainera.

 

·         Zer ikusi du industriak zuengan hainbeste arreta jartzeko?

 

Huntzaren arrakasta sorpresa izan da guztiontzat. Nabardura txiki bat egin nahi dut gai honetan: industriak bultza dezake produktu bat kontsumitzera, baina jendeak ez badu eskaintzen duzuna kontsumitzeko behar hori, ez du kontsumituko. Industriak jarri du gugan arreta, bai, baina publikoaren harrera sekulakoa izan da, eta hori da hemen gakoa. Alaitz eta Maider eta Etzakit bezalako taldeek etapa bat markatu zuten, ondoren Esne Beltzak eta abar etorri ziren, eta orain gure estiloak bete-betean erakarri ditu entzuleak.  Jendeak behar zuen emakume erreferenteak oholtza gainean ikusi. Bestalde, trikitia eta erritmo kañeroak uztartzen asmatzea ere positiboa izan da.

 

·         Azken urteetan Euskal Herrian abangoardian egon diren estiloak nahastu dituzuela esan dezakegu.

 

Izan daiteke, bai. Gurea ez da Tapia eta Leturia bat, kaña gehiago dauka, gitarra elektrikoaren indarra... Gizarteak halako talde berri baten beharra zeukala ikusi da.

 

·         Ondo ezagutzen duzu euskal eszena musikala. Nolako jendea eta giroa mugitzen da bertan?

 

Mundu berri bat zabaldu zait bat-batean, jende zoragarria ezagutzeko aukera eman didana. Eszena honetan praktikotasunak agintzen du, ordu asko pasatzen baitira alde batetik bestera mugitzen, lana gogotik egiten... Baina benetan eskertuta nago pertsona guzti hauek ezagutu izanaz.

 

Giroa aipatu duzula, gure eszena underground jatorrikoa da, ez da MTV batek sortu duen kultura. Jatorri kaletar honek eragin zuzena dauka baloreetan, elkarren arteko zaintzan... ez dago eliteek bultzatzen duten lehiakortasunik. MTV aipatu dudala, egia da konpainia handiak geroz eta gehiago saiatzen direla esparru honetan eragiten, baina gaur egungo munduak sustatzen duen logikaren ondorio bezala ikusten dut.

 

·         Pasa den urteko Durangoko Azokan Aspanogirekin elkarlanean atera zenuten bi abestiko lan laburra, 'Lumak' izenekoa. Musikak behar sozialak azaleratzeko ere balio dezake.

 

Dudarik gabe. Hemen bi kontu aipatuko nituzke: batetik, musikak pertsonongan sortzen duen kitzika, mezuak zabaltzerako orduan, poza edo tristura transmititzeko orduan... Bestetik, musikak dirua sortzen du, ondorioz, merkatu guztietan gertatzen denaren antzekoa gertatzen da industria honetan. Zuk publikoari esker diru kantitate bat sortzen baduzu, zorretan zaude, eta modu batean edo bestean, jaso duzuna itzultzeko ardurapean zaude. Hau da, erantzukizun soziala daukazu, eta esan bezala, ez da musikarion kontua bakarrik. Edozein enpresa pribatuk izan beharko lukeen bezala, gizartearengan erantzukizun erreal bat daukagu, ondorioz beharrak daudenean benetako erantzunak ematea dagokigu denoi, hitz politak alde batera utzita. Huntza-k bere filosofia dauka eta gure ideiekin koherenteak izaten saiatzen gara. Aspanogirekin (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartea)elkarlana egitea da hausnarketa honen emaitzetako bat.

 

 (id: 6221435)

 

·         Beste emaitza bat izan daiteke martxoak 8an Mafalda eta Tremenda Jauriarekin batera argitaratu zenuten kanta errebindikatiboa. Zer azpimarratuko zenuke elkartruke hartaz?

 

Bizi izandakoa, noski. Martxoaren 8an Madrilen izan ginen abesti berri hau jotzen, eta sekulakoa izan zen. Lagun asko ere egin genituen bertan. Baina ederra izan zen baita ere burutapen bat egi bihurtu izana. Emakume Langilearen Egunerako kanta berezi bat sortu nahi genuen presentzia femeninodun talde esanguratsuekin, eta lortu genuen. Orain, emakume musikariengandik jaiotako iniziatiba izanik, beraiei dagokie gai honetan sakontzea. Neu bizipenekin eta "hit"-arekin gelditzen naiz.

 

·         2018an ohi baino gutxiago ikusi zaituztegu oholtza gainean, agian lan ikusezinagoak egiten ibiliko zineten...

 

Bai, 'Xilema' disko berria prestatzen ibili gara. 'Ertzetatik' diskoa egiten bi urte eman genituen, nolanahi ere, "sorkuntza express" bat izan zela esan daiteke. Abestiak zetozkigun bezala garatu genituen, buelta handiegirik eman gabe, eta ondoren estudioan sartu ginen. Bigarren lan luze hau askoz landuagoa da. Ordu dezente gehiago eskaini dizkiogu sorkuntza artistikoari kontzienteki. Melodiekin ez gara horren konformistak izan, gehiago exijitu diogu gure buruari, eta uste dut emaitzak islatuko duela hori. Gero, publikoari gehiago edo gutxiago gustatuko zaion, hori beste kontu bat da.

 

 (id: 6318594)

·         Diskoa grabatu ondoren, maletak egin eta Argentinara joan zarete, Euskal Argentinar Aste Nazionalean parte hartzeko. Zer nolako esperientzia izan da?

 

Pasada bat izan da. Mar del Platan burutu da ospakizun hau, eta bertan Euskal Herri txiki bat ikustea oso polita da. Argentinan Euskal Herrian baino ondorengo euskaldun gehiago dagoela esaten da, hau da, abizen euskaldun gehiago dagoela bertan hemen baino.  Mar del Platako Euskal Etxean jo genituen bi kontzertu. Eraikinak baserri itxura dauka eta 500 pertsona inguru kabitu ginen bertan.

 

 (id: 6400435)

 Mar del Platatik Buenos Airesera joan ginen. Bertan Pueyrredon aretoan eman genuen kontzertua: alokatutako espazio bat da, enbaxada zahar bat izandakoa. Funtzionatzeko modua gustatu zitzaigun asko: guztiz autogestionatua da, irrati libreak daude, kontzertu aretoak, egitasmo ugari... Jardunaldi feminista batzuen harira jo genuen bertan. Tatuaien kultura oso garatuta daukate bertan, tatuaiak zozketatzen zituzten, adibidez.

 

Azkenik Montevideon egon gara. Argentina baino askoz garestiagoa da Uruguai, agian Euskal Herria baino garestiagoa ere bai. Montevideon aste barruan jo genuen arren, jende ugari batu zitzaigun  orduan ere.

 

Ze itxura hartu diozue Argentinako euskal diasporari?

 

Euskara ikasle ugari hurbildu zaizkigu eta ederto jaso gaituzte. Argentinako euskal giroa folklorearekin oso lotuta dagoela esango nuke.

 

Kontatzeko moduko anekdota berezirik ba al duzu?

 

Bizipen osoa izan da anekdota handi bat. Mar del Platan bi kontzertu jarraian jotzea ikaragarria izan da, egin diguten harrera eta publikoaren erantzun bikaina kontutan hartuta. Hendaiako dantza talde batekin ere topo egin genuen bertan. Mundu osoa zeharkatu eta Hendaiako jendea ezagutzen amaitu... Kuriosoa benetan.

 

 (id: 6376854)

 

Abesti berriak jo al dituzue bertan?

 

Proiektu berriko bakarra jo dugu, Lasai-lasai single-a, fresko daukagulako. Beste kanta berriak orain hasiko gara zuzenekoetarako prestatzen.

 

·         Diskoa berria aurkezteko bideoklipa grabatu duzue Zubietako hipodromoan. Zerbait aurreratu dezakezu?

 

'Aldapan Gora'-ren formula bera erabili dugu, diskoa atera aurretik "Lasai-lasai" single-aren bideoklipa argitaratuz. Helburua diskoaren zertzelada batzuk azaleratzea izango da, publikoari intriga pizteko. Disko guztia azaroaren amaieran argitaratuko dugu, 'Xilema' izenburupean.

  (id: 6439254)

 

·         'Lasai-lasai'-k 'Aldapan Gora' hit-aren itzala gaindituko duela espero duzue?

 

Ezta pentsatu ere. Ez dugu espero eta ez dugu hori bilatzen ere. Jendeak oker pentsa dezake. Esan dezake gainbehera bat jasan dugula konparatzen jarriz gero, baina ez da konparagarria. "Aldapan gora"-rena ez da batere normala. Argitaratu genuenean, talde berria ginen, ez geneukan galtzeko ezer, honek daukan erromantizismo puntuarekin. Orain ordea disko oso bat daukagu atzetik, jendea aterako ditugun kanta berriak itxaroten dabil... Hortik hasita, ez dauka zerikusirik disko edo hit batek bestearekin. Baina gertatuz gero, ba zartateko bat jasoko dut.

 

·         Eta diskoak? Ze itxura izango du? Aurreko lanen lerro artistikoa jarraituko du, hala berritasunak egongo dira estilo aldetik?

 

Antzeko estiloak jorratzen ditugu, hau da, ez gara stonner bat egitera pasa bat-batean. Kalejirak egongo dira, erritmo arinak... Soinua da aldatuko dena batez ere, landuagoa izango delako. Baseak potentzia handiagoa dauka, ilunagoa da, oinarri handiagokoa, pertsonalagoa eta bilatuagoa.

 

·         Durangoko Azokaren ostean, kontzertuen erritmo frenetikora batuko al zarete berriz?

 

Jada ez gara ikasleak eta, Huntza-ko musikari izateaz aparte, batzuk lanean gabiltza, beraz, ez ditugu lehen bezain besteko kontzertuak joko. Nolanahi ere, lurra zapaltzea tokatuko zaigu, honek ematen digulako jaten. Gure asmoetako bat kanpora joatea da: Kataluniara, Galiziara... Euskal Herria albo batera utzi gabe, noski. 2019ko egutegia ixten gabiltza jada, kanpoko kontzertuak aldez aurretik lotu behar direlako.

 

·         Zerbait gehiago gehitu nahi?

 

Ba espero dut jendeak gustuko izango duela diskoa, eta ez bazaio gustatzen, ba ez da ezer gertatzen, guk berdin maitatuko dugu.

 

 (id: 6477315)

 

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE