Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Argazki-galeria

Kanpanzar Arrasatek atzerapausoa eman du mailari eusteko bidean

Isei Barbero / 2018ko urtarrilak 14, domeka


 

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezusteko desatsegina hartu dute domekan honetan.  Igor Isasiren mutilek azken sailkatu Baztan hartu dute Mojategin, mailari eusteko borrokan aurkari zuzena, eta oraingoan sarrailagileek ezin izan dute garaipena erdietsi.  Azken emaitza 5-18 izan da bisitarien alde eta, modu honetan, arrasatearrek atzerapausoa eman dute aurtengo denboraldiko helburua betetze aldera:  mailari eutsi.

 

Partidua hasi eta ordu laurden eskasera bizi izan da goizeko unerik bitxiena, epaileak min hartu eta norgehiagoka etenda egon baita zenbait minutuz.  Zorionez, epaileak berdegunera itzuli ahal izan du, eta partiduari berrekin diote bi taldeek.  Lehenengo zatian zehar nafarrak sutsu aritu dira, eta etxeko taldea bere zelaian sartu arazi dute.  Hala eta guztiz ere, Isasiren mutilak gai izan dira bisitarien erasoei eusteko.  Lehenengo zatia amaitzear zela, baina, epaileak Baztanen aldeko zigor kolpea adierazi du, eta hauek zutoinen artera bidaltzen ahalegindu dira.  Lehenengo saiakeran ez dute asmatu, baina aurreneko 40 minutuetako azken jokaldian beste aukera bat izan dute, eta orduantxe ez dute barkatu.  Gauzak horrela, 0-3koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek.

 

590 (id: 7068607)Beñat Salaberri baloiarekin aurrera egin nahian.

 

Bigarren zatia ez da hobeto hasi Kanpanzar Arrasaterentzat, aurreneko minutuetan Baztanek entsegua lortu eta 0-8koa igo baita markagailura.  Kolpea latza izan bada ere, arrasatearrak erreakzionatzeko gai izan dira, eta Iñigo Iparragirreren entseguaren bitartez aldea murriztu dute (5-8).  Zutoinen artera bidalitako beste zigor kolpe baten bitartez, baina, Baztanek 5-11koa egin du.  Horrekin konformatu ez, eta beste entsegu bat ere lortu dute bisitariek, oraingoan, gainera, transformazioa gauzatzerako orduan hutsik egin gabe.  Gauzak horrela, 5-18koa igo da markagailura.

 

Zoritxarrez, Isasiren mutilak ez dira gai izan nafarren entsegu eremua zulatu eta markagailua iraultzeko, eta bisitarien garaipenarekin amaitu da norgehiagoka.  Gutxik espero zuten porrota izan da honako hau, mailari eusteko borrokan atzerapausoa suposatzen duena.  Zorionez, arrasatearrak oraindik lasai egoteko moduko abantaila dute jaitsiera postuekiko, eta orain gaurkoan egindako akatsez ikasi eta Gabon aurretik izandako bolada onari berrekiteko garaia izango da. 

 

Hurrengo asteburuan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek hitzordu gogorra izango dute, auren aurretik dagoen Atletiko San Sebastiani egingo baitiote bisita.  Aieten garaipena erdiestea izango da, zalantza izpirik gabe, gaurko atsekabea ahazteko modurik onena.  Donostiakoa talde gogorra bada ere, sarrailagileek lehen itzulian erakutsi zuten Mojategin gai direla horrelako aurkariei aurre egiteko.

 

 

Harrobia

 

Ez da asteburu ona izan Arrasate Errugbi Taldeko jubenilentzat, zapatuan esku-hutsik bueltatu behar izan baitziren Gasteizetik. Bigarren faseko hirugarren jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren mutilek Gaztediri egin zioten bisita eta, zoritxarrez, ezin izan zuten punturik urratu Araba aldean. Aitzitik, etxeko taldeak garaipen argia erdietsi zuen arrasatearren aurka: 41-5.

 

Bestetik, Gaztedirekin batera taldea partekatzen duten Arrasate Errugbi Taldeko 16 urtez azpikoek B.R.T. Txingudi liderra hartu zuten Lakuan zapatuan eta, aurreikuspen guztiak hautsiz, garaipena erdietsi zuten. Arrasateko taldeak bi ordezkari izan zituen Gasteizen zapatuan, Amets eta Oihan, eta biek hala biek parte hartu zuten etxekoek lortutako garaipenean.

 

Azkenik, infantilek –honako hauek Ordiziarekin taldea partekatuz- Errioxari egin zioten bisita eta, kasu honetan, esku-hutsik bueltatu behar izan ziren etxera.  Etxekoek 33-22 nagusitu ziren bigarren faseko estreinaldiko jardunaldian eta, honenbestez, Arrasate/Ordiziak itxaron egin beharko du aurreneko puntuak poltsikoratzeko.  Hurrengo aukera pare bat aste barru izango dute,La Unicaren kontra etxean.

 

 


ASTEBURUKO PARTIDUAK


 

SENIORRAK

Kanpanzar ART 5–18 Baztan

 

JUBENILAK

Gaztedi 41–5 Kanpanzar ART

 

KADETEAK

Arrasate/Gaztedi Txingudi

 

INFANTILAK

Errioxa 33–22 Arrasate/Ordizia


Galeria de fotos
ART 5-18 BAZTAN

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE